‘Beef’: Gozamen hutsa

‘Beef’: Gozamen hutsa ‘Beef’ hitzak ingelesez ‘haragia’ esan nahi duen arren, azken urteotan beste erabilera batekin erabiltzen den terminoa da. Bereziki hip hop edota trap munduan zabaldu den hitza da, eta musikaren industrian bi artisten arteko eztabaida edota liskarra adierazteko erabiltzen da. Urrutira joan gabe, orain gutxi gurean gertatu zen Kai Nakai eta Chill Mafiaren artekoa adibidez. ‘Beef’ hitza, kasu honetan, ikus-entzunezkoen mundura eraman dute gomendatzen ari naizen telesailari izenburua emateko. Zergatik? Bi protagonisten liskarrari izenburu ezin aproposagoa eskaini diotelako. Borroka, liskarra, eztabaida… hori baita telesailaren metxak piztuko duen sua. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/2018beef2019-gozamen-hutsa/@@download/image/Pantaila_txikian_02.jpg
2023/08/02
erreportajea

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

 

 

‘Beef’ hitzak ingelesez ‘haragia’ esan nahi duen arren, azken urteotan beste erabilera batekin erabiltzen den terminoa da. Bereziki hip hop edota trap munduan zabaldu den hitza da, eta musikaren industrian bi artisten arteko eztabaida edota liskarra adierazteko erabiltzen da. Urrutira joan gabe, orain gutxi gurean gertatu zen Kai Nakai eta Chill Mafiaren artekoa adibidez. ‘Beef’ hitza, kasu honetan, ikus-entzunezkoen mundura eraman dute gomendatzen ari naizen telesailari izenburua emateko. Zergatik? Bi protagonisten liskarrari izenburu ezin aproposagoa eskaini diotelako. Borroka, liskarra, eztabaida… hori baita telesailaren metxak piztuko duen sua.
‘Beef’: Gozamen hutsa

Zuzendariak: Lee Sung Jin eta Hikari
Urtea: 2023
Herrialdea: AEB
Generoa: Drama, umorea eta thrillerra
Iraupena: 30 minutuko 10 atal
Non ikusi? Netflixen

Zeri buruzkoa da?

Bi ezezagunen arteko trafiko gorabehera/istilu batek bien alderdirik ilunena azaleratuko duen gatazka bat sortuko du. Danny Cho bere kabuz lan egiten duen gizona da, kontratatzen duten etxeetan era guztietako konponketak egiten dituena. Bizitza nahiko bakartia eta prekarioa darama. Amy Lau, aldiz, arrakasta handiko enpresaria da, diruduna eta ustez behintzat ametsetako bizitza daraman emakumea. Txikikeria dirudien gorabehera arrunt hori tsunamia eragingo duen ur-tanta izango da.

Zergatik Ikusi?

2023an Netflixek estreinatu duen telesailik onena delako. Bi pertsona oso desberdinek bizi duten krisi existentzialari buruzko kontakizuna da, eta arazo pertsonal hori, gertaera “txiki” horrekin uztartuz, geldiezina izango den eztanda nola eragiten duen azaltzen duena. Era oso desberdinetan bada ere, gizarte-klaseen bi aldeetan sufritzen dela erakusten du telesailak. Aparta iruditu zait; umore beltzez jositako telesail bizia, nahiko basatia, oso entretenigarria eta bisualki nortasun handikoa. Hori guztia, gainera, gizarte kritika zabaltzeko oso era burutsuan landu dutela uste dut. Soinu-banda osatzen duten abestien zerrenda ere deigarria iruditu zait, 90 eta 2000ko hamarkaden nostalgikoek bereziki gozatuko duzuena: Hoobastank, Incubus, The Offspring, Keane, Limp Bizkit, Sugar Ray, System of a Down, Christina Aguilera, Björk edota The Smashing Pumpkins besteak beste.

Ezinbestekoak

  • Gisaengchung (Bong Joon-ho, 2019).
  • Guilt (Robert McKillop, 2019).
  • Minari (Lee Isaac Chung, 2010).