Iker Lope de bergara (Kherau): "Euskal Herrian Bizpahiru musika estilo baino ez dira ustiatzen"

Iker Lope de bergara (Kherau): "Euskal Herrian Bizpahiru musika estilo baino ez dira ustiatzen" https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2015/02/10
elkarrizketa
Testua: Saioa Baleztena @saioB. Argazkiak: Gaizka Peñafiel
Iker Lope de bergara (Kherau): "Euskal Herrian Bizpahiru musika estilo baino ez dira ustiatzen"
Euskal-folk garaikidearen bitartez, musika tradizionalari atxiki ohi zaizkien aurreiritziak apurtzen ditu Kherau boskote bizkaitarrak. Bortz urteko ibilbidean bi lan kaleratu dituzte; azkenak ‘Aukhera’ du izena eta 2014ko urrian ikusi zuen argia.


Nola hasi zineten?
Ibon Ordoñezek (Bilbo, 1977) eta biok duela hamabost urte ezagutu genuen elkar, eta betidanik konposatu eta jo izan dugu, inolako helburu finkorik gabe. Baina beti izan dugu kezka bat buruan: Euskal Herriko folklorea aprobetxatu barik dagoela. Estilo honetan erreferentziazko musikariak egon diren arren, beste herriekin konparatuta, ez dugu bertako musika aintzat hartzen. Gero, Aitor Esteban Etxebarria (Erromo, 1979) eta Gaizka Andollo (Bilbo, 1983) batu zitzaizkigun eta lauron arten proiektu bat hastea erabaki genuen. Hasieran musika herrikoia jotzen genuen, eta handik gutxira guk egindako abestiak jotzera animatu ginen. Taldea bataiatzea baino ez zitzaigun falta, eta Kherau deitu genion.

Izena aipatzen duzula, Euskal Herriko ijito hizkeratik hartu duzue, oker ez banago.
Hala da, bai. Euskal ijitoen hizkeran ‘egin’ esan nahi du kherau hitzak. Euskal kulturaren eta ijito kulturaren arteko mugaren gainean dantzatzen du kherau hitzak, aurrera eta atzera, kontrabandoan legez. Irudi horretan geure burua islatuta ikusten dugu.

Taldearen errepasoa egiten ari ginen, Alex Garcia (Galdakao, 1980) noiztik dago zuekin?
Lehenengo diskoa grabatuta zegoenean iritsi zen, argitaratu baino lehen. Ederto enkajatu zuen, bai filosofiari dagokionez, eta baita musikari dagokionez ere. Azkenik, Bruno de Zabala da taldearen azken pieza, gure ezinbesteko soinu-teknikaria.

Taldekideak nola hasi zineten folkera gerturatzen? Kherau sortu aurretik bazenuten estilo honekiko interesa?
Gaizka, Iker eta Alex txikitatik dantza taldeen eta kalejiren munduan murgilduta egon dira, eta Aitor eta Ibon beste estilo batzuetatik pasa dira musika herrikoira iritsi baino lehen.

Musika tradizionala eguneratuta interpretatzen duzue kantetan. Nondik edaten du zuen musikak?

Tresna tradizionalak erabiltzen ditugu, baina ez dugu musika tradizionala bakarrik entzuten. Egia esan, apur bat denetarik entzuten dugu eta musika estilo guztietara irekita gaude. Bortxatu gabe, berez sortzen zaigun emaria da.

Euskaldun berriak zarete eta bizkaieraz sortzen dituzue hitzak. Aldez aurretik hartutako erabakia da edo naturaltasunez egiten duzue?
Euskaldun berriak izanik ere, gure artean bizkaierak batuak bezainbesteko presentzia dauka. Testuak  nork idazten dituen igartzen da, eta Aitorren kasuan, bizkaieraz bizitzeaz gain, bertsotan egiten duenean ere bizkaieraz egiten duenez, testuak sortzerakoan ere naturalago mugitzen da hor. Edozelan ere, askotan, landu nahi den gaiaren kokapen historikoak ere markatzen digu zein hautatu. Esan dezagun bizkaierari kutsu etnografiko-historiko moduko bat topatzen diogula, eta batuari ostera, zantzu urbano-garaikideak. Hala ere, gure ustez, arestiko horiek erraz apurtu daitezkeen klixeak baino ez dira.

Euskal Herriko folkloreaz aparte Kataluniakoan ere interes berezia duzue. Zergatik?
Kataluniari omenaldi txikitxo bat egin genion gure lehenengo diskoan, El Rossinyol (Erresiñola) kanta herrikoia euskaratu genuenenean, eta bertara joan garen bakoitzean jendeak beso zabalik hartu izan gaitu.

Musika estilo guztiek al dute zailtasun bera?
Kultura txikia da gurea, eta ondorioz merkatua ere txikia da. Baina egia da horretaz gain, bizpahiru musika estilo ustiatzen direla bakarrik Euskal Herrian, eta beste guztia ahazten da, egongo ez balitz legez. Horregatik gure erabakia nahiko naturala izan da: proiektu propio bat garatzeko soldata ziurtatu behar genuen, musikaz haratagotik datozen beste iturri batzuetatik. 

Azken 2014an kaleratu zenuten. Zertan desberdindu zen aurrekotik?
Bigarren diskoan kanta indartsuagoak aurkitu daitezke lehenengoan baino, taldearen nortasuna bi diskoetan plazaratzen den arren. Bigarren lanean urrats bat gehiago eman nahi izan dugu, sentimenduak eta bizipenak islatuz.

Orain kontzertu biran murgilduta zaudete, zerk bereizgarritzen ditu zuen zuzenekoak?
Koloretsuak eta indar handiko kontzertuak egiten ditugu, eta musika herrikoiari atxiki ohi zaizkien aurreiritziak apurtzea gustuko dugu. Hitz gutxitan, Kherau lehenengoz ikusten duenak, euskal zuztarreko taldea topatuko du, iraganeko doinuak freskotasunez zaharberritzen dituena, rock edo pop estiloak nahasita. Zalantzan dagoena, datorrela!

Amaitzeko, etorkizunari begira, zein dira Kherauren erronka nagusiak?
Daramagun martxari eusten badiogu ez da marka makala gero! Erronka nagusia bete dugu: proiektu egonkorra izatea! Bost musikari gara oholtza gainean, eta bost lagun bertatik jaisterakoan. Taldearen mamia mantendu nahi dugu: herrikoiak, asanblearioak, eta gure lan eta bizitza pertsonalekin bateragarria izatea. Baina uste dut gure lekua topatzen ari garela herrigintzan; eta hortik jarraitu nahiko genuke: euskarazko akorde zahar-berriak plazarik plaza eramaten eta gure estilotik, memoria historikoa, euskaltasunaren aldarrikapena eta gizarte-gaiak abestietara ekartzen jendearekin konpartitzeko.