‘Dardara’: pasio kolektibo baten hazitik loratu den lan ederra.

‘Dardara’: pasio kolektibo baten hazitik loratu den lan ederra. Berri Txarraken “Ikusi arte” biran filmatutako irudiak helduleku gisa hartuz, eta Gorka Urbizuren hausnarketak gida moduan, dokumentalaren ardatza, mundu osoko (Euskal Herria, Mexiko, Alemania, Japonia…) jarraitzaileek Berri Txarrakekiko pasioa nola bizi duten erakustea izan da, eta helburu hori ezin hobeto gauzatu dute. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/2018dardara2019-pasio-kolektibo-zoragarri-baten-hazitik-loratu-den-lan-ederra/@@download/image/DARDARA_03.jpg
2021/03/02

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

Berri Txarraken “Ikusi arte” biran filmatutako irudiak helduleku gisa hartuz, eta Gorka Urbizuren hausnarketak gida moduan, dokumentalaren ardatza, mundu osoko (Euskal Herria, Mexiko, Alemania, Japonia…) jarraitzaileek Berri Txarrakekiko pasioa nola bizi duten erakustea izan da, eta helburu hori ezin hobeto gauzatu dute.
‘Dardara’: pasio kolektibo baten hazitik loratu den lan ederra.

Filmin plataforman ikusgai daukazuen Marina Lameiro zinegilearen Young & Beautiful ikusi dut Dardada dokumentalean murgildu aurretik. Gustuko dut ikusi behar dudan zuzendariaren obra ezagutzea eta kasu honetan gainera, proiektu hau gauzatzeko Lameiro aukeratu izana garrantzitsua izan dela uste dut, ezin zuela beste edonor izan alegia.

Dokumentazio lan hutsean eta kontzertu irudietako efektismo errazean erortzeko aukera guztiak zituen dokumentala izan zitekeelako, ohiko narratiba konbentzionala erabiliz, su artifizial hutsalak jaurtiz,  baina Lameriroren ikuspegiari esker,  sortzailearen, publikoaren eta obraren arteko harremanaz diharduen ikus-entzunezko boteretsua gauzatzea lortu dute. Lengoaia zinematografikoak eskaintzen dituen tresnak ezin hobeto zukutu ditu – muntaia, soinua eta lehen planoen indarra bereziki-, Berri Txarraken musika filmaren elementu narratibo moduan txertatuz, kantu bakoitzaren mamia narrazioaren zati bihurtzen delarik.  

Ez da erraza musika talde bati buruzko dokumental bat egitea, topikoetan ez erortzea, originala izatea eta taldearen jarraitzaile ez direnen artean arreta piztea. 2011. Urtean estreinatu zen Foo Fighters: Back And Forth dokumentala izan liteke adibide ona. Lan honetan zerbait nabarmentzen bada, bizi izan dituzten esperientziak azaltzerako orduan, guztien zintzotasuna da. Talde, idolo edota miresten ditugun izen horien atzean gu bezalako pertsona arruntak daudenaren mezua gailentzen da, eta taldekideek bizi duten guztia dirudiena baino askoz ere arruntagoa eta gizatiarragoa dela. Lan hau aipatzen dut, Foo Fighters-eko Dave Grohl-ek moduan, Gorka Urbizuren letra eta hausnarketen gainean ardaztu duelako Lameirok Dardara dokumentala, eta horrek lanak eskatzen duen humanismoz bustitzen du. Dokumentala hasi eta minutu gutxira, errepide bat zeharkatzen duen baso bat ikusten dugu. Isiltasuna nagusi den basoa. Eguzki izpiek adar eta hostoak zeharkatzen dituzten bitartean, txorien kantuak soilik entzuten ditugu. Planoa gurutzatzen eta isiltasun hori hautsiz, Gorka Urbizu azaltzen da; bakarrik, oinez, pentsakor. Une horretan kamerak atzetik jarraitzen dio, bizkarrez, mugikorrean audio bat grabatzen ari den bitartean “Kamerinoan zaudela entzuten duzu ‘Beste bat, beste bat!’, oihuka eta orduan datorkizu galdera burura: ‘hau benetan uztera zoaz?’ (. …) sortzaile gisa bilatzen jarraitzeko etxea uzteko ordua da orain, eta gogorra izanagatik ere, batek ezin dio muzin egin horrelako deiari”. Naturaren arnasaz gain, hori da lasaitasun horren erdian entzuten den gauza bakarra. Isiltasunaren garrasia.

Hortik aurrera dokumentalak ardatz nagusi batzuk kokatuko ditu mahai gainean. Batetik, birako zuzenekoen irudiak, beti ere, plano ikusgarrietatik aldenduz eta entzuleen hurbileko planoei lehentasuna emanez, kontzertua nola bizi duten erakusteko. Ikusiko dugunaren bigarren lagina, basoko sekuentzia horren ostean ikusten lehena, Jare Lertxundi jarraitzaile gaztearen eta bere amaren lehen planoak dira. Berri Txarraken kontzertuaz gozatzen ari dira Min Hau abestia entzuten duten bitartean. Horren ostean ama-alaba ohean ageri diren sekuentzia; Jarek abestiaren letrari buruzko galdera zuzena jaurtitzen dio amari: “Zergatik Min Hau kantak esaten du ez duela topatzen zauria inondik?”. Hau da Dardara-ren muina eta 98 minutuetan zehar topatuko duzuna: pasioa, samurtasuna eta zintzotasuna.  Zuzeneko kontzertuen indarra eta magia irudien bidez islatzeko aukera asko topa daitezke, baina Lameirok lehen planoen aurpegiak eta pertsona zehatzak erabiliz egin du. Taldeak nazioartean zein Euskal Herrian dituen zenbait jarraitzaileren bizitzetan sartu-irtenak egin dituzte, doinu horiekiko duten pasioa ulertzen laguntzeko. Japoniako uneak ere ahaztezinak iruditu zaizkit.

Eta azkenik taldekideen jarraipena egin du, eta Gorka Urbizuk taldea modu mugagabean uzteko hartutako erabakiaren atzean dauden zergatiak azaltzen ditu. Berri Txarraken “Ikusi arte” biran filmatutako irudiak helduleku gisa hartuz, eta Gorka Urbizuren hausnarketak gida moduan, dokumentalaren ardatza, mundu osoko (Euskal Herria, Mexiko, Alemania, Japonia…) jarraitzaileek Berri Txarrakekiko pasioa nola bizi duten erakustea izan da, eta helburu hori ezin hobeto gauzatu dute.  

 “Musika helduleku bat da, horregatik eskatzen ditugu kantu gehiago” dio Urbizuk dokumentalaren pasarte jakin batean. Abestiak ez dira agortzen, horiek beti egongo dira eskura, behar dugunetan arnasguneak eskainiz. Oholtzatik jaitsi dira baina haria ez da eten. Berriren abestiak ozen entzungo dira, maitasunez eta zintzotasunez egindako musikaren magia betirako baita. Oroitzapen, zintzotasun eta pasio kolektibo polit horren hazitik loratu den lan ederra da Dardara. Estilo, hizkuntza, herrialde eta belaunaldi ezberdinen barrerak gainditu eta urrunago doan fenomeno baten unibertsaltasunaren lekuko bilakatzen gaituena. “Musikak ez zaituelako pertsonek bezala epaitzen”.

Estreinaldia 2021eko martxoaren 15ean izango da, Punto de Vista Jaialdiaren Sail Ofizialaren barne eta zinema aretoetan aldiz martxoaren 19an.