'ZETAK: Hau ez da kontzertu bat' dokumentala EITB Nahieran-en ikusgai

Nafarroa Arenan urtarrilean egingo den 'Mitoaroa' ikuskizunaren aurretik, kontzertu sekretua egin zuten Unanun. Emanaldi horren bitartez eta Pello Reparaz protagonista harturik, Zetak-en ikuspegi artistikoa jasotzen du dokumentalak.

ZETAK: Hau ez da kontzertu bat dokumentalak Unanun joan den irailean emandako kontzertuaren nondik norakoak erakusten ditu. Horretaz gain, Pello Reparazek alde pertsonal zein profesionalean izandako gorabeherak kontatzen ditu, eta haren inguruko lankide, familia eta lagunak ere ageri dira.

Unanuko tradizio, kultura, mito eta pertsonaietan oinarrituta sortu ditu Zetak taldeak Aaztiyen diskoko abestien letra, doinu eta iruditeria. Hala, jasotakoaren eskertza gisa, erdi sekretupean antolatu zuten bertan kontzertua, urtarrilean Nafarroa Arenan izango den Mitoaroa ikuskizunari begira.

Unanik 80 biztanle inguru ditu baina mila pertsona baino gehiago elkartu ziren Zetak taldearen kontzertuan. Gainera, egun oso egitaraua prestatu zuten: herri kirolak, herri bazkaria, kalejira... Giro hori guztia, kontzertuaren prestaketa lanak eta momentu ikusgarrienak jaso dituzte ikus-entzunezko honetan. 

EITB Nahieran-en ikus daiteke orain eta abenduaren 4tik aurrera Primeran plataforman izango da.