Angel Oiarbide, Nazioen Mundua: "Elkarrekin erronka oro gainditzeko gai gara euskaldunok"

Angel Oiarbide, Nazioen Mundua: "Elkarrekin erronka oro gainditzeko gai gara euskaldunok" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/angel-oiarbide-nazioen-mundua-quotelkarrekin-erronka-oro-gainditzeko-gai-gara-euskaldunokquot/@@download/image/2012549469gazta_1360703929.jpg
2012/05/04
elkarrizketa
Testua: Maialen Goñi
Angel Oiarbide, Nazioen Mundua: "Elkarrekin erronka oro gainditzeko gai gara euskaldunok"
'Gazta zati bat – A peace of Cheese' dokumentala apirilean estreinatu zuten Donostiako Giza Eskubideen X. Zinemaldian, eta lortutako arrakasta itzela bezain aurreikusteko modukoa izan da. Idiazabal herrian hasitako ekimen txikia handi egin da bost urteko bidean, eta herritarren lana munduari erakutsi nahi diote orain.

Dokumentala Nazioen Mundua herri-ekimenetik abiatu da. "Euskal Herriko baso lehorrak su hartzeko behar duen txinparta piztu nahi dugu", azaldu du Angel Oiarbide ekimeneko kideak eta dokumentaleko protagonistetako batek. Lehen emanaldien ostean, Euskal Herri osora zabalduko dute ikus-entzunezkoa, herritarrek aspalditik eskatzen zuten eztabaida-gune izan dadin.

Zer da 'Gazta zati bat' dokumentala?

Euskal Herriko gatazkaren muinari buruzko dokumental berri bat da. Izan ere, orain arte lan asko egin dira gaiaren inguruan, baina beren artean oso antzekoak dira: aktoreentzako idatzi izan dituzte, herritarren ordezkari bailiran. Gurea, ordea, Euskal Herriko gatazkak bizi duen garai berri honetan egindako lehen dokumentala da, eta herritarrek erabakitzeko eskubidea dutela erakustea du helburu, gu geuk baitugu alderdi politikoak eta eragileak bideratzeko gaitasuna. Hortaz kontziente den herri bat geldiaraztea ezinezkoa da.

Hain zuzen, herritarrak dira protagonista.

Bai, haiek gabe hau guztia ezinezkoa litzatekeelako. Ez da bi, hiru, hamar lagunek egindako lana, herri oso bat martxan jarrita burututakoa baizik. Argi dago: erabakitzeko eskubidearen auzia euskaldun guztiok konpondu nahi dugun kontua da, baina ez dugu noranzko berean bultzatzerik lortzen. Aro berri baten hasieran gaude, garai berri horri ekiteko pieza guztiak mahai gainean baititugu; errealitatean, baina, ez da aro hori oraindik hasi.

Azaldu ezazu zehatzago, mesedez.

60ko hamarkadan diktaduraren errepresiotik irteteko hasi genuen aroaren hondarretatik bizi gara oraindik, orduan sortu baitziren ikastolak, erakunde armatua, Ez Dok Amairu, Amalur dokumentala… Euskara hil ez zedin garatutako indarra izan zen hura, eta orain ere inertzia horretatik bizi gara. Baina ez gara konturatu inertzia horrek gaina jo duela, eta ziklo berri bat hastea ezinbestekoa dela.

Eta zuek ziklo horri hasiera eman nahi diozue…

Beharbada asko esatea da, baina horixe da gure dokumentalaren helburua. Hirurogeiko hamarkadan ez bezala, orain argi dugu euskara ez dela desagertuko, eta beraz, beste egiteko bat dugu: oinarri demokratikoak finkatzea. Baina ziklo honen mezuak beste berrogeita hamar urtez iraun dezan lortu nahi badugu, herria dantzan jarri behar dugu.

Dokumentala Nazioen Mundua herri-ekimenetik jaio da, baina nola sortu zen Nazioen Mundua?

Idiazabal herrian sortu zen 2007an, herri-kirol taldeak jarritako hazitik abiatuz. Adinez, joera politikoz, eta oro har, kolore anitzez osaturiko taldea da, herri-kirola sustatzeko helburua duena. Talde bizia izan da hasieratik, eta herritarrak batzen dituzten puntuek indartzen dute.

Euskaldunok erabakitzeko eskubidea dugula aldarrikatu duzue bereziki, eta horretarako Eskozia hartu duzue eredu, ezta?

Bai. 2008an hara joan ginen herri-kirol jaialdi bat antolatzera, eta garai hartan, hain justu, 2010ean erreferendum bat egingo zutela jakinarazi zuten bertako parlamentariek, eskoziarren erabakitzeko eskubidearen inguruan.Hemen ere urteak daramatzagu halako baten zain. Baina eskoziarren eta euskaldunon artean bada alde nabarmen bat: han argi dute herritarren erabakitzeko eskubidea oinarri demokratikoa dela, eta ez dute inolaz ere zalantzan jartzen. Gure artean, ordea, oinarri hori ez dugu oraindik bermaturik, eta normala iruditzen zaigu politikariek erreferenduma egiteko aukera ukatzea.

Honenbestez, Idiazabaldik hasi zenuten proiektua, etxetik.

Bai. Euskal Herrira aldaketa politikoa zetorrela ikusten genuen, eta horren aurrekariak jaso ditugu, ez soilik gerora iritsiko diren ondorioak. Izan ere, Europa ikaragarri aldatu da azken mendean, baina kontinentearen mendebaldea izozturik egon da, aldaketa handirik gabe. Horrek, ordea, ez du esan nahi ur azpiko mugimendurik egon ez denik, eta guk mugimendu horiek jaso nahi izan ditugu. Era berean, autodeterminazioaren gaia arindu eta normalizatzea ere izan dugu xede.

Beraz, urratsak egin ahala osatu duzue dokumentala.

2008tik 2010era emandako pausuak grabatu ditugu, Eskozia-Euskadi jaialdi handia jomuga hartuta. Azken batean, Euskal Herrian beharrezkoa zen txinparta hori sortzeko ikus-entzunezko ekoizpen bat sortu nahi izan dugu, aldaketa lortzeko bidean lagungarri izango duguna.

Zuek arduratu zarete grabaketaz?

Hasieran bai. 2008an Eskoziara egin genuen bidaian Goierri Telebistako kamerak etorri ziren gurekin batera, eta Kataluniara joan ginenean, 2009an, Eguzki Bideoak taldekoak. Baina pixkanaka lanaren handitasunaz ohartu ginen, eta modu profesionalago batean egiteko erabakia hartu genuen. Orduan Jon Maia eta bere lantaldearengana jo eta gure proiektua azaldu genien; dokumentala ez da helburua, ekintzak lortzeko tresna baizik.

Gainera, filmak bi ildo dituela azpimarratu duzu.

Bai. Hasieran, eskubide unibertsal baten alde ematen genituen pausuak grabatzea zen gure asmoa. Baina, horrekin batera, Europako azken gatazka armatuaren erresoluzio fasea ere gure bidean gurutzatu da, eta beronen kontaketa egin dugu. Ez hala nahi genuelako, suertatu delako baizik!

Eta orain, emaitza ikusitakoan, pozik zaudete lortutakoarekin.

Oso gustura gaude. Bilatzen genuen baliabidea izango da, islatu nahi dugun hori oso ongi jasotzen duelako.

'Gazta zati bat' izenburua… Idiazabalgo ikurra ezin falta!

–Barrez–. Hala da, bai, baina era berean, Idiazabalgo gaztak bezalaxe, Euskal Herriak ere munduko plaza horretan bere txokoa izateko duen eskubidea irudikatzeko erabili dugu; mundua gazta bat bada, guk gure gazta zatia izateko eskubidea dugu.

Nolako harrera jaso duzue?

Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian pase bat egiteko asmoa genuen hasieran, baina sarrerak ordu erdian agortu zirela ikusirik, beste emanaldi bat egiteko eskatu ziguten antolatzaileek, eta hori ere bete egin zen. Harrera ezin hobea izan da! Herritarrek gauzak kontatzeko antsietate handia dute, eta baita kontatzen duten hori ikustekoa ere. Baina gugandik kanpo ere gauza bera gertatzen da; Euskal Herriko gorabeherak ikusteko gogoa dute nazioartean.

Zein da dokumentalaren arrakastaren gakoa?

Herritarrek auzi honekiko duten ikuspuntua azaltzen du; gutako bakoitzak du hitza, ez beste ordezkariek. Gazta zati bat lanean argi geratu da euskal herritar guztiok batuko bagina erronka guztiak gainditzeko gai izango ginatekeela. Handiekin jokatzeko garaia heldu zaigu!