‘Querer*’: bortxatzailea senarra denean
Telesailaren hasieran, Miren bere abokatuarekin ikusiko dugu polizia-etxean, eta etxean maleta egiten, senarra kanpoan lanean dela aprobetxatuta. Ezustean iritsiko da, ordea, eta ustezko normaltasunari eutsiko dio, ia ezer hartu gabe etxetik ihes egiten duen arte. Lehen minutuetatik arnasten da tentsioa, beldurra, kezka, antsietatea…
Hortik aurrera, salaketaren berri izango dute bi semeek eta arrakala zabalduko da: ama sinetsi ala errugabea dela dioen aitaren alde egin. Hasieran, bietako bat erabat ziur ez den arren, salaketa kentzeko eskatuko diote amari. Aitaren, familiaren, mesedetan. Uxue Alberdik Hetero liburuaren harira emandako elkarrizketetan aipatu duen moduan, gizonak salbatzeko, isiltzeko eskatzen zaigulako beti emakumeoi. Gizonen mesedetan, eta geure kaltetan, bistan da.
Aitor seme zaharrenak familia du, eta honek ikuspegi eta maskulinitate tradizionalago batetik egiten dio aurre egoerari, trapu zikinak etxean garbitu eta gauzak bere tokira, lehen ziren erara, itzul daitezen. Jon gazteenak, sentiberatasun berezi baten jabe denak, amari lagunduko dio, barnean bere zalantzak eta borrokak dituen arren. Azken finean, ordura arte bizitako guztia aurrez aurre jarri eta dena aztertu beharko dutelako bestelako adin eta kokaleku batetik. Zenbait portaera eta eredu emozional zalantzan jarri beharrekoak direla konturatuko dira, eta eurek oinordetzan zer hartu duten ikusi. Ez da egoera erraza, marko teorian argi daukaguna eta irmoki babesten duguna ere, korapilatu egiten baita afektuak tarteko direnean.
Senarra, bere aldetik, dena ukatzen tematuko da, eta emaztea berreskuratzen. Izan ere, klase altu samarreko eta lan eta ospe oneko gizona da Iñigo. Emaztea lana uztera behartu zuen, eta Miren etxearen eta familiaren zaintzaz arduratu da urteotan, orain biak bakarrik bizi diren arren. Miren bakarrik uzten ere jakin izan du, familiarengandik urruntzen. Miren gizonaren mendean egon da urte hauetan guztiotan, bai ekonomikoki, eta bai haren gogo-aldarte, izaera kontrolatzaile eta indarkeriari dagokionez. Eta mendekotasun hori semeak babestu nahiak ere sakondu du, haiengan eraginik izan ez zezan.
Egoera horretatik ateratzea ez da erraza, eta hortaz jabetuko da Miren, epaiketa legala eta soziala etorriko baita gero. Senarraren “abokatuaren lana” da Mirenen testigantza, egoera mentala eta izaera zalantzan jartzea, sinesgarritasuna kentzea. Baina Mirenen inguruko askok ere egingo dute hori, senarraren familiakoek, familiakoen gertuko jendeak, ezagunek… Erotzat hartuko dute, hauskorra, ezegonkorra, apetatsua, diruzalea dela esan, eta osasun mentaleko arazoei eta hartutako medikamentuei egotziko diote senarrari buruz kontatzen dituenak. Gizonen arteko aliantzak nabarmenduko dira, eta baita emakume kontserbazionista batzuena ere.
Dena jarriko dute ezbaian Mirenen testigantzan, eta galdetuko diote ea berak ezezkorik esaten al zuen senarrak sexu harremanei ekitean, nahiz eta bera lo ere egoten zen batzuetan; galdetuko diote ea zergatik ez duen lehenago salatu… Biktima izateaz gain, biktimaren itxura eman behar izaten baita eta hala zarela frogatu. Nahiz eta lau pareten artean ezkutuan gertatzen direnak kontu ikusgaitzak izan, nahiz eta inor ez den perfektua eta eredugarria, nahiz eta ez den beti eta gauza guztietan asmatzen, baina hala izatea eskatzen zaio biktimari.
Eta Mirenek bakardadeari, gehiengoaren babes ezari, eta beldurrari aurre egingo dio, duintasuna eta bere burua berreskuratu nahian. Gertatutakoari hitza jarri, ulertzen saiatu, korapiloak askatu. Hildako amaren etxean bizi, lana topatu eta urtetan epaiketaren eta epaiaren zain egon. Eta denborak ekarriko dionari itxaron.
Aktore guztien lana goraipatzekoa da, baina Nagore Aranbururena nabarmendu nahiko nuke. Sarritan aipatu izan dut, Gaizka Izagirrerekin batez ere, talentu handiko aktorea dela Aranburu, eta lan gutxiegitan ikusi izan dugula bere dohainak kontuan izanda. Horregatik poztu nau halako pisua duen lan batean halako interpretazioa egiten ikusi izanak. Laster Koldo Almandozen Zeru Ahoak telesailean ikusteko irrikaz nago.
Laburbiltzeko, oso ona iruditu zait telesaila. Gordina da zinez, baina oso ondo kontatuta dago, morbotik eta zuri-beltzeko ikuspegitik urrun, ñabarduraz betetako pertsonaia konplexuz osatua. Futbol partidan egongo bagina bezala, bataren ala bestearen alde egotetik haratago, galderak planteatzen ditu, egoeren eta jarreren jatorriaz eta nondik norakoaz hausnarrazten du, gure burua egoera horietan kokatu eta azterketa egiteko bidea eman. Norbere buruarekin zein besteekin elkarrizketak pizteko balio dezake. Telesaila euskarazkoa ez izatea da telesailaren herren bakarretakoa.