Neskapolitan



Neska lotsagabeok badakite barre egiten eta barre eginarazten. Egungo gizarte ereduaren kontura barre egiten dute eta euskaraz, gainera. Kasketa Kabaretako kideak dira, Donostiako lau neska, eta "Neskapolitan" ikuskizuna dakarkigute.
Datozen hilabeteotan Euskal Herriko herri askotan ikuskizun umoretsu honekin gozatzeko aukera izango dugu. Kasketa Kabareta duela bost urte sortu zen eta honako hau taldearen bigarren obra da: lehenak, "Kasketa Kabareta" izenekoak, sekulako arrakasta izan zuen, ehun bat antzezpen egin zituzten eta oraingo honekin ere bide beretik jarraitu nahi dute. Kasketa Kabaretako lagunek konpromiso sendoa dute euskararekin: "Euskal Herrian antzezpen guzti-guztiak euskaraz egitea erabaki genuen eta orain arte halaxe egin dugu. Kanpora atera garenean, Bartzelonara edo Madrilera, besterik ez dugu gazteleraz egin", adierazi digu Idoia Castillo kabaraterak.
Baina, zer da "Neskapolitan"? Kabareta moduko ikuskizuna. Cosmopolitan neskentzako aldizkariaren izena hartu eta hitz jokoa egin dute, bertan ageri denaren kontrako mezua emateko: "Cosmopolitan-en neskek argalak eta lirainak izan behar dutela diote eta guk, berriz, ondo jan behar dutela", esan digu Idoiak.
Kasketa Kabareteko lagunek moda gala berezia egiten dute "Neskapolitan"-en: hondartzara, diskotekara edo parrandan joateko jantzi beharrekoak. Moda aitzakia hartuta, egurra ematen diete harreman afektibo ereduei, erlijioari edota ejerzitoari. Idoiaren esanetan, "lan apurtzailea da, kritikoa, libertarioa eta libertinoa, eta bizitzaren ikuspegi zabala duena". Musikak ere garrantzi handia du eta hainbat filmetako kantuak hartu dituzte, baita Abba taldearenak ere: "sekulako lana egin dugu Abbaren abestiak euskaratzeko", diosku Idoiak. Beraz, badakizue, Kasketa Kabaretak euskarazko antzerkiarekin gozatzeko aukera emango digu. Adi!