‘Irudi mintzatuen hiztegi poetikoa’
Desagertzear dauden hainbat euskal esapide iruditan harrapatzeko proiektutik
abiatuta, sarean egongo den hiztegi interaktibo bat osatzera jauzi egin du Las chicas del Pasaik bikoteak. Hiztegi horretako lau sarrera berri aurkeztu dituzte.
hiztegi
iz. 1. Ordena jakin baten (gehienetan alfabetikoaren) arabera sailkaturiko hitz-multzoa, ondoan bere definizioa edota beste hizkuntza batean duen ordaina azaltzen dena.
Liburukote pisutsu hori? Hura? Eta sailkaturiko hitz-multzoa? Googlen hitza idatzi, intro sakatu eta definizioa pantailan bueltatzen dizun web orrian ez da halakorik. XXI. mendean, ‘hiztegi’ kontzeptuak hainbat adiera izan ditzake, eta ikus-entzunezkoz inguratuta bizi garen honetan, ezohiko proposamena dakarte Maider Fernándezek (Donostia, 1988) eta Maria Elorzak (Donostia, 1988): Irudi Mintzatuen Hiztegi Poetikoa.
"Hitzak eta ahotsa material filmiko gisa erabiltzea gustatzen zaigu, eta, aldi berean, irudiak hitz eta esapide askoren baitan daude. Hitzek eta irudiek jatorri bera dute, pentsamenduaren oinarri eta fruitu baitira. Hortik lan honetan biak berriz elkartzeko nahia", dio bikoteak. Hala, hitzak edo esapideak, definizioak, ahotsak eta irudiak uztartzen dituen hiztegia proposatzen digute.
Irudi Mintzatuen Hiztegi Poetikoa proiektua 2014an garatu zuten Las chicas del Pasaik bikotea osatzen duten neskek, bi urte lehenago Aitor Gametxorekin (Lekeitio, 1989) batera Benito Ansola bekari esker errodatu zuten izenburu bereko film laburretik abiatuta. Lan horretan, galtzeko arriskuan dauden euskarazko bost esapide filmatu zituzten: "Hotza bazkatu" (Lesaka), "Saran astia" (Sara), "Hazitarako geratu" (Zaldibia), "Zohardi tipil" (Maule-Lextarre) eta "Dzanga egin" (Lekeitio).
Euskararen inguruko ohiko bideo didaktikoetatik aldendu nahi zuten, ikus-entzunezkoak bereak dituen ezaugarriak aprobetxatuta. "Mundu arruntaren poesia jasotzeko ahalmena, euskalki ezberdinen musikaltasuna erretratatzeko gaitasuna edota euskarak bertako paisaien edertasunarekin duen harremana islatzeko aukera probestu nahi genituen", diote neskek. Hala, esapide bakoitza definitzeko ahozko azalpena eta azalpen horrek iradokitako irudiak uztartuta osatu zuten filma.
Aitor Gametxok bestelako proiektuei ekin dien bitartean, Maider eta Maria esamolde gehiago filmatzeko gogoz geratu ziren. Ondorioz, proiektuaren bigarren fasean buru-belarri sartuta dabiltza. Fase honetan, lan berriak film gisa ulertzetik haratago, ikus-entzunezko sormenezko hiztegi interaktiboa osatzea dute helburu. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren Sormen Lantegiak programaren baitako Arragoa diru-laguntza jaso dute. Noski, proiektuaren ezaugarriak kontutan hartuta "amaigabea" izan daitekeela jakitun, finantziazio gehiagoren bila dabiltza, hiztegiak hazten jarraitzea nahi baitute.
Lehen film laburreko esapide bakoitza pieza banatan sailkatu zuten, eta orain, irailera bitartean, 8-10 pieza berri ekoiztea dute buruan. Horrela, "hiztegi deitzeko moduko sortatxo bat edukiko dugu, eta webgune batean eskegi ahal izango ditugu pieza guztiak", diote. Izan ere, IMHP-ren inguruan komunitatea sortzea gustatuko litzaieke, "euskal hiztunek ahal edo nahi duten heinean parte har dezaten eta euren ekarpenak egin ditzaten". Interneteko atari batean jarri nahi dute hiztegi interaktiboa, hala, komunitatearen bitartez elikatu eta aberatsagoa izan dadin.
Lau pieza berri
Momentuz, buruan dituzten 8-10 pieza horietako lau egin dituzte, eta bada berritasunik. Gehienak herrietan jendeari entzundako esapideak dira, baina bada bat literatura idatzitik jaso dutena: "Igande pausoz". "Joseba Sarrionandiaren Lagun izoztua (Elkar, 2001) eleberrian agertzen da, eta ez dakigu zehazki idazleak asmatutakoa den, edo berak nonbait jasotakoa". Berrikuntzak berrikuntza, lau esapide berriek ere musikaltasuna, gogora irudiak ekartzeko ahalmena zein erritmo zinematografikoa dituzte.
"Apaiz egin", "Haizeterri", "Igande pausoz" eta "Asto zaharrak bazka berdea maite" dira esapide berriak. Ikus-entzunezko lanak apiril amaieran aurkeztu zituzten Donostian, eta horretarako, Kepa Matxaini (Donostia, 1991) eta GAZTEZULOko kazetari Leire Palaciosi (Bilbao, 1986) esapide bakoitzak iradokitakoarekin literatura testu bat idaztea eskatu zieten. Horiek Rumano Power (Donostia, 1976) musikariaren laguntzarekin oholtzaratu zituzten. Testu horien zati bana, esapideen definizioak eta filmeetako irudiak dituzue ondoko orrietan:
LESAKA: "Hotza bazkatu". Hotza pasa.
ZALDIBIA: "Hazitarako geratu". Iraun.
MAULE-LEXTARRE: "Zohardi tipil". Guztiz oskarbi.
SARA: "Saran astia". Gauzak lasaitasunez hartu.
LEKEITIO: "Dzanga egin". Uretara salto egin.
"Apaiz egin"
1. Belztutako ogiaren zati iluna ezkutatu.
Tostada erretzen ari zitzaion. Entxufea ahal
bezain azkar atera eta plater baten gainean
jarri zuen tostada. Eta orduan, ezusteko zerbait
gertatu zen: tostadaren erretako aldean,
beltzunean, aurpegi ezagun bat ikusi zuen argi
eta garbi, bere txima luzeekin, hipsterrik
saiatuenak ere nekez berdin zezakeen bizar
sarriarekin. Hura Jesus zen, Jesus Nazaretekoa,
Jainkoaren semea.
Kepa Matxain
"Haizeterri"
1. Haizeak bortizki jotzea.
Aterkia babesa da, haizerik ez badabil.
Liburua patxada da, haizerik ez badabil.
Bufanda zurea da, haizerik ez badabil.
Albistegia motzagoa da, haizerik ez badabil.
Mundua toki hobe bat da, haizerik ez badabil.
Eta zu, oi, zu ere ederragoa zara, haizerik ez badabil.
Kepa Matxain
"Igande pausoz"
1. Erritmo lasaiarekin ibili edo bizi, denbora hartu.
Oinez.
Oinez.
Oinez.
Oinez.
Oinez.
Oinez.
Ibilian lurra txikitu.
Lurrak zu txikitzen zaituen legez.
Zatitu, murtxikatu, irentsi, liseritu
eta
kaka bihurtuta bota zaitu.
OIN EZ.
Ibilian lurra txikitu.
Lurrak zu txikitzen zaituen legez.
Oinez.
Oinez.
Oinez.
Oinez.
Oinez.
Oinez.
Leire Palacios
"Asto zaharrak bazka berdea maite"
1. Zaharra izateagatik onena non dagoen jakin.
2. Zaharra izan eta gazteekin asmo lizunak eduki.
Amamak ez ditu besoak luzatzen,
nik besarkatzen dut.
Adarrak hazita dituen enborra bezala
tente, geldi, esperoan geratzen da.
Eta orduan, izoztu zaion bihotza
nire begietan urtu egiten da.
Tentuz ibiltzen naiz,
beso artean dudan hauts grisa
ez dezaten tantek busti
eta behin-betiko zementu bihurtu.
Leire Palacios