Ba al dakizu zer den zuhaitz-formako pentsamendua?

Zure garunak ideia batetik bestera salto egiten al du?

Garuneko pentsamenduak era askean mugitzen dira sarri gure barnean eta batzuetan gainezka ere egiten digute. Burmuin guztiek ez dute modu berean funtzionatzen eta pentsamendu motak ere ezberdinak izaten dira. Batzuok pentsamendu lineala izan ohi dugu, eta A eta B puntuen arteko bide zuzena egiten dugu. Beste batzuok, berriz, hainbat konexio sortzen ditugu aldi berean, hainbat ideia eta konponbide bururatzen zaizkigu. Modu grafikoagoan azaltze aldera, zuhaitz baten parekoa izango litzateke, hainbat adarrekin eta adar bakoitzetik sortzen diren beste hainbat adaxka. Honi zuhaitz-formako pentsamendua, sare-pentsamendua edota pentsamendu dibergentea deitzen zaio.

Pentsamendu-adar sorta zabala izatea nekagarria ere izan daiteke, baina burmuin aktibo eta sortzailearen seinale da aldi berean. Ideiak edo informazio asko azkar prozesatzeko gaitasuna dute halako pentsamendua duten pertsonek, eta besteok, hasiera batean, lotuko ez genituzkeen adar ezberdinetako ideiak lotu ditzakete. Arazoei aurre egiteko ikuspegi zabalagoa izan dezakete gainera. Adimen handiko pertsonengan ohikoa izaten da joera hau, eta baita Arreta Defizitaren Nahasmendua dutenen artean ere. 

Zer zailtasun izan ditzake zuhaitz-formako pentsamendua izateak? Bada, etengabeko ideiak izateak nekea eta barne-kaosa sor ditzake. Bestetik, zeregin bat amaitzea ere gehiago kostatzen da, hainbeste pentsamendu izateak arreta desbideratzen duelako. Horretaz gain, ingurukoek bizipen hori ez izateak, bakardade sentimendua eragin dezake edo ulertua ez sentitzea.

Dena den, bere indarguneak ere baditu. Sormen-iturri amaigabea izan liteke, eta arazoei aurre egiteko hainbat konponbide izan ditzakete, batzuetan inguruko  beste inori bururatuko ez litzaiozkiokeenak.

Zer egin hobeto moldatzeko?
Ideiak ordenatzea eta eginbeharrak idatziz antolatzea lagungarria izan daiteke, eta baita sormenerako momentuak hartzea ere, ideia horiek askatze aldera. Arreta zerbaitetan zentratzeko jarduerak ere egin litezke, esaterako puzzleak egin, irakurri edo yoga edo mindfulness praktikatu. Atsedena hartzea ere komenigarria da. Ingurukoekin, antzeko bizipenak dituztenekin edo psikologoekin hitz egitea ere mesedegarria izan liteke.