Irune Gurtubai: "Nazioartean erakunde publikoetatik aparte, jendeak zinemagintzan inbertitzen du"

Irune Gurtubai: "Nazioartean erakunde publikoetatik aparte, jendeak zinemagintzan inbertitzen du" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/irune-gurtubai-nazioartean-erakunde-publikoetatik-aparte-jendeak-zinemagintzan-inbertitzen-du/@@download/image/img_6016_1426247346.jpg
2015/03/13
elkarrizketa
Testua: Leire Palacios @AnnieSdelMono
Irune Gurtubai: "Nazioartean erakunde publikoetatik aparte, jendeak zinemagintzan inbertitzen du"
'Pikadero' da Irune Gurtubai ekoizlearen eta Ben Sharrock zuzendariaren lehen pelikula. Euskal Herrian eta euskaraz grabatzen ari diren istorioaren protagonistak Ane eta Gorka dira; gure pantailetan aski ezagunak diren Barbara Goenagak eta Joseba Usabiaga gorpuztuko dituzten pertsonaiak.


Irune, betidanik izan duzu argi zineman lan egin nahi zenuela?
Irune Gurtubai: Hasieratik jakin nuen zineman aritu nahi nuela. Ikus-Entzunezko lizentziatura ikasi nuen, baina Euskal Herrian egonda, ez nekien oso ondo nola heldu pelikula bat egitera. Beraz, karrera bukatu eta kanpora joatea erabaki nuen. Edinburgora joan nintzen zinema master bat egitera, eta han, zalantzarik gabe, nahi nuen horrekin topo egin nuen. Hori bazen zinema nola egin irakasten zuen eskola.

Zer eman dizu Edinburgon ikasteak?

I.G.: Oso eskola ona da. Zortzi bat ginen klasean, beraz, taldeak txikiak ziren. Irakaslearekin harremana oso estua da eta beti daude laguntzeko prest. Ez da teoria askorik lantzen, dena da oso praktikoa, eta hainbat film labur egitea eskatzen zaio ikasleari. Beraz, hasiera-hasieratik trebatzeko aukera izan nuen. Minutu bateko piezak egiten hasi ginen, ondoren bi minutukoak, gero laukoak, hamarrekoak... eta kurtso amaierarako hamabost minutu baino gehiagokoak ziren proiektuak egiteko prest ginen. Edinburgon ezagutu nuen Ben (Sharrock) eta elkarrekin lan egiteko primeran konpontzen ginela konturatu ginen. Azken batean, eginez ikasten da.

Behin Edinburgon ikasketak amaitu zenituela, ez zinen Euskal Herrira itzuli. Zein izan zen hurrengo pausoa?
I.G.: Nire asmoa Edinburgon geratzea zen, bertan Euskal Herrian baino lan aukera gehiago dagoelako. Baina Abu Dhabira joan ginen Ben eta biok. Benek ikasketak amaitu eta zuzendari bezala aritzeko eskaintza izan zuen bertatik. Bertan lan egiteko aukera aztertu genuen, eta, egia esan, jarraian topatu nuen publizitate kanpaina potenteetan lan egiten zuen ekoiztetxe batean lana. Beraz, biok joan ginen lanak ematen duen lasaitasunarekin; bertan ez dago lana topatzeko arazorik, diru asko daukate. Bertan urtebetez izan ginen.

Eta Abu Dhabitik berriz ere Edinburgora.
I.G.: Bai, aukera izan genuelako MFA (Master of Fine Arts) bat egiteko. Hemengo doktoretza bat egitea bezalakoa da, baina soilik alor praktikoa jorratuta. Hortaz, hori ikasi ahal izateko beharrezkoa da master bat izatea. Bidali genuen eskatu ziguten dokumentazio guztia, elkarrizketa pertsonalak egin genituen eta Ben eta biok aukeratu gintuzten parte hartzeko.

Zertan datza ikasketa programa hori?

I.G.: Diru laguntza bat ematen dizute, azken batean, doktoretza egiten denean ematen dutena bezalakoa, eta zuk hemezortzi hilabetez proiektu batean lan egiten duzu. Bukaeran pelikula bat entregatu behar duzu.

Hori izan al zen egunotan prestatzen ari zareten 'Pikadero' filmaren hazia?

I.G: Berez momentu hartan egin nahi genuen Pikadero, baina aurretik hainbat gauza gertatu ziren. Saharan oinarritutako proiektu bat ere esku artean geneukan, eta hori izan zen hasiera batean aurkeztu genuena. Horretan buru belarri lanean aritu ondoren, eskola aseguruak bertan babesik ematen ez zigula jakinarazi ziguten. Eta horregatik ezin genuela bertan lan akademikoa gauzatu. Pena handiarekin utzi genuen, izan ere, lokalizazioak bagenituen, abendu aldean Tindufen familia batekin hamar egunez bizitzen izan ginen, ekipoa lotuta geneukan eta proiektua onartu ondoren, bat-batean ekainean ezetza eman ziguten. Penatuta utzi behar izan genuen, baina ez dugu guztiz baztertu. Beraz, hortxe heldu genion Pikadero proiektuari.

Nola jaio zen 'Pikadero'?
I.G.: Benek idatzi zuen gidoia. Eta proiektua aurkezteko, pelikula izango denaren eszena bat egokitu genuen. Biribilagoa izateko hasiera eta amaiera bat eman genion. Hori grabatu eta film labur formatuan entregatu genuen. Eta, noski, aprobetxatu genuen teaserra egiteko.

'Pikadero' pelikulak, beraz, film laburretik luzerako bidaia egingo du. Nola animatu zarete saltoa ematera?

I.G.: Egin behar da, beste barik. Kar, kar, kar! Orain ez bada, noiz? Benek zuzendaria izan nahi du, nik ekoizlea. Argi daukagu biok, eta arriskua hartzeko prest gaude. Zugatik egin behar duzu apustu, eta ez baduzu lortzen, behintzat saiakera eginda dago. Gogoa eta ilusioa dauzkagu biok; probatu dugu ikus-entzunezkoetan besteentzako lan egitea zer den, eta ondo baloratu ondoren, konturatu gara orain ez badugu egiten, agian sekula ez dugula egingo.

Nola lan egiten duzue elkarrekin?


I.G.: Ben da gidoigilea; berak ditu ideiak eta idazten hasten da. Idazten doan heinean egindakoa erakusten dit, eta nik zer iruditzen zaidan esaten diot.
Ben Sharrock: Irune proiektuaren garapenaz arduratzen da. Idatzitakoa erakusten diodanean eta irakurtzen duenean, zer iruditzen zaion esaten dit; zer aldatu, nola moldatu. Konfiantza handia daukat beragan, ondo baitaki zer den gauzak ondo egitea. Gainera, oso ondo ulertzen du nire estiloa, buruan zer daukadan. Orrian jartzen duena irakurri eta nik buruan ikusten dudana ikusteko gai da bera ere.

Behin pelikula egiteko erabakia hartuta, nola lortu duzue proiektua aurrera ateratzea?

I.G.: Euskal Herrian ez dut uste ohitura handia dagoenik, baina kanpoan ohikoa da diru laguntza pribatuak ematearena. Nazioartean, Eskozian esate baterako, erakunde publikoetatik aparte, jendeak zinemagintzan inbertitzen du. Noski, dirua daukanak. Guk horrela lortu dugu pelikula egin ahal izateko dirua.

Inbertsio pribatuak erabakiak mugatzen al ditu?
I.G.: Ez, inondik inora. Errazagoa egiten du gainera. Normalean inbertsioa pribatua denean, eurek ikusten dute proiektua eta gustatzen bazaie dirua jartzen dute eta konfiantza daukate. Agian gu zortekoak izan gara! Kar, kar, kar. Saharako proiekturako izan genuen ekipotxoa sortuta, eta hori mantendu dugu. Horregatik kanpotik datoz argazki zuzendaria (Nick Cooke) eta bere laguntzaile pare bat.

'Pikadero' filmaren gidoia Ben Sharrockek ingelesez idatzi zuen, baina pelikula euskaraz izango da.

B.S.: Bai, Euskal Herrian gertatzen den istorioa denez, euskaraz izan behar du. Iruneren ama hizkuntza da, eta bere familia eta lagunekin gaudenean hori da entzuten dudan hizkuntza bakarra. Beraz, hori da film honentzat naturalena. Era berean, uste dut euskara dela pelikularen estiloarekin bat egiten duen hizkuntza. Ohikoa ez den estilo berezia dauka filmak, eta euskara ere oso hizkuntza berezia da.

Oso film berezia dela diozunean, zertaz ari zara? Zerbait aurreratzerik dago?

B.S.: Uste dut, estiloagatik esan daitekela batez ere berezia dela. Eta istorioa kontatzeko moduagatik ere, aukeratu duguna ez baita modurik ohikoena; egitura narratibo berezia jarraitzen du, estetika jakina dauka… Azken batean, ikusten dudan zinema motak inspiratzen nau.

Ben, argi al zeneukan zinema zuzendaria izan nahi zenuela Edinburgoko master hartan murgildu zinenean?
B.S.: Bai, oso argi neukan. Hala ere, masterra hasi aurretik Arabiar ikasketetan eta politikan lizentziatu nintzen, eta ondoren murgildu nintzen zinema ikasketetan.

Ez dauka, ordea, batak bestearekin zerikusirik!
B.S.: Kar, kar, kar. Badakit, baina antzerki aktoreen familiatik nator eta eszenatokietan hazi naiz. Beraz, familiak eta lagunek, oro har, inguratu nauten pertsonek, beti izan dute sorkuntza artistikoarekin lotura. Txikia nintzenean aktore izan nahi nuen. Baina hemezortzi urte bete nituenean, aktore ikasketak egiteko momentuan, munduan zehar bidaiatzea otu zitzaidan eta ondoren arabiar ikasketak egitea erabaki nuen. Karreran Ekialde Hurbileko zinemagintzan espezializatu nintzen, eta, horren inguruan idatzi nuen tesiaren disertazioa. Uste dut orduan erabaki nuela pelikulak egin nahi nituela.

Istorioaren gaineko ezer kontatzen ez didazuenez, saiatuko naiz berriz ere… 'Pikaderok' ez dauka zerikusirik Ekialde Hurbileko kontuekin, ezta?
B.S.: Kar, kar, kar! Ez, ez!
I.G.: Inondik inora, kar, kar kar!
B.S.: Hala ere, Ekialde Hurbileko kontuak biltzen dituzten hainbat istorio ditut buruan. Dena den, Irune ezagutu eta Euskal Herrian denbora ematen dudanetik, interes handia pizten dit Euskal Herriak eta hemen egin eta hemen ikusteko zerbait sortu nahi nuen.

Istorioaz ez, baina pelikularen gainean zerbait aurreratu diguzue sare sozialetan. Badakigu Barbara Goenaga eta Joseba Usabiaga pertsonaia nagusiak direla.


I.G.: Bai, Barbara Ane da, eta Joseba, Gorka. Gorkaren laguna da Iñaki, eta Lander Otaolak gorpuztuko du. Itziar Lazkano eta Peio Arnaez izango dira Gorkaren gurasoak eta Zorion Egileor izango da aitite.

Argi zeneukaten 'Pikadero' egiteko zein aktore nahi zenituzten?


I.G.: Bai. Istorio bat irakurtzen duzuean, nik uste beti etortzen zaizula jendea burura. Benek idatzitakoa irakurri nuenean, esan nion: "Ikusi, erakutsiko dizkizut bi pertsona, ez dakit zer irudituko zaizkizun, baina niretzat Ane eta Gorka hauek dira". Barbara Goenaga eta Joseba Usabiaga ziren. Zortekoak izan gara biek baietz esan zigutelako.
B.S.: Kar, kar, kar! Orokorrean proiektu honetan zortekoak gara, denek baietz esan digutelako!