Ariguneak: Entitateak ere Euskaraldiarekin
Euskaraldiak bere hedapena zabaldu nahi du bigarren edizio honetan eta horretarako "Ariguneak" sortu dira. Bigarren edizio honek 15 egun iraungo ditu, azaroaren 20tik abenduaren 4ra eta bi pertsonen arteko elkarrizketa batetik haragoko helburuak bete nahi ditu.
Euskaraldiaren lehen edizioan 225.000 pertsonek parte hartu ondoren, bigarren honetan gure hizkuntza erabileraren inertziak aldatu nahi dituzte antolatzaileek. Horregatik, bigarren edizio honek iraupen luzeagoa izango du, 15 egun, baina beste modu batera ere hazi nahi du. Honela espazio eta harreman gehiagotan esku hartu nahi du. Helburu hau betetzeko euskara bultzatu eta babesten duten edozein entitateri deia luzatu diete antolatzaileek eta hauei Ariguneak izena eman diete.
Gune hauetan bertan dauden hizkuntza ohiturak aldatzea da xedea, beti ere ahobizi eta belarriprest rolak oinarri hartuta. Hiritarrak izango dira ariketa honen erdigunea, baina entitateei parte-hartze gehiago exijituz. Honela, hiritar ugariren bularretan berriz ere txapak ikusi ahal izango dira, euskarekin duten atxikimendua eta ezagutza maila erakutsiz.
Ariguneak
Aurrez aurreko elkarrizketak izan ziren lehen edizioko Euskaraldiaren oinarri nagusia. Bigarren edizio honetarako espazio gehiago irekiko dira euskaldun aktibo eta pasiboak elkarrekin euskaratik aritu daitezen. Horretarako, aipatutako Ariguneak jaio dira. Leku hauetan euskaraz dakitenak eta ulertzen dutenak euskaraz komunikatuko dira, eta horretara bultzatuak izango dira entitateen babesarekin.
Bigarren edizio honetako beste erronketako bat euskaraz komunikatu ahal izatea da merkataritza guneetan eta beste zenbait zerbitzuetan. Horretarako, hauen arduradunei neurria hartzeko eskatu diete antolatzaileek.
Ahoz ahoko komunikaziotik harago
Bestalde, Euskaraldiak 2020k komunikazio digitalean ere eragin nahi du (Whatsapp, Telegram, Skype), gure egunerokotasunean komunikatzeko modu hau erabat txertatua baitago. Ahobizi eta belarriprest rolak mundu digitalera igarotzeko, modu batera edo bestera, modu horietan identifikatzeko proposatzen luzatu zaie erabiltzaileei.
Oraindik Euskaraldia hasteko hilabete batzuk falta dira ordea, baina hiritarrok jada aukera dugu ahobizi edo belarriprest moduan euskaraz bizitzen hasteko, beraz, batu zaitez euskarara!