Mundua olatu gainean

Mundua olatu gainean https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2015/11/16
erreportajea
Mundua olatu gainean
Hemezortzi urte dira kayak surfean Euskal Selekzioa dugula. Bi urtetik behin lehiatzen den Munduko Txapelketaren azken bortz edizioetatik lautan izan dira txapeldun. Etxean bertan ere hainbat txapelketa antolatzen dituzte, Donostiako Zurriola Cup kasu.


Piraguarekin olatuetan maniobrak egitean datza kayak surfa. Surflariak taulan zutik doazen legez, kayak surflariek itsasora egokitutako piragua erabiltzen dute. Ontzia, oro har, ibaian ibiltzen duten berdina da, baina olatuak hartzeko egokitzapen batzuk ditu: surf taulak bezala gila du, eta ertzak bereziak ditu olatuari heldu eta abiadura hartu ahal izateko.

Euskal Herrian, kirol honen lehen hazia 1997an erein zuten Luis Anando eta Txema Carreto piraguista bizkaitarrek, ibaiko piragua hartu eta itsasoan olatuak hartzen hasi zirenean. Ordurako bazuten kirol honen berri, eta mundu zabalean jendea zertan ari zen deskubritzeko gogoz, urte horretan bertan Eskozian, Thruson, lehiatzen zen Munduko Txapelketan parte hartzera animatu ziren. Bertan, olatuak hartzeaz gain, informazioa biltzeko lanetan aritu ziren, eta lan hari esker azken urteetan munduko erreferentzia bilakatu den Euskal Herriko Kayak Surf Selekzioak lehen urratsak emateari ekin zion.

Euskal Herrian gero eta zale gehiago dituen kirola da, eta bertako kayak surflariek hiru txapelketa nagusi lehiatzen dituzte: Euskal Herriko txapelketa, Iberiar Kopa eta Munduko Txapelketa. Denboraldi arrunta udaberrian hasten dute, eta guztira, lau edo bortz proba izaten dituzte. Proba horietako emaitzen arabera euskal rankinga osatzen da, eta kayak surflaririk onenek bi urtetik behin lehiatzen den Munduko Txapelketarako pasea lortzen dute.


Txapelketak bakarka jokatzen dira, baina talde edo selekzioen sailkapenak ere egiten dira, horietako kideek lortutako emaitzak batuta. Bi kategoria daude: piragua laburrekoa edo HP (High Performance) eta piragua luzekoa edo IC (International Classic). 15 eta 20 minutuko txandak dituzten kanporaketak lehiatzen dira lehendabizi, horietan lau palistak parte hartzen dute, eta bi hoberenak sailkatzen dira. Partaideek txanda bakoitzean hamar olatu bitarte hartu ditzakete, eta bi olaturik onenetan lortutako puntuazioa hartzen da kontutan. Olatuaren neurri eta luzeraren, palistaren estiloaren eta olatuaren unerik zailenean egindako maniobren arabera banatzen dira puntuak, batetik hamarrera.
 Zurriola CupEuskal Herrian lehiatzen diren txapelketen artean azkena urrian egin berri den Donostiako Zurriola Cup txapelketa izan da. Urtetik urtera hazten ari den txapelketa da, bai parte-hartzaile kopuruan, iaz 38 lagunek parte hartu zuten eta aurten 66 izan dira, baina baita estatusean ere. Julen Arrizabalaga Euskal Selekzioko kide eta Zurriola Cupeko antolatzailearen hitzetan, "txapelketa hau inguruko erreferente bilakatzea eta urtetik urtera kalitatea eta parte-hartzea handitzea" dituzte helburu.Helburu horiek erdiesteko bidean, aurtengo edizioa berezia izan da. Euskal zirkuituko hirugarren eta azkenaurreko froga izateaz gain, Gipuzkoako Txapelketako eta Iberiar Kopako bigarren froga ere izan da, eta, ondorioz, Euskal Herriko kayak surflariez gain, lehen aldiz, Espainia, Frantzia eta Portugalekoek ere parte hartu dute.

"Gaur egun, 50 bat federatu ditugu Euskal Herrian, eta urtetik urtera gero eta lagun gehiago ari dira gure selekzioan inplikatzen", dio Arrizabalagak. Selekzioa osatzen duten taldeak, espero zitekeen bezala, Bizkaian eta Gipuzkoan daude. Bizkaian Barrikako, Mundakako, Baikoko Itxasondo eta Lekeitioko Dzanga taldeak daude, eta Gipuzkoan Zarauzko Hondar Kayak eta Donostiako Real Club Náutico, Club Atlético eta Real Club de Tenis.



Urtetik urtera gero eta gehiago dira Euskal Herrian kayak surfera gerturatzen ari diren kirolariak, eta joera hori indartzen joateko asmoa dute Euskal Selekziotik. Horretarako, Julen Arrizabalagaren ustez, "gaztetxoak entrenatzen dituzten klub gehiago sortzea eta euskal zirkuituko proben garapena sustatzea" lirateke lehentasunak.

Alde horretatik, gauzak ondo egiten ari da Euskal Selekzioa, eta horren erakusgarri da azken Munduko Txapelketetan neska zein mutil, gazte zein heldu, txapelarekin bueltatu direla, eta esan bezala, selekzioa bera ere kirol honetan jaun eta jabe izan da. Txapeldun beteranoetakoa den Edu Etxeberriarekin izan gara. 



Edu Etxeberria Munduko kayak surf txapelduna



"Mundu mailan kayak surfaren erreferentziazko taldea gara"

Hamar urte zituenean hasi zen Edu Etxeberria (1973, Donostia) Kontxako hondartzan piraguarekin olatuetan jolasten. 2005ean parte hartu zuen lehen aldiz Costa Rican egin zen Munduko Txapelketan, eta azken bost edizioetatik lautan munduko onena izan da HP kategorian.

Azken urteetan Euskal Herriko Kayak Surf Selekzioak ez du aurkaririk.
Hala da, 2007, 2011, 2013 eta 2015ean txapeldunak izan gara; 2009a izan zen salbuespena, ordukoa Ingalaterrak irabazi zuen. Sariak irabaztea polita da, baina horren atzean dagoen lan izugarria hartu behar da kontutan: entrenamenduak, antolakuntza eta bilerak.

Euskal Herrian ere antolatu zenuten Munduko txapelketa bat.
Bai, 2007an Mundakan antolatu zuten Mundakako eta Bakioko Itxasondo taldeek. Hitzordu ikusgarria izan zen, parte-hartze handia izan zen eta palistek sekulako maila erakutsi zuten.

Zuretzat zen izan dira urteotako erronkarik garrantzitsuenak?
2007ko Mundu Txapelketa izan zen erronkarik handiena. 2005ean, lehiatu nintzen lehen aldian, mundu guztiko palisten maila baloratzeko aukera izan nuen. Zein maila zegoen ezagututa, Euskal Herriko hainbat esparru eta modalitatetan ari zen jendea biltzea erabaki genuen, 2007ko txapelketan talde lehiakorra aurkeztu ahal izateko.

Lortu zenuten talde lehaikorra izatea, txapeldunak izan baitzineten. Nola gogoratzen duzu?
Gainontzeko selekzio guztien harridurarako irabazi genuen. Baina zailena ez zen irabaztea izan, aurrerantzean maila berdina mantentzea baizik. Oinarrizko lana eta iraunkortasuna lehenetsi genituen, eta 2009ko Munduko Txapelketan irabazi ez arren, indarra hartu genuen hurrengoetarako. Era berean, azpimarratu nahiko nuke RC Náutico eta gainontzeko kluben lana, mundu mailako kayak surflaririk onenen sehaska izan baitira, eta Euskal Herriko Piraguismo Federazioarekin ere sekulako elkarlana egiten dute.

Selekzio gisa garaile izan zarete azken urteotan, baina bakarkako txapelketetan ere emaitza bikainak izan dituzue, baita zuk zeuk ere.
Egia esan emaitza onak izan ditut azken urteetan, eta pertsonalki izan dudan erronkarik handiena maila hori mantentzea izan da.

Amaitzeko, nola baloratzen duzu gaur egun Kayak Sufak Euskal Herrian bizi duen egoera?
Momentu oso onean gaude. Emaitzak gure alde daude, eta mundu mailan kayak surfaren erreferentziazko taldea bilakatu gara, ez soilik emaitzei dagokienez, baita antolakuntzari eta garapenari dagokionez ere. Gero eta jende gehiago ari da kayak surfera gerturatzen, giro onean ondo pasatzeko aukera aurkitzen baitute.