“AURRERA EGIN BADUGU: JAIZKIBELEN LAGUNEKIN SOLASEAN” DOKUMENTALAREN TRAILERRA IKUSGAI

Jaizkibel Konpainiak testuinguru bezala Alardearen afera hartuz, Euskal Herriko zenbait emakume esanguratsu omendu nahi izan ditu "Aurrera egin badugu: Jaizkibelen lagunekin solasean" dokumentalean. Martxoaren 5ean estreinatuko da eta gaurtik trailerra ikusgai dago.

Julen Hernandez kazetariak zuzendutako elkarrizketaz osatutako dokumental honetan Jaizkibel Konpainiako egungo kapitaina den Oihana Etxebarrietak, Jaime Altuna konpainiako kideak, Itziar Ituño aktoreak, Kattalin Miner kazetari eta idazleak, Arantxa Urretabizkaia idazleak eta Garbiñe Biurrun epaileak parte hartu dute. Martxoaren 5ean estreinatuko da ekimen interesgarri hau. 

Dokumental hau Jaizkibel Konpainiak bi helbururekin atera du aurrera. Batetik, konpainiak gizartean parean dituen emakumeen ibilbidea omentzeko, eta bestetik dokumentalean azaltzen diren elkarrizketetatik zerbait ikasi ahal izateko, ondoren ikasitakoa, Hondarribiako aferan aplikatzeko.

Hori dela eta, Jaizkibel Konpainiak euren alboan egon diren emakumeak elkartu nahi izan ditu irailak 8 bakoitzean gertatzen den gatazka hau oinarri hartuz berdintasunaren inguruko gogoeta sakona bultzatzeko. Benetan interesgarria eta ezin beharrezkoagoa.

Martxoaren 5ean estreinatuko dute Hondarribiko Itsas Etxea aretoan arratsaldeko 19:00etan. Ondoren Irunen, Donostian, Gasteizen, Bilbon eta Madrilen ere ikusi ahal izango da. Martxoaren erdialdera dokumentala online jarriko duten edonoren eskura. 

Dokumental hau aitzakia harturik GAZTEZULOk Jaizkibel konpainiari omendu nahi izan du martxoko aldizkariko protagonista bihurtuz. Hori horrela, Hondarribiako konpainiako kapitainak izango dira datorren hilabeteko azala eta Oihana Etxebarrieta eta Ixabel Alkain kapitainen arteko elkarrizketa sakona irakurtzeko aukera egongo da. Horretaz gain, dokumental honen inguruko xehetasun gehiago ezagutu ahal izango dira, bertan azaltzen diren protagonistekin hitz egiteko aukera izan baitugu. Martxoaren 5ean, dokumentalarekin batera, aldizkaria ere kalean!