‘Hondar Ahoak’: Euskaldunok behar eta merezi genuen kalitatezko telesaila iritsi da
'Hondar Ahoak' telesailak thrillerretan eta zinema beltzean ohikoak diren elementuak biltzen ditu intrigazko istorio paregabe bat azaltzeko. Trama nagusia Ondarroan girotua dago eta itsasontzi baten patroiaren desagerpena ikertzea helburu duen polizia-inspektore baten etorrerarekin batera hasiko da istorioa. Estreinaldia azaroaren 4an izango da 22:30tan ETB1n. Ni zu banintz ez nuke galduko.
Lurrean botata eta begiak itxita dauzkan gizon baten lehen plano itxi batekin hasten da kontakizuna -ea kameoa harrapatzen duzun-, eta irudi horren gainetik, off ahots sakon batek zera dio "gorroto ditut off ahots batekin hasten diren istorioak. Eta are gehiago gorroto dut, kresala eta gasolinaren usain hau izango dela oroituko dudan azkeneko gauza..." . Ahotsak jarraitzen duen bitartean, irudi-segi bat ikusten dugu, eta pertsonaia sorta batzuek ekintza desberdinak burutuz. 2 minutu eta 13 segundo eta hasiera tituluak hasten dira. True Detective telesaileko introa gogorarazten duten hasierako titulu zoragarri batzuk. Guztira 3 minutu t erdi izan dira soilik, baina nahikoak eta soberan, aurrean daukagun fikzioa hau, orain arte euskaraz ikusi ditugun guztietatik desberdina dela antzemateko. "Hau bai, hau bai!" oihukatzeko gogoa izan dut. Txintxua Films ekoiztetxeak ETBrentzat sortutako suspensezko miniserieak 4 atal izango ditu guztira eta zuzendari eta gidoilari nagusia Koldo Almandoz donostiarra izan den arren, gidoia moldatzen zebilela momentu batean Anjel Aldarondo sartu zen prozesuan eta ostean, Marian Fernandezek hartu zion erreleboa gidoia amaitzeko.
Istorio nagusia Ondarroan girotzen da eta Ipar Europako eta Ipar Amerikako nobela beltzetan eta telesailetan sarritan ikusi izan dugun moduan, kokalekuak berak berebiziko garrantzia izango du hemen ere. Ondarroa beste pertsonai bat gehiago izango baita, eta aitzakia horrekin bertako mikrokosmos txiki horren erradiografia egiteko baliagarria izango zaigu. Itsasontzi baten patroiaren desagerpena ikertzea helburu duen polizia-inspektore baten etorrerarekin batera hasiko da istorioa. Erreferentzia horiek aipatzen hasita ez pentsa noir-aren ohiko formula ikusi duzunik, Almandozen erronka nagusia askotan ikusi dugun genero horri, bere ikuspegia ematea izan baita, geurea eta bereizgarria den geruza gehitzea, Basque Noir moduko bat egitea azken finean. Egia da, kostako edozein herritan gerta litekeen istorio bat dela, baina, ezagutzen duenak badaki nortasun eta berezitasun handiko herria dela Artibai ibaiko “hondar ahoa”-n dagoen herria. Estetika oso indartsua eta nortasun handia duen tokia baita, hitz egiten duten euskaragatik, soziologikoki ondarrutarra nolakoa den, natura oso berezia dutelako, herriaren estetikak portuarekin duen loturagatik eta abar. Izenburuak itsas elezahar bati egiten dio erreferentzia: “lehorreko itsasoaren sekretuak kontatzen dituenari ahoa hondarrez beteko zaio, lehorrera eramandako hitzek beti uzten baitute arrastoa”.
Protagonista nagusiak Nagore Aranburu eta Eneko Sagardoy dira. Hauek aurkezteko lehen sekuentzian, Aranburu bera ikusiko dugu, bizkarrez, Felix Beristain ondarrutarraren “Goizaldean” margolana kontenplatzen. Bat-batean Sagardoyen pertsonaia sartuko da, eta kasuari buruzko datuak jaurtitzen dizkion bitartean, Aranburuk ez dio begiratu ere egiten. Sekuentzia laburra, baina bi pertsonaien izaeraren printza batzuk antzemateko nahikoak. Lehenak polizia-inspektorearen rola gorpuztuko du eta, bigarrenak aldiz, bere laguntzailearena. Broadchurch telesaileko Hardy eta Miller izan zitezkeen, Bron/Broen-eko Saga Norén eta Martin Rohde,eta bereziki The Killing-eko Linden eta Holder, baina Nerea inspektorea eta bere laguntzailea dira eta zeinen onak iruditu zaizkidan gainera. Erreferentzia entsalada aipatzen hasita, bereziki Sarah Linden detektibea etorri zait burura, Aranbururen pertsonaiak zuzenean Linden-en pertsonaiatik edaten duela uste baitut, baina gurera ekarria noski. Emakume antisozial bat gorpuzten baitu, itxura arduragabekoa, eta iraganeko deabruen menpe bizi dena. Elkarrizketaren bat edota egoeraren bat gustuko ez duenean, eten egiten du, inolako iragazkirik erabili gabe edota hitzerdika aritu gabe. Zuzena eta lehorra, baina oso eraginkorra. Sagardoy-k aldiz kontrapuntu gisa jokatzen du, eta tandem honi ukitu oso freskoa ematen dio.
Trama nagusia piztuko duen metxa, kokalekua eta pertsonaiak mahai gainean jarrita guztia egina zegoela pentsatuko duzu. Oker zabiltza, hasi baino ez baikara egin. Miniserie hau osatzen duten gainerako elementu guztiak ere azken zirrikituraino zainduak baitaude. Hasi Javi Agirre maisuaren argazkilaritza lan txundigarriarekin, Alazne Ameztoy-en ezinbesteko zuzeneko soinuarekin, Aitor Etxebarriaren soinu banda hipnotikoarekin, Zaloa Ziluagaren arte zuzendaritza zainduarekin eta jakina bigarren unitatean aritu den Asier Altunaren zuzendaritza lanarekin ere. Ezin ahaztu gainerako aktore-zerrenda nagusia noski, Iñaki Beraetxek, Sara Cozarrek, Ainhoa Artetxek eta Iraia Eliasek osatzen dute. Gainera, Joxean Bengoetxea, Mikel Tello, Asier Hernandez eta Pako Revueltas aktoreek ere parte hartuko dute telesailean. Azpimarratzekoa da Omar Diop, Fanta Touty Diatta eta Ibou Sarr jatorri senegaldarreko aktore ez profesionalen parte hartzea ere.
Hau guztia esanda eta zure gustu pertsonalen arabera, baliteke gehiago ala gutxiago gustatzea, baina ‘Hondar Ahoak’ inoiz egin den euskal telesailik onenetarikoa dela esatea oso nabaria eta eztabaidaezina iruditzen zait. Zinemaren lurrina oso gutxitan usaindu dut euskal pantaila txikiaren eremuan, eta 'Hondar Ahoak' zinema da. Euskaldunok behar eta merezi genuen kalitatezko fikzioa iritsi da eta hemendik aurrera gehiago jaioko direnaren esperantza hori poltsikoan gordeko dut oraingoz. Estreinaldia azaroaren 4an 22:30tan ETB1n.