Izibene Oñederra: “"Plazeraren eta artearen arteko lotura landu behar da”"

Izibene Oñederra: “"Plazeraren eta artearen arteko lotura landu behar da”" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/izibene-onederra-quotplazeraren-eta-artearen--arteko-lotura-landu-behar-daquot/@@download/image/2011146825izebe_1361869592.jpg
2011/01/07
elkarrizketa
Testua: Igone Fernandez Argazkiak: Lander Garro
Izibene Oñederra: “"Plazeraren eta artearen  arteko lotura landu behar da”"
Arte Ederretan lizentziaduna, pinturarantz eta animaziozko zinemagintzarantz bideratu ditu pausuak Izibene Oñederrak. Marrazkera berezia du, oso berea; agian horregatik behin baino gehiagotan laudatua eta saritua. 

Donostiako Artelekuko lehenengo solairuko 1i gelan du bere espazioa Izibenek. Mota eta tamaina guztietako pintzelak, arkatzak, zirriborroak, orri solteak, tinta potetxoak eta arbela ditu gelakide mutu. Sormena arnas daiteke, 20 bat metro karratuko txoko horretan jaio baitira Azkoitiko gaztearen lanetako asko. Ondoren elkarrizketan zehar behin eta berriz aipatuko zituen zalantzak eta ezegonkortasuna antzeman nizkion neuk ere lehenengo aldiz hitz egin eta gurean agertzeko proposamena egin nionean: "Baina, zer daukat, ba, nik kontatzeko?" Animazioa, gazteak artera erakarri beharra eta emakume izatea atera ditugu, besteak beste, Izibenek Artelekuko 1i gelan duen mahai horren gainera.  

Marrazkilaria, animaziozko zinemagilea… nor eta zer zara, Izibene? Aurkeztuiguzu zure burua.

Nor eta zer. Joee… –barrez–. Ba, bai, animazioa egiten dut, marrazkiak egiten ditut… artista dei daitekeen zerbaiten antzera ikusten dut neure burua. Azkoitiarra naiz, 30 pasatxo ditut… eta, ez dakit. Uste dut artean gabiltzanok beti goazela aurrera amateur gisa eta beti izaten dugula ezegonkortasun puntu bat. Ez daukat niretzat definizio zehatzik eta gainera interesgarria iruditzen zait aldatzea, lan proposamen bakoitzaren aurrean zer edo zer diferentea egitea. Dena dela, guztiaren funtsa marrazkia eta figura izan da beti. Marrazkiak animazioa egiteko balio du, honek zinera zaramatza… esparru ezberdinetan nabil, bakar batean ere gehiegi sakondu gabe, ukitzen, nahasten.

'Hezur beltzak' (2007) animaziozko film laburra izan zen zure lehenengo lan garrantzitsua, saritua. Zergatik animazioa?

Ez zen izan animazio eskola batetik jaiotako proiektu akademikoa. Nik ez nuen animazioa ikasi, Arte Ederrak egin nuen. Garai batean Europan izan nintzen Erasmus beka bati esker, Hagako etxe okupa batean. Espazio handia nuen niretzat eta telebista zahar baten gainean egiten nituen marrazkiak. Han denbora pila bat neukan, inoiz baino biziago nengoen, gustura, baina bazeuden hainbat gauza barruan gertatzen ari zitzaizkidanak eta ezin nituenak adierazi inguruan nuen komunitateak ez zidalako ulertzen. Hizkuntzaren bitartez, behintzat, ezin nuen izan hemen naizena. Marrazteak bai ematen zidan horretarako aukera. Hezur beltzak barruko zurrunbilo horren ondorioa da. Gerora, Begoña Vicariok animatu ninduen, bera alboan zegoela, marrazki horiekin aurrera egitera.

Sexua ageriko elementua da labur horretan, baina askoz gehiago dago atzean.

Nik, egia esateko, ez nion garrantzirik eman sexuari. Guztiok dugu alde bat ezeroso sentiarazten gaituena, lotsatu-edo egiten gaituena… alde horren adierazpena da hau, eta Hezur beltzak izena ere hortik doa. Iruditu zitzaidan adierazpen horrek funtzionatu egiten zuela irudi lardaskeria horrekin, eta horregatik egin nuen horrela. Baina mezua bera ez da sexua.

Animazioan, azken emaitza nahiko pieza laburra izan arren, lana izugarria izaten da.

Segundo bat osatzeko 24 marrazki behar dituzu, hori da araua. Badaude tranpak ere: pertsonaia baten begiak ireki eta ixteko marrazki berberak erabil ditzakezu, adibidez. Lan handia da eta, niri behintzat, ikaragarri antzematen zait noiz ari naizen gustura eta noiz nagoen aspertuta. Kantariek bezala, nik ere batzuetan sentitzen dut lortzen dudala komunikatzea eta beste batzuetan, aldiz, ez naizela horretara heltzen.

Zer bilatzen duzu sortzen duzunean?

Azkenean, sortzen duguna hartzailearentzat egiten dugu neurri batean; hartzailea gu geu bagara ere. Marrazkien indarrean sinesten baduzu, jakingo duzu zerk funtzionatzen duen eta zerk ez. Ez duzu marrazki batekin aurrera egingo, besterik gabe, marraztearen plazeragatik; funtzionatzen duelako baizik. Oso garrantzitsua da lan hauei atseden hartzen uztea, denbora batean lanetik aldentzea, horrela lortzen duzulako hartzailearen paperean sartzea eta lehen kolpean ikustea transmititu nahi den emozioa hor dagoen ala ez.

Eta, zu, zerk jartzen zaitu martxan, sortzen…?

Asko marrazten dut irratia piztua dudala, horrela badaukadalako puntu bat marrazten ari naizen horretatik aldentzen nauena, nahiz eta arreta ez eskaini. Inspirazioa… ez dakit ba ote dagoen. Egia da batzuetan gauzek uste baino errazago funtzionatzen dutela, baina zure kabalak ere egin behar dituzu, marrazkia oso gauza hauskorra delako: oso azkar egin dezakezu, baina gehiegi gehituz gero, oso azkar izorratu ere bai.

Tesian murgilduta zabiltza, antiheroiaren figurarekin jira eta buelta.

Kasualitatezko zerbait izan da, tesina ere honen inguruan egin nuen eta… konturatu gabe sartu naiz honetan. Iruditzen zait nire marrazkien funtsa antiheroia dela; modu zabalean eta matizatuan ulertuta. Figuraren alde iluna bilatzen nabil etengabe, eta figuraren irudikapenean ere alde ilun bat bilatzen. Inkontzientean beti izan dut behar bat pertsona edo figura beste modu batera irudikatzeko; eta beste modu batera teorizatzeko ere bai.

'Hezur beltzak' –www.izibene.com– izena jarri diozu, baita ere, laster martxan izango duzun webguneari. Zer aurkituko dugu bertan?

Orain gezur bat asmatu beharko nuke bi segundotan, ondo geratzeko… –barrez–. Oso aukera ona zen webgune bat sortzea, bestela, nire izena ez dagoelako inon. Tresna bat izango da. Denbora dudanean, dauzkadan gauza guztiak sailkatuko ditut eta modu bat aurkituko dut hori dena, erraz, jasotzeko. Eta idatzi. Uste dut hori dela gehien kostatzen zaidana, idaztea: nor naizen eta zer egiten dudan.

Feministaldia egin dute, hemen, Artelekun. Ze iritzi duzu tankera honetako ekimenen kontura? Nik, tarteka, zalantza izaten dut. Nire buruari galdetzen diot diskriminazio positiboaren izenean ez ote garen emakumeok gure sorkuntza gehiegi bereizten ari beste guztitik, eta, ondorioz, ez ote garen ari arbuiatzen dugun genero diferentzia hori azpimarratzen. Zer diozu?

Parte hartu izan dut horrelakoetan. Orain dela hiru urte, adibidez, Hezur beltzak proiektua Feministaldiaren baitan aurkeztu nuen. Oso babestuta sentitu nuen nire burua, baina egia da, baita ere, sentsazio arraroak izan nituela. Agian arrazoi izango duzu zalantza horiekin, ez dakit, oso gai delikatua da.

Inoiz izan al duzu artearen mundu honetan oztoporik edo trabarik emakume izateagatik?

Erantzuna ezezkoa litzateke. Baina zaila da. Nik badakit mundutik nire zera guztiekin nabilela; emakume izatearekin ere bai. Horregatik, egia da momentu jakin batzuetan nire buruarengan konfiantza eta ziurtasun handiagoa edukitzea falta izan zaidala. Seguru nago, gizonezkoa banintz, gauzak egiteko eta aurkezteko garaian zalantza gutxiago edukiko nukeela. Hala ere, beste batzuetan pentsatu izan dut hau nire berezko erritmoa dela, eta errespetatu behar dudala, naizen bezalakoa izanik nire burua maitatu. Nire ziurtasun faltak gauzei bi buelta ematera narama, eta bi buelta horiek oso aberatsak dira, azken emaitzan nabari dira. Produkzio hutsa, ordea, bada maskulinitateari loturiko ezaugarri bat; baina nik ez daukat beharrik urtero-urtero zer edo zer produzitzeko. Marraztea nire bizitzari estuki lotuta doan zerbait da.

Bizitza aldatzen zaizun heinean aldatzen da.

Bai. Alice Munro idazle kanadarrak dio gizon batek, gela batetik irteten denean, ez duela gela berarekin eramaten; baina emakumeok bai, gela hori eramango dugula gure barruan, gure buruan… Iruditzen zait ni ere gelekin nabilela, nire proiektuak nirekin datozela, ez dakit bizitza eta profesioa bereizten. Horregatik, nire proiektuak ez dira produkziora bideratuak. Uste dut emakume izatearekin bat datorren zerbait dela hau guztia.

Eta, gazte izateagatik izan al duzu mugarik?

Ez naiz oso gaztea… –barrez–. Ez dut uste adina balio erantsia denik artearen munduan. Esango nuke gure garaiko artista estandarra gaztea dela, gizonezkoa eta gauza berriak egiten ari dena; oso gauza bitxi eta bikainak. Kapitalismoaren estandarra, alegia. Ez da jakituria pilatu duen norbait. Tendentziek agintzen dute: gauza berriak, berrikuntza.

Bestela, zer moduz funtzionatzen du Artelekuk sortzaileentzako espazio gisa?

Lehenengo solairuan nago ni, lasai-lasai, eta bileren zurrunbilotik urruti xamar. Niri, behintzat, Artelekuk jende ezberdina ezagutzeko aukera eman dit. Esate baterako, Mapa izeneko kolektibo bat sortu zen hemengo animazio-tailer berezi batetik. Batzuk animaziotik eta marrazkigintzatik gentozen, beste batzuk zinema esperimentaletik, beste batzuk zinema tradizionalagotik… hori bai da haizea! Aberasgarria da kezkak konpartitzea eta ikastea. Gainera, gure bizitza nahiko prekarioa bada, besteen bizitzak ere, sariak-eta jaso arren, halakoak direla ikusteak balio du egunero hona lanera etortzen jarraitzeko.

Erakusketaren bat aurkezten denean eta abar, kaleko jendeak erantzuten al du?

Ez dakit zer esan. Adibidez, martxoan Lleidako Animac festibaleko pieza batzuk –gehienetan pelikulak– ekartzen direnean jendea hurbiltzen da…

Ez zaitut oso konbentzituta ikusten.

Ez. Zentro hau, ni sartu naizenetik behintzat, nola dagoen… hori beste norbaitekin hitz egin beharko zenuke.

Txillida-Lekuk ateak itxi ditu behin behinean. Ez

omen dute aurrekonturik. Zer duzu esateko?
Egia esan, gaiak ez dit inolako interesik sortzen ez dakidalako nola funtzionatzen duen Txillida-Lekuk. Dena dela, Donostiak Kulturaren Hiria izan nahi badu, nola da posible horrelako leku bat ezin mantentzea? Nahiko sintomatikoa da.

Orain gutxi, gure kolaboratzaile batek –Fertxu Izquierdok– honako hau zioen iritzi artikulu batean: "Museoetan taberna jarriko balute, gazte gehiago hurbilduko lirateke". Zer diozu?

Irudi bat etorri zait burura. Kontzertu ireki bat, Azpeitiko plazan, karpa batean, taberna albo batean. Anari ikusten dut aurrean eta inguruan jendea hizketan, ondokoari eguna nola joan zaion kontatzen: "Gaur goizean…". Ze behar duzu orain, hemen, kantatzen ari zaigula, zure bizitza kontatzeko! Eskuan trago bat duzulako? Hau kontzertu bat da, kontzertua entzuteko unea da! Amorragarria iruditzen zait. Museotan lepo gozatzen dut erakusketa ona bada. Baina museoak isiltasuna behar du. Ez dakizula nola gozatzen den? Agian zortzi aldiz joan beharko duzu ikasi arte… baina ez behartuta. Obligazio bihurtzen den momentutik, ez da gozagarria izango. Egia da estrategia berriak bilatu behar direla artea egunerokotasunean sartzeko, baina ez dut uste taberna jartzea denik konponbidea.

Nahikoa ahalegin eta inbertsio egiten al da zentzu horretan? Gazteak artera erakartzeko, esan nahi dut.

Ba ez. Baina txiki-txikitatik landu daitekeen zerbait da. Eskulangintzak zergatik izan behar du 'maria' ikasgaia? Zergatik ez dugu erabiltzen geure burua hobeto ezagutzeko? Zergatik ez zaio garrantzirik aitortzen sentsibilitatea garatzeari? Artea eta sentsibilitatea modu askotan landu daitezke, eta ez du zertan aspergarria izan behar. Plazeraren eta artearen arteko lotura da landu behar dena; irakasleek eta gurasoek badute hor zer egin. Niri amak txiki-txikitatik gorde izan dizkit marrazki guztiak. Ikusten ditudanean, une hartan pentsatzen ari nintzena gogoratzen dut.  

[Gipuzkoan ikus-entzunezkoen esparrua irauli behar zuen azpiegitura gisa aurkeztu zuten Tabakalera orain hiru urte, nahiz eta ideia 2004tik zetorren. Arazo ekonomikoak eta dimisioak tarteko, proiektua ez atzera ez aurrera egon da, harik eta komisio berriak beste data bat finkatu duen arte: lanak aurten hasiko dira, 2015ean bukatzeko. Artelekurekin fusionatuko ote den zurrumurrua ere hor zehar dabil].

Zure esku balego, nolakoa izan beharko luke Tabakalerak, zertara bideratuko zenuke?

Horrek ezin du artista baten esku egon. Hor buru argi bat eta estrategia bat behar da pieza guztiak eta behar guztiak lotzeko. 2016an izango da Kulturaren Hiriaren kontu hori, ezta? Orduan seguru 2016rako prest edukiko dutela  kristoren eraikina! Ez naiz pertsona egokia horri erantzuteko, askoz ere maila umilagoan nago. Nik neure lana egiten dut ahal dudan hoberen, 'funtzionatzen du / ez du funtzionatzen' horretan nabil; pauso txikiak ematen, gelditzen zaidan bide luzearen aurretik. Artelekura iritsi naizenetik, hainbeste mugimendu ikusi dut ezer ez mugitzeko…  niri oraina interesatzen zait, zer pasako da gaurtik hasita 2015era arte? Hau nahiko hilda dagoela iruditzen zait eta momentuz ez daukat itxaropen handirik. Egiten dutena egiten dutela, ganorazko zerbait izan beharko luke, eta ez kontu politiko bat.

Pil-pilean dagoen beste gai bat kale-arteari dagokiona da. Badakizu irailean ustez
Banskyrenak ziren bi graffitti agertu zirela Donostian. Susmoa dut ez ote zituzten hemengo kale-artistek egin eztabaida lehen planora ekartzeko eta Udala estutzeko. Ze iritzi duzu zuk?
Iruditzen zait ez dagoela leku jakinik edo finkorik artea egiteko, oso gauza malgua eta bat-batekoa delako. Beste irudi bat etorri zait burura: Donostiako Zinemaldian, aretora sartzeko zain, eta aurrean, Udalak jarritako metalezko paneletan jendea graffitiak egiten. Udalak esandako tokian eta momentuan. Hori ez da kaleko artea! Hori da, hain justu, kaleko artea ez dena! Eta ez naiz ari kaleko artea klandestinitatearekin eta zibiko ez izatearekin lotzen. Graffiti haiek ez zuten bizitzarik, egiten ari zirenek ez zituztelako sentitzen eta sinesten. Hemen gertatzen dena da ohituta gaudela pintada bat egiten dugun bakoitzeko edo kartel bat jartzen dugun bakoitzeko nola kentzen diguten ikustera. Garbitasuna mantentzeagatik gauza asko ukatzen dizkigute eta potentzialtasun handia galtzen da hor. Ez dakit trenetan marrazteak legala izan beharko lukeen ala ez, baina, joe, baten batek beharra badu hori egiteko… egin dezala!

Bukatzeko, zertan zabiltza orain eta ze erronka duzu begi aurrean?

Aspalditik nabil bigarren gai bati, bigarren istorio bati bueltak ematen. Eta, asko kosta zait, egia esan, tonua aurkitzea, pertsonaiak aurkitzea. Hasi dut, eta itxi beharko dut, baina lehenago ere esan dizut egiten dudana nire bizitzarekin bat doala… Bestela, tesiarekin jarraitzen dut. Eta gauza txiki gehiago ere baditut hortik, denbora asko lapurtuko didatenak.

Izibeneren kuttunak



Elkarrizketatu guztiekin egiten dugun modura, Izibeneri ere eskatu dizkiogu kuttunak. Kasu honetan, liburu bat, abesti bat, film bat, kolore bat eta miresten duen pertsona bat aipatzeko eskatu diogu. Hitzez baino hobeto adieraziko duelakoan, irudi batekin erantzun digu.