Konfinamenduan ikusteko mundu osoko 15 telesail-motz!
Une honetan etxean entretenitzeko zer egin buruari bueltaka ariko zara. Askok, liburua aukeratuko duzue noski, edota mahai jokoak ala bideo-jokoak zergatik ez. Baina beste batzuk nahiago izaten duzue film ala telesailetara jo. Horiei zuzendua, konfinamenduan ikusteko mundu osoko telesail-motzak jarraian:
'HAPPY VALLEY'
Euros Lyn zuzendariaren aurreko lanak ikusita (Broadchurch, Last Tango in Halifax, Black Mirror edota Sherlock) ez da harritzekoa oraingoan ere aho zabalik uzteko moduko ekoizpen batekin azaltzea. Nire gomendioa: Zer kontatzen duen gehiegi jakin gabe lehen atala ikusi eta gozatu. Jakingura duzula? Ustez oso lasaia den herrixka batean, ordena ezarri behar duen polizia beteranoa da Catherine Cawood (Sarah Lancachire). Bere alabaren ustezko hiltzailearen aurkako gurutzadari ekingo dio, eta bahiketak eta ezusteko biraketak ez dira faltako. Drama polizial bortitza. Trama erakargarriari lotuta, tentsioa planoz plano barreiatzen da eta sentimenduak pertsonaien keinu bakoitzean arnasten dira; Coen anaien kutsuak zipriztinduta, baina ingeles erara. Nortasun gogorreko urakana den Sarah Lancashire protagonistari esker, argumentua modu oso burutsuan doa aurrera, bere lan boteretsuak pantaila zeharkatzeko gaitasuna baitu. Hori gutxi balitz, gainontzeko aktoreak modu bikainean murgiltzen dira istorioak eskatzen dituen tonu gris horietan, klixe sinpleetan erori gabe.
'Line of Duty'
Britania Handitik datozen telesail guztien artean, thriller-poliziako hau izan liteke, azken urteetako ekoizpen onenetarikoa eta batez ere erregularrena. Denboraldi bakoitza kasu desberdin bat izango dute aztergai. Bostgarren denboraldia martxoan estreinatu berri dute.
Non ikusi? Netflix, Movistar
‘Unbelievable’
Ikuspegi feminista oso interesgarria eta mamitsua eskaintzen duen telesail bikaina. Emakumezko protagonista liluragarri batzuen ikuspegitik, kontakizun errealista eta gordin bat biziko duzu, hauek jasan behar duten biolentziaren inguruan hausnartzeko oso baliagarria eta batez ere, enpatiaren inguruko erradiografia zirraragarri eta argigarria delako.
Non ikusi? Netflix
'VERGÜENZA'
Louis C.K, The Office ala Larry David bezalako telesailak gustuko badituzu, ez galdu, umore oso deserosoa erabiliz, azken urteetako telesail Espainiar onena bilakatu den ekoizpen dibertigarri eta era berean dramatiko hau.
Non ikusi? Movistar
'zerozerozero'
Narkotrafikoaren gaineko telesailek normalean ikuspegi nahiko itxia eskaintzeaz gain, arazoaren fokua toki jakin batean soilik kokatzen dute. Ekoizpen italiar honek prismatikoak urrunago ipini eta drogaren negozioaren inguruko erradiografia aparta egitea lortu du. Horretarako hiru fase erakusten dizkigu telesailak: salmenta (Mexikon), erosketa (Italian) eta banaketa (AEBtatik ateratzen den itsasontzi bat). Maisuki jokatzen du ikuspuntu desberdinek eskaintzen dutenarekin eta gurutzatzen diren istorioen mamia erabiliz, gidoi oso eraginkorra osatzea lortu dute. Mexikon, AEB-tan, Marokon, Senegalen eta Italian errodatu den telesail iluna, bizia eta xurgatzailea. Amazonen mundu-mailako Narcos-a bezala definituko nuke.
Non ikusi? Amazon
'The Young Pope' + ' The nEW POPE'
2016a, Paolo Sorrentino zinegile italiarrak, pantaila txikira salto egiten zuen beste zuzendari ezagun baten lekuko bilakatu zen urtea bezala gogoratua izango da. HBO, Sky Italia eta Canal+ en arteko ekoizpen honek, 40 urte eskas dituela, Leny Belardo (Jude Law) AEBtako PIOXIII lehen aita santu izendatu berri duten istorioa kontatuko digu. Lehen bi atalak gainera, Veneziako zinema jaialdian aireratu zituzten, txalo zaparrada ugari jasoz. Hasierako minutuetan, Leny Belardo, bere lehen diskurtsoa emateko prestatzen ari dela ikusiko dugu. Urduri sumatzen zaio, inork ez baititu Aita Santu berriaren printzipio eta balioak ezagutzen. Vaticanoko balkoian kokatzen den unean, imintzio eta keinuak eginez askatasunaren aldeko diskurtsoa jaurtitzen hasiko da, ia Tom Cruisek Magnolia filmean jaurtitzen duenaren pare. Sexu bereko erlazioen aldekoa dela esanez, abortua, sexu librea eta masturbazio zerbait positiboa direla esanez… bat-batean, irudia moztu eta Jude Law berriro ohean ikusten dugun unea ohartzen gara, guztia amets bat besterik ez dela. Amets bat agian, baina telesailaren nondik norakoa zein izango den eta batez ere zein aita santu mota aurkeztu diguten jakiteko balio izango du. Hortik aurrera, Erromako kuriaren guda politiko moduko bat hasiko du. Badakit gaiak nagitasun ikaragarria sortzen duela eta agian ez zarela gerturatu ere egingo. Baina amorerik ematen ez duen aita santu, mendekari eta haserrekorra ikusteko aukera hori oso interesgarria iruditu zait. Bere haurtzaroan gertaturikoaren aurka eta hainbat momentutan jaungoikoan sinesten ez duela esanez. Sorrentinok hain berezkoa duen estetika zoragarri horretaz baliatuz eta hizkuntza zinematografiko oso aberatsa erabiliz, urteko ezinbesteko batean bilakatu da zalantzarik gabe. Osagarri guzti hauekin zuzentasun ezaren bankete bat ikusteko aukera izango duzuelarik.
Non ikusi? HBO
'THE VIRTUES'
The Victim eta Years And Years telesail zoragarriei, beste hirugarren bat gehitu behar diogu Ingalaterrako iazko urrezko triunbiratua osatzeko. Mina, barkamena eta familiari buruzko ezinbesteko harribitxia. Neurri batean Stephen Graham-en interpretazio ikaragarriari esker! Latza, gordina baina ezinbestekoa.
Non ikusi? Filmin
'Olive Kitteridge'
25 urteetan zehar, matematikako irakaslea den Olive Kitteridge-en bizitza kontatzen duen drama sakona eta sentimenduz beterikoa. Elisabeth Stroute-en Pulitzer sari batean oinarritua. Bikaina, garratza, iluna, tristea eta suntsitzailea era berean. Depresioa, garun gaixotasuna eta batez ere tinko eta gupidagabe pasatzen den bizitza horri buruzko ikerketa sakona eta latza. Aktore guztiak bikain, baina nabarmentzeko nola ez, Frances McDormand, Bill Murray eta Richard Jenkins.
Non ikusi? HBO
'EUPHORIA'
Euphoria telesaila hitz gutxitan aurkeztu beharko banu: bigarren (mailako) hezkuntzako ikasle talde baten egunerokoa erakusten duen ekoizpena dela esango nuke; drogak, sexua, nortasuna, traumak, sare sozialak, maitasuna eta laguntasunaren bidetik nabigatzen duten bitartean. Guzti hori gainera, era oso gordin, esplizitu, harrigarri, gogor, ilun eta deserosoan aurkeztua. Urteko telesailik polemikoena? Zirikatzaile da, ausarta, iluna eta batez ere oso deserosoa. Z belaunaldiaren, –90eko hamarkadaren erditik edo 2000. urte hasieratik gaur arte jaiotako pertsonek osatzen duten belaunaldia– zentsurarik gabeko erretratu oso gordina, gaixotasun ohikoena antsietatea dela erakusten duena, izango duten etorkizunaren ziurgabetasuna, gaixotasun horren eragileetako bat delarik eta teknologia berriak, erabat ondoratzeko balio duen putzu sakon bat. Ez dakit gustuko izango duzun ala ez, baina ziur gutxitan ikusi duzula antzekorik.
Non ikusi? HBO
'Band of Brothers'
Stephen E. Ambrose-ren Band Of Brothers eleberrian oinarrituriko ezinbesteko maisulana. Easy konpainiaren istorioa kontatzen digu, 506. erregimentuaren batailoi Amerikarra izandakoa eta 1939-1945 bitarte, II. Mundu gerratean Europan borrokan aritu zen jauzkari taldea. Telesailak, bizirik irten zirenenen elkarrizketak, kazetarien oroitzapenak eta soldaduen gutunak ere tartekatzen ditu. Ezinbestekoa!
Non ikusi? HBO
'Master of None'
Azken urteotan oso modan jarri den dramedia (Drama eta Komedia uztartzean) , azpigeneroaren zalea bazara ez galdu telesail zoragarri hau. Hasteko, arlo horretan, azken urteetako telesail bitxi eta berritzaileena delako. Lehen denboraldia, oso ona, bigarrena, zoragarria. Eguneroko keinu txikiek duten garrantziari buruzko maisulan honek, bere bizitzarekin zer egin ez dakien, Dev izeneko tipo baten istorioa kontatuko digu, New York hirian bizi den 30 urte inguruko aktorea. Hasieran pazientzia apur bat eskatzen duen arren, ohartarazi nahi dizuet, telesail honetaz erabat maiteminduko zarela.
Non ikusi? Netflix
'FLEABAG'
Edinburgo hiriko antzezlan independente batean oinarrituriko telesail honek -Fringe First Award saria irabazi zuena-, 30 urte inguru dituen Fleabag-en istorioa kontatzen digu. Oinarritzen den antzerki horretan, bizitzari, sexualitateari eta erlazioei zentzua bilatzen zien emakume baten bakarrizketa ikus zitekeen. Telesailean aldiz, bere egunerokoan, sexu harremanak mantentzea, lehentasun handienetarikoa bilakatu den emakume -hartu arnasa- zoro, lotsagabe, suntsitzaile, berekoi, perbertitu, ziniko, kaotiko, heldugabe eta batez ere dibertigarria aurkezten digute. Izaera hori, azken urteetan, Louie, Love, Girls edo Catastrophe telesailetan ikusi dugun antzeko umorearekin nahastean, ekoizpen beltz, garratz eta hainbat uneetan deseroso batean bilakatzea lortu dute. Epel uzten ez duen horietakoa azken finean.
Non ikusi? Amazon.
'Kampen om tungtvannet'
Zuzendaria Per-Olav Sorensen eta gidoilarien artean izen ezagun bat: Adam Price, Borgen telesail zoragarriaren sortzaileetako bat besteak beste. Istorioa kokatzeko, II. Mundu Gerrari buruzko atal konkretu batera egin behar dugu salto: Ur Astunaren Bataila deiturikoa. II Mundu Gerran, Norvegian gertaturiko gertaera historiko erabakigarriena. Rjukan kokaturiko Norsk Hydro enpresari eginiko sabotaje ekintzak, bertako ur astuna fabrikatzearen planak eragozteko. Eta zergatik zen hain garrantzitsua ur hau? Naziek arma nuklearrak garatzeko behar zutelako. Telesailak lau ikuspuntu desberdinetatik erakusten digu gatazka; Lehenik eta behin, alemaniarren ikuspegia, energia atomikoari buruzko ikerkuntza zientifikoaren bitartez, Werner Heisenberg (Bai, Breaking bad telesaila pertsonaia erreal honetan inspiratu zen) buru dela. Bestetik aliatuena, bai Londreseko kuartel nagusian eta baita eskoziarrean basean, sabotaje planak burutzen dituzten bitartean. Hirugarrena, erasoak burutzeko ardura duen norvegiar taldea. Eta azkenik, ur astuna fabrikatzen duten enpresa eta bertako zuzendariak.
Non ikusi? Netflix
'Mindhunter'
Argumentua irakurtzen duzunean, akzio sekuentziak, tiroak, odola eta era horretako ezaugarriak izango dituen telesaila ikusiko duzula pentsa dezakezun arren, ahaztu guzti hori. Benetan ahaztu. Ohiko Telesail prozedimentalen beste ikuspuntu askoz ere interesgarri eta mamitsua egitea lortu dutelako. David Fincher handiak, hain berezkoak dituen xehetasun horiez josia dagoelako eta planoak azken muturreraino zainduak Mind Hunter: Inside The FBI’s Elite Serial Crime Unit’ liburuaren egokitzapena. Plazer hutsa, baina ez agian mundu guztiak gustuko duena.
Non ikusi? Netflix
'THE OUTSIDER'
Aurten estreinatu den telesail honek ileak puntan jartzeko gaitasuna erakutsi baitu lehen segundotik. Izen bereko Stephen King idazlearen eleberriaren moldaketa, 10 ataletan zehar, kasu aztoragarri eta sinestezin bat izango du ardatz. Esango nuke Stephen King-ek ez duela zorte gehiegirik izan pantaila txikiaren eremuan, zineman maisulanak bilakatu diren filmak egin diren arren, telesailen arloan moldaketa nahiko inozoak topatu baitaitezke. Hanka sartzeko beldurrik gabe esango dut beraz, The Outsider telebistarako King-en inoizko eleberri-moldaketarik onena dela.
Kasu aztoragarria aipatu dut, eta zergatia galdetzen ariko zarete. Ralph Anderson detektibeak (Ben Mendelsohn) eta Holly Gibney-k (Cynthia Erivo), Frankie Peterson izeneko umearen hilketa basatia ikertzen hasiko dira. Lehen atalean, hilketa horren erantzulea nor den oso nabaria den arren, minutuak igaro ahala froga esplikaezinak eta ulergaitzak sartuko dira jokoan, Stepehen King-en munduan hain ezagunak egin diren naturaz gaindiko elementuak tartekatuz. Betiko thriller klasikoaren zantzuak dituen arren, True Detective telesailaren atmosferaz baliatzen da, nordic noir forma duen genero poliziakoaren eremuan murgilduz, beldurraren inguruko erradiografia paregabea eraikitzeko. Eskandinaviatik jaio den kontakizuna dirudi, baina It filma ekuazioren barruan sartuz. Bortitza, iluna, itogarria eta boteretsua.
Non ikusi? HBO
'Manhunt Unabomber'
Telesail antologikoa, lehen denboraldi honetan Ted Kaczynsky serieko-hiltzailearen benetako kasuan oinarritua dago eta bere harrapaketa horretan zentratua batik bat. Denboran saltoak eginez, ehiza hori maisuki kontatzeko trebezia erakutsi dute. Pertsonaiak eta estetika aztertzerako orduan, Zodiac-en ukituak topatuko dituzue, eta elkarrizketa bizi eta mamitsuetan Aaron Sorkin-en abilezia. Gustu ikaragarriz errodatua, bi protagonisten arteko interpretazio-duelu bikaina ikusteko aukera eskaini digute.
Non ikusi? Netflix