BAKARDADEAREN PANDEMIA
Horri, gainera, berrogeialdiak eta distantzia soziala mantendu beharra gehitzen badizkiogu, lehendik askorentzat handia zen bakardadea erraldoi bihurtu da. Alabaina askotan testuinguruak ez du gehiegi axola, barkadadea oso sentimendu subjektiboa baita eta guztioi eragiten digu. Hasiera batean pentsa genezake batez ere adineko pertsonek pairatzen dutela sentimendu hau, asko bakarrik bizi baitira, osasun arazoengatik mugitzeko gaitasun gutxirekin eta horrek euren harremantzeko aukerak murrizten baititu, isolamendu sozialera kondenatuz. Datuek beste zerbait diote ordea: beren seme-alaba edo ilobekin bizi diren 65 urtetik gorako pertsonen %70 (ere) bakarrik sentitzen dira. Beraz, bakarrik bizi = bakarrik sentitu ekuazioa ez da beti zehatza. Pertsonez inguratutako bakardade sentimendua are eta doilorragoa izan liteke.
Bakardade kronikoa
Bilatu gabeko bakardadeak ordea, ankerra izateaz gain, ondorio fisikoak ere baditu. Burutatuko proba biologikoek frogatu dute bakardadeak kortisol mailak igotzen dituela -estresaren hormona-, odolaren zirkulazioaren erresistentzia ere hazi egiten duela eta immunitatea murriztu. Gainera etenik gabeko gaixotasuna da, eta lo gauden bitartean ere eragiten digu, esnatze laburren maiztasuna igoz. Hori dela eta, bakarrik sentitzen diren petsonak izugarri nekatuak sentitu ohi dira.
Izan ere, garunak inguru soziala etsaigarritzak jotzen badu, segurua ez den leku bat bezala, etengabe ernai mantentzen da. Bakarrik sentitzen den garun baten erantzunak momentuko biziraupena bermatzera bideratuko dira. Alabaina, garaiko gizartean, epe luzera, jarrera horrek osasunarentzat ondorio kaltegarriak ditu. Motorrak etengabe martxan ditugunean, gorputza akituta uzten dugu, birusekiko gure babesa murriztu egiten da eta beste gaixotasun kroniko askorentzat ere ateak irekia uzten ditugu.
Berriki burutu den azterketa batek –70 ikerketatik gora konbinatu dituena, guztira 3 milioitik gora partaiderekin– frogatzen du hilkortasun aukerak %26 igotzen dituela bakardadeak, gutxi gora behera gizentasun muturrekoaren antzera. Herrialde industrialetan jakinik lau pertsonetatik batek bakardadea pairatzen duela, kezkatzeko kontua da zinez.
Hain da horrela, frogatu dela harreman sozialak hobetzeko hartutako neurri bakoitzak presio arteriala hobetzen duela, estresaren hormonak orekatu, lo kalitatea eta funtzio kognitiboak hobetu, eta oro har ongizate sentsazioa igorri.
Maiz bakarrik sentitzen diren pertsonak ez dira kontziente gertatzen zaizkien gauzez: ez dakite adibidez, gehiegizko zaintza zorrozten zaiela, mehatxu sozialen bila etengabe, eta euren bulkadak kontrolatzeko gaitasuna murrizten zaiela.
Zoritxarrez, askorentzat bakardadeaz zintzotasunez hitz egitea zaila suertatzen da, gaizki ulertzen den gaitza baita eta estigmatizatua dago. Alta, osasunean dituen ondorio kaltegarriengatik eta bere maiztasunagatik osasun publikoan gaixotasun bezala onartua egotea ezinbestekoa dela aldarrikatzen dute adituek. Eskoletan eta osasun sisteman arreta gehiago eskaini behar litzaioke eta medikuntza fakultateetan eta adinekoen egoitzetan bertako profesionalek bakardade kronikoa zer den ikasi eta identifikatzen jakin behar lukete.
Teknologia berriak, aukera berriak?
Sare sozialek ireki al ditzakete besteekin konektatzeko aukera berriak? Ematen zaien erabileraren arabera tresna egokiak izan daitezke horretarako, baina baita bakardadean gehiago hondoratzeko ere, beraz tentuz erabili behar dira. Elkarrekintza sozialak aberasteko sare sozialak erabiltzen direnean bakardadea murriztu lezakete bai, baina benetako giza harremanen ordezko bezala erabiltzen direnean aurkako efektua sortzen dute. Irudikatu ezazu auto bat: Norbaitek bere lagunekin une atsegin bat bizitzeko gidatzen badu, ez da horren bakarrik sentituko, baina autoaren barrutik, urrutitik besteak agurtzeko bakarrik gidatzen badu, besteak ondo pasatzen ari direla behatuz, ziurrenik bere bakardadea murriztu beharrean hazi egingo da. Zoritxarrez, inoiz baino gehiago, sare sozialak babes leku bezala erabiltzeko joera dago, ziur sentitzen baitira asko modu horretara harremanduz. Alta, mundu digitalean zaila da besteak konfiantzazkoak diren ala ez jakitea, sortzen den harremana gainazalekoa baita. Gainera, Internet bidezko konexio batek ezin du inondik inora aurrez-aurreko epeltasuna ordezkatu.
Horretaz jabeturik, Estatu Batuetan 2009. urtean Rent a Friend zerbitzua sortu zen. Bertan herrialde ezberdinetako 600.000 “alokairuko lagun” daude. Erabiltzaileek orduko 10-15 dolar inguru ordaintzen dituzte eta protokolo bat jarraitu behar dute: leku publiko batean gelditzea “lagunarekin”, mugikorra ez erabiltzea, ezagun bati non egongo diren aipatzea eta noiz itzuliko diren abisatzea, beste gauza askoren artean.
Erakunde bitxi honen sortzailea, Scott Rosebaum, aplikazio japoniar batean inspiratu zen. Bertan pertsonek ezezagun bati ordaintzen diote hileta batera edo dibortzio baten ostean senitartekoen afari batera lagun diezaioten. Alta, Estatu Batuetan lagunarteko Tinder baten moduan funtzionatzen du. Erabiltzaileek hautagai ezberdinekin hitz egiten dute, eta norbaitekin bat etortzen direnean bere zerbitzuak kontratatzen dituzte. Hori bai, harreman fisikoa debekatuta dago.
Erakunde eta aplikazio hauek deigarriak iruditzen bazaizkigu ere zifrek arrazoia ematen diote, eta ez da harritzekoa zerbitzu berezi hauen sorrera Japonian egotea. Berau da munduko herrialderik zaharrena, non biztanleriaren %30 65 urtetik gora dituen. Gobernuak ezagutzera eman dituen datuen arabera delituen %25 60 urtetik gorako pertsonek burutu ohi dituzte eta atxilotutako adinekoen %75 aitortzen dute ez dutela familiarekin harremanik edo ez dutela inor laguntzeko. Horregatik, beraientzat kartzelara joatea salbazio moduko bat da.
Psikologo eta mediku japoniarrek gai honi erreferentzia egiteko bakardadearen epidemia kontzeptua erabiltzen dute. Arazo honek ekonomian ere eragina du, gizarteari sekulako diru xahuketa eragiten baitio. Bakardadea estuki lotuta dago depresioa, antsietatea, lo ezina, beldurra eta segurtasun ezaren sentsazioarekin, eta horiek lehen aipatutako sintoma fisikoetan behatzeraino iristen dira. Bakarrik sentitzeak heriotza goiztiarrerako aukerak gehitu ditzake, egunero 15 zigarro erretzearen kalte berdina eraginez.
Ingalaterran 9 milioi pertsona baino gehiago bakarrik sentitzen dira eta 200.000 pertsonek aitortzen dute inorekin ez hitz egin izana urte osoan. Datu hauei buelta emateko helburuz Theresa May lehen ministro ohiak Bakardadearen Ministerio moduko bat sortu zuen.
Mundua harrituta geratu zen Theresa May-k, kultura ministerioaren barruan, bakardadearen ministerioa sortu zuenean. Txantxak berehalakoak izan ziren, baina benetan da bakardadea Erresuma Batuko arazorik potoloenetako bat. 9 milioi pertsona baino gehiago beti edo askotan bakarrik sentitzen dira Britainia Handian.
Espainiar Estatuari dagokionez, pertsona bakarrez osatutako 4,7 milioi bizileku daude eta 65 urtetik gorako 1,5 milioi emakume bakarrik bizi dira. Beraiek dira bakardadea gehien pairatzen dutenak. Frantziako Estatuan berriz, bost milioi pertsonek apenas dute harremanik besteekin. Beraz, argi dago arazoa mundu mailakoa dela.
Paradoxikoki, gizarte digital eta horizontalago batez etengabe dihardugu hizketan. Sare sozialek konpainia egiten digutela sinetsi nahi dugu. Egungo gazteak ordea, elkarrekin egonda ere, bakoitza bere mugikorrarekin dago benetan. Distantzia soziala ez da metrotan neurtzen. Honela, badirudi teknologia ez dela gai bakardadearen pandemia geratzeko, eta murriztu beharrean areagotu egin duela. Geroz eta pertsona gehiago bizi dira bakarrik eta suizidio tasek gora egiten dute urtez urte. Gizarte hiperkonektatu honek, inposatutako zoriontasunaren formula zurrunarekin, bakardadea zabaltzen du. Aitortu beharra dago, gauza batzuk erraztu ere egin dizkigula teknologiak, eta ez zaizkie dituzten onurak ukatu behar, baina bakardadearen aurkako borrokan irtenbidea baino arazo bilakatu dira.
Zer egin honen aurrean? Gure hirietan ekoauzoak sortu behar direla diote adituek, bertako guztiek elkar aurkitzeko aukera izan dezaten. Kaleetan bizitza sortu beharra dago, multikulturala eta belaunaldi ezberdinetakoa. Gure hiriak sozialagoak bihurtu behar ditugu, bakardade sentsazioa uxatzeko.
Zer ari da gertatzen?
Indibidualismoa lehenesten den gizarte batean bizi gara ordea. Emozioen adierazpen publikoa asko erreprimitzen da. Horien adibide muturrekoak dira Japonia eta Estatu Batuak. Gizarte neoliberalen albo-kalteetako bat da. Hirietan biztanleek ez dituzte euren bizilagunak ere ezagutzen. Izan ere egun osoa lanean pasatzen dute hiritarrek eta etxera iristean ez dago bizilagunarekin hitz egiteko gogorik ere. Solidaritatea luxu oso garestia bilakatzen da helburu bakarra egoera guztietatik etekin ekonomikoak ateratzea denean. Lagunen arteko kontaktua ahuldu egiten da, baita konpromiso emozionala ere.
Harremantzeko modu berria
Alta, isolamenduak ez du zertan negatiboa izan. Autonomia edukitzea eta sare pertsonal bati lotuta ez egotea positiboa izan daiteke. Diskurtso alarmistak ez bezala, badago korronte bat dioena bakarrik sentitzea ez dela isolatuta bizitzearen sinonimo. Askotan bikoterik gabe daudenak bizitza sozial aktiboa izan ohi dute: jatetxeetara gehiago joaten dira, gimnasiora, ekitaldi publikoetara, boluntario lanetara eta osasun mental hobea eduki lezakete.
Argi dago, honek ez duela esan nahi osasun arazo bihurtu ezin daitekeenik bakardadea, baina beharbada hau aro digitalak dakarren harremantzeko modu berrien hasiera besterik ez da. Izan ere, ikusten ari gara gazte askori ez zaiola interesatzen ezkontzea eta umeak edukitzea. Oraindik ez dakigu ordea aldaketa hauek onerako ala txarrerako izango ote diren.
Argi dagoena da, teknologia bezala bakardadea ere garai modernoekin sortu zela. Aitzinean ez zegoen bakardaderik, komunitatean bizi ziren guztiak. Ez zegoen banaketarik indibiduoa eta kolektiboaren artean. Ez al doa ordea bakardade sentimendua giza izateari lotuta? Bakardadeak esanahia ematen dio gure existentziari. Izan ere, bakarrik egotearen sentimendua gure buruez kontziente izaten hasi ginenetik konpartitu dugun gauzarik behinena da.
Alabaina, bakardadea ez da gai pertsonal bat, guztioi eragiten digu. Bakarrik sentitzen direnak, modu negatiboan bederen, baldintza psikosozialengatik sentitzen dira: krisi ekonomikoa, maitatutako norbaiten galera, laneko arazoa… eta egun baita bizi digun koronabirusaren pandemia ere. Hauek guztiak bakardade sentimendua areagotu dezakete eta inor ez dago libre sentsazio honetatik.
Arrazismoak, segregazioak, besteenganako kritikak… dilemak sortzen dituzte gizakiongan “zer naiz?” galderari erantzun nahirik. Zenbait kezka sortzen dira eta hauek bakardadea eta depresioa sor ditzakete, despertsonalizazioa muturreraino eramaten bada. Momentu horretan bakardadea arazo bilakatzen da, ez baita modu positiboan hautematen, norbera munduan kokatzeko moduan eragina baitu. Honela sortzen da hiltzen duen bakardade hori, kontaktuei atea ixten diena, isiltasun mingarri bilakatuz. Beraz, hastapeneko arazoa ez dira sare sozialak, gizartea egituratua dagoen modua bera da.
Isolamenduak lotura gehiago du aukera sozialak ukatuak izatearekin. Egia da ordea, bakardadea estigmatizatua izan dela hiperkonexio birtualaren garaian, beharbada horregatik pairatzen dugu horrenbeste. Bestearen begiradak baldintzatzen gaitu, bakardadea horretatik askatzeko bide bat izan liteke, beldurrak ordea ez digu hau ikusten uzten. Baina nola ikasi berriz ere bakarrik egoten gizartearekin konektatu ahal izateko?
Beharbada bakardadeaz modu abstraktuan hitz egin ordez, sentitzen ditugun bakardadeez hitz egin behar genuke, pertsona kopuru adina bakardade egon baitaiteke. Horregatik, lehendabizi norbere buruarekin, bakardadean, erlazionatzen ikastea ezinbestekoa, ondoren besteekin konektatu ahal izateko eta harreman sendoak eraiki ahal izateko.