Azalaren zahartzearen aurkako kosmetika produktuak 18 urtetik azpikoei saltzea debekatu nahi dute Kalifornian

Azala zaintzeko errutinen bideoak ohikoak dira sare sozialetan eta adinez nagusiak ez diren gazte askok ikusten dituzte. Bideo horietatik produktuen erreferentziak hartzen dituzte sarritan, beraiek ere erabiltzeko. Hala, kosmetika enpresak ere haur eta gaztetxoei zahartzearen kontrako eta zimurrak murrizteko produktuak ari dira saltzen. Datuen arabera, 13 eta 17 urte arteko nerabeak dituzten Estatu Batuetako familien azala zaintzeko produktuen erosketa %28,6 handitu zen iaz, aurreko urtearekin alderatuta, eta 6 eta 12 urte artekoak zituztenena, berriz, %27,2.
Helduak erabiltzen ari diren produktu horietako asko ez dira eurentzat egokiak izaten, ordea, azalaren zahartzea atzeratzeko edo murrizteko direlako eta halakorik behar ez dutelako. Gainera, osagai kimikoak kaltegarriak izan daitezke euren azalarentzat. Erresuma Batuko Dermatologoen Elkartearen arabera, produktu hauek erabiltzen dituzten haurrek atzera bueltarik ez duten arazoak sor ditzakete azalean.
Egoera hau ikusirik, Kalifornia Estatuko Batzarreko kide den Alex Lee-k azalaren zahartzearen kontrako produktuak 18 urtez azpiko gaztetxo eta haurrei saltzea debekatzen duen lege-proiektua aurkeztu du. "Edertasunaren industria Sephora Kids izeneko fenomenoaren kontura dirua irabazten ari da. Fenomeno hau dela eta, haurrak helduentzako azalaren zahartzearen kontrako produktuak erosten eta erabiltzen ari dira. Haurrek ez dute zahartzearen aurkako produkturik behar. Edertasunaren industriak badaki hori, eta enpresa batzuek ere aitortu dute hala dela. Baina haien adierazpenak hitz hutsetan geratzen dira, ez baitute portaera arduratsurik erakutsi eta neurri erreal eta esanguratsurik hartu. Industria honek gure gazteria esplotatzea eragotzi behar dugu. Zerbait egiteko garaia da eta nire lege-proposamena zentzuzko neurria da, haurrak beharrezkoak ez diren eta kaltegarriak izan daitezkeen produktuetatik babesteko", azaldu du batzarkideak.
Osagai hauek dituzten produktuak debekatu nahi dituzte lege-proiektu honen bidez: A bitamina eta handik eratorritakoak, tartean erretinoideak eta erretinola; eta alfa hidroxiazidoa, azido glikolikoa, azido askorbikoa (C bitamina) eta azido zitrikoa barne. Osagai hauek espresio lerro finen eta zimurren itxura hobetzeko erabiltzen dira, kolagenoaren ekoizpena bultzatu eta zelulen birsorkuntza handitzeko.
Hain zuzen ere, dermatologoek nabarmendu dute zelula birsorkuntza zahartu ahala aldatzen eta murrizten dela, eta haurren zelulak helduenak baino azkarrago birsortzen direla. Adinean aurrera egin ahala, geldotu egiten da zelula birsorkuntza eta hori izaten da, besteak beste, azaleko zimurrak eta testura aldaketak ugaritzearen arrazoia.
Zelula birsorkuntza azkarrago egiteaz gain, haurren azala ere sentikorragoa izaten da, epidermis finagoa izaten dute, azalean babes ahulagoa, oraindik garatzen ari den immunitate-sistema, eta pH maila altuagoa. Hori dela eta, zaurgarriagoak dira ingurumen-faktoreen, substantzia narritagarrien eta alergenoen aurrean.
Alex Leek batzordekideak zabaldutako prentsa oharrean azaldu dutenez, "erakunde arautzaileek, Estatu Batuetako Elikagaien eta Sendagaien Administrazioak eta Sendagaien Europako Agentziak barne, ez dute produktu kosmetikoen azterketarik edo probarik egin beharrik haurrengan. Haurrak erabiltzeko diren produktuekin bakarrik egiten dituzte adin horietarako aproposak diren ziurtatzeko probak, esaterako haurrentzako lozioekin, eguzkitako kremekin eta botikekin".