Zein musikari ezagun agertuko da 'Euphoria' telesailaren 3.denboraldian?

Zaleak aspalditik daude zain, eta telesaila nondik nora bideratu adostu ondotik, denboraldi berria grabatzen hasiak dira.

Telesail askotan aktore ezagunen baten parte-hartze txikiren bat izan da eta batzuetan beste arlo batzuetako jendea ere agertu ohi da, esaterako kirolariak edo musikariak. Hain zuzen ere, mundu mailan ezagun bilakatu den musikari batek paper bat jokatuko du Euphoria telesailaren hirugarren denboraldian. Nor den musikaria? Bada, Rosalia. 

Telesailaren kontu ofizialak iragarri zuen albistea otsailaren 14an eta argazkian Rosalia diamantedun lepoko batekin azaltzen zen. Paper txiki bat izango omen du telesail entzutetsuan eta, antza denez, otsailean grabatu du bere zatia. Rosaliaren adierazpenaren berri ere zabaldu dute: "Melodia edo letra on bat bilatzeak bezainbesteko irrika sortzen dit egunetik egunera antzezle hobea bihurtzeak. Euphoria izan da azken urteotako nire telesailik gogokoena, eta oso pozik eta eskertuta nago hainbeste miresten ditudan lankideen ondoan aritzeagatik, eta Samen ikuspegia errealitate bilakatzeko nire ekarpena egiteagatik. Egiten ari garena partekatzeko desiatzen nago! Musuak, Rosi". 

Rosaliaz gain, hirugarren denboraldian parte hartuko duten beste batzuen izenak ere jakinarazi dituzte: Marshawn Lynch futbol amerikarreko jokalari ohia eta aktorea, eta Darrell Britt-Gibson, Kadeem Hardison, Priscilla Delgado, James Landry Hébert eta Anna Van Patten aktoreak. 

Hirugarren denboraldia institutua amaitu eta handik urte batzuetara kokatuko dute, eta telesaileko aktore ezagun hauek bueltan izango dira: Zendaya, Hunter Schafer, Jacob Elordi, Sydney Sweeney, Alexa Demie, Maude Apatow eta Colman Domingo. Barbie Ferreira eta Storm Reid-ek telesaila utzi zuten bigarren denboraldiaren ostean eta, beraz, zaleek ez dute euren pertsonaiez gozatzerik izango.