2023ko 50 telesailik onenak
Aurtengo zerrenda apur bat desberdina egitea pentsatu dut. Hurrenkeraren arabera doan zerrenda osatu beharrean, telesailak, VoD plataformaren arabera sailkatu eta bakoitzetik onenak iruditu zaizkidanak aipatu ditut -ordenarik gabe-.
Disney +
‘The Bear’
Sukaldeetan ohikoa izaten den nahaspilaren erdian, jatetxearen jabekidea den Sugarrek oraindik ez duela bazkaldu ohartu da Sydney Adamu sukaldaria. Sukaldariak jateko zerbait presta diezaiokeen galdetzen dio. Sugarren erantzuna: “Tortilla bat?”. Hurrengo sekuentzian Sydney platera prestatzen ikusiko dugu: arrautzak, gurina, Boursin gazta, tipulina eta patata frijitu poltsa bat. Plano, muntaia eta soinuen arteko dantza perfektua tarteko, ahotik lerdea zintzilik nuela amaitu dut pantailari begira. Tortilla frantsesa presta daitekeen elaboraziorik sinpleena da ziurrenik, baina Sydney-k goi mailako plater bihurtzen du. The Bear telesail bikainaren eszena bat da, irmoki gomendatzen dizuedana. Goi-sukaldaritzaren alorrean eta munduko jatetxerik onenean lanean ari den chef gazte batek bere karrera eta desirak bazterrean utzi beharko ditu, Michael anaiak bere buruaz beste egin ostean, Chicagora itzuli beharko duelako, bere familiaren jatetxe txikia aurrera eramateko: The Original Beef of Chicagoland, auzoko sandwich-jatetxe xume bat. Nortasun ikaragarria duen eszeneratzea erabiliz, auzoko sukaldaritzaren aldeko apologia bikaina iruditu zait telesaila, eta pertsonaiak bere barne-mundua sukaldaritzaren bidez nola berregiten duen erakusten digu.
‘Le buone madri’
Italia hegoaldeko Calabriako erakunde kriminal bat da Ndrangheta. Siziliako Cosa Nostra edota Napoliko Camorra erakundeen nolabaiteko parekidea. Euskarara ekarrita, gizontasun adoretsua moduan uler genezake. Benetako gertaeretan oinarritzen den telesail italiar honek klan horretako kide diren hiru emakumeren istorioa azaltzen du, Alessandra Cerreti izeneko fiskalarekin bat egingo dutenak, inperio kriminal hori barrutik akabatzeko. Hiru emakumeren istorio zirraragarria da Le buone madri (Ama onak) eta mafiaren mundu patriarkala emakumeen ikuspegitik azaltzen duena. Tentsioz betea, iluna eta interpretazio sendoez lagunduta. Poliziaren eta mafiaren arteko gerra azaldu baino, familia horietan sakontzen du, baina ez ditu mafiako klanak osatzen dituzten gizonezkoen ohiko traizioak, borrokak eta mendekuak azaltzen; gizon horiek klan horietako emakumeei eragindako guztia baizik.
‘Mrs. Davis’
Ia bakarrik saltzen den telesaila da honakoa. Xelebrea, dibertigarria eta hasiera batean dirudiena baino askoz ere interesgarriagoa eta burutsuagoa. Sortzaileak Tara Hernandez eta Damon Lindelof direla aipatzen hasi nahi dut iruzkin hau, nondik datozen jakinda hobeto ulertuko duzulako telesail honen tonua, egitura eta generoen arteko dantza. Lehena, The Big Bang Theory telesailaren sortzailea da, bigarrena aldiz Lost eta The Leftovers. Telesail horiek uztartzean sor daitekeen konbinaketa xelebrea eta ezinezkoa buruan izanda itzuli gaitezen berriro Mrs Davis telesailera. Akzioa, abentura, umorea eta zientzia fikzioa uztartzen dituen proposamena da. Mundu guztiak belarrian entzungailu moduko bat duen mundu distopiko bat irudikatzen du. Entzungailu hori adimen artifizial batera konektatua dago, eta jainkoa bailitzan, uneoro pertsonei zer egin behar duten, nola, bizitzan zein helburu dituzten eta abar esaten die. Simone izeneko gure moja protagonista, munduan kolapsoa eragin baino lehen, adimen artifizial horren aurka borrokatuko du. Gizateriaren fede osoa algoritmo batera bideratua dagoen bitartean, Simonek aurre egingo dio. Tartean aipatuko ez ditudan beste azpitrama zoroak ere topatuko dituzu. Gainditzea ezinezkoa dirudien egoera surrealista baten ostean, beste bat azalduko da, eta horren ondoren beste bat, eta beste bat… Geure egunerokoa eta bizimodua bera teknologiek xurgatu duten garaiotan, oso zoroa dirudien premisa batetik abiatuz, enpatizatzeko oso elementu interesgarria bihurtzen da. Horregatik esan dut hasieran dirudiena baino askoz interesgarriagoa dela telesail hau. Entretenigarria, zoroa eta oso dibertigarria da; zer gehiago behar duzu?
‘Gannibal’
Sentsazioa daukat Japoniatik datorkigun proposamen original hau ez duela ia inork ikusi. Originala eta oso entretenigarria iruditu zait, zeharo harritu nau. Izen bereko manga komiki baten moldaketa da. Gorabehera bat izan ondoren (hasieran ezagutzen ez duguna), eta familiak hori ahaztuko duelakoan (emazteak eta alabak), Daigo Agawa polizia familiarekin batera Kuge herrixkara joan da bizitzera. Herri horretan desagertu berri den polizia ordezkatzera doa. Bertako biztanleak basogintzari esker bizi dira eta Goto familia da herrian gehien “agintzen” duena, erabaki guztietan presente dagoena. Basoan emakume baten gorpua aurkitzen duten unean guztia hankaz gora jarriko da. Gotototarren arabera, hartz batek eraso dio, baina Daigok giza-hozka bat aurkitu du emakumearen besoan. Kanibalismoaren eta tradizioaren inguruan egiten duen planteamendua harritu egin nau. Beldurrezko thriller dramatiko honen muinean familia-balioen eta kulturaren arteko desberdintasunei buruzko hausnarketa egiten duen istorioa topatuko duzu. Telesail ingeles eta nordiko ugaritan ikusi dugun moduan, tramaren erdigunean sekretuz betetako herri bat topatuko duzu, misterioek, sekretuek eta gezurrek gainezka egiten dutena. Beldur fisiko eta psikologiko hori nola pantailaratu duten bikaina iruditu zait. Teknikoki aparta da, ia akatsgabea. Agian pentsatuko duzu Japoniarra denez zailtasunak izango dituzula istorioan barneratzeko edota agian ohitua ez zauden kode batzuk erabiliko dituela. Lasai, guztiz kontrakoa. Izaera erabat komertziala duen telesaila baita honakoa, mundu osoan erraz kontsumitzeko modukoa.
‘El encargado’
Eliseo atezaina protagonista duen telesail honen bigarren denboraldia izan dugu 2023an. Suspensezko generoren zertzalada batzuk dituen arren, telesail dibertigarria eta ikuserraza da. Buenos Aires hirian girotua, klase altuko eraikin batean lan egiten duen Eliseo atezainaren istorioa azaltzen du. Eliseo atsegina da, adeitsua. Baina istorio honetako heroia, gaizkilea ere bada aldi berean. Bertako jabe eta maizterren sekretu guztiak biltzen dituelako, bakoitzaren bizitza pribatuan murgilduz, informazio horrekin zalantzagarriak diren akordioak egiteko. Atezaina da, baina baita zelataria eta espioia ere. Tartean gatazka nagusi bat azalduko da, eta lanik ez geratzeko helburuz, duen “botere” horrekin egoera iraultzen saiatuko da. Hasiera zirraragarria du, oso erraz katigatuko zaitu telesailak, atalak igaro ahala gainera, umore beltza eta ironia helduleku gisa erabiliz, etengabeko ezusteak biziko dituzu. Guillermo Francella-k lan paregabea egiten du Eliseo gorpuzten eta eraikin horretako mikrokosmos berezi hori muinetik ezagutzeko aukera emango dizu. Gidoi aldetik sinesgaitzak diren une txiki batzuk antzeman ditudan arren, biziki gomendatzen dudan telesaila da, Binge Watching egiteko paregabea.
‘Extraordinary’
Pertsonak PDF bihurtzeko gaitasuna duen gaztea, bere ipurdia 3D inprimagailu gisa erabiltzen duen gizona edota ukitzearekin soilik orgasmoak eragiteko gaitasuna duen nerabea. Zer demontre den hori guztia? Telesail berezi, dibertigarri eta fresko honetako hainbat pertsonaiek dituzten super-botereak. Hemezortzi urte betetzean, jende guztiak botere bat bereganatzen duen gizarte batean girotzen da telesaila; tira, hogeita bost urteko Jen protagonistak izan ezik. Pisukideekin batera bizi da eta telesailak hauen egunerokoa islatzen du, betiere, aipatu dudan premisa bitxi hori bazterrean utzi gabe eta neskak duen “arazo” hori erdigunean jarriz. The Boys telesailak oso umore beltzaren bitartez superheroien munduko satira gupidagabea eta zorrotza egiten du; honek aldiz, umore absurdoagoa erabiliz, eta istorio askoz ere intimistagoa eta txikiagoa landuz, mundu hori erdi-txantxetan tratatzen du. Nerabeoi bereziki gustatuko zaizuen telesaila.
‘Fleishman Is in Trouble’
Toby eta Rachel izeneko bikotearen dibortzioari buruzko istorioa da honakoa, tira, horren ondoren datorrenari buruzkoa zehatzago esateko. Banaketaren ostean, egun batean, Rachel arrastorik utzi gabe desagertuko da; Toby bakarrik geratuko da, bederatzi eta hamaika urteko bi seme-alabekin batera. Ez da era honetan desagertzen den lehenengo aldia, baina inoiz ez hainbeste denboraz eta are gutxiago aldez aurretik jakinarazi gabe. Haustura horren protagonista nagusiak Jesse Eisenberg eta Claire Danes direla esan behar nuen, baina Lizzy Caplan ere ezinbestean sartu behar dut hirukote barruan; kontakizunaren eskutik doan behar-beharrezko off-ahotsa berea delako eta ezinbesteko pertsonaia bihurtzen delako horri esker. Egitura narratiboa deigarria iruditu zait; emazte ohiaren desagerpena argitzeko asmoz, pertsonaia nagusia iraganeko pasarteei ainguratua bizi da, eta telesailak egiten dituen denbora-jauziek, protagonistaren ikuspuntutik beti ere, erritmo bizia ematen diote, muntaia lan apartaz eta Caroline Shaw-en musika dotoreaz lagunduta. 30-45 urte bitarte badituzu, protagonista bakoitzaren zati batekin identifikatuko zarela iruditzen zait ala behintzat enpatia sentituko duzula.
‘A Murder at the End of the World’
Zal Batmanglij eta Brit Marling gehienetan elkarrekin doazen bi izen dira. Tandem honek, The Oa harrigarria ekarri zuen pantaila txikira; esperientzia nahiko berritzailea iruditu zitzaidan, baina garapen eta amaiera nahiko traketsa medio, zoritxarrez bertan behera geratu zen. Bikote honek, aurretik, zineman, The East eta Sound of my voice interesgarriak ere ekarri dizkigute. Biak showrunner zein zuzendari lanetan, eta Marling gainera, baita aktore ere. A Murder at the End of the World lan berrian Marling protagonista ez den arren, pertsonaia garrantzitsua gorpuzten du. Krimen batekin aurrez aurre topo egin eta nork hil duen jakiteko helburuz ahaleginak eta bi egiten dituzten pertsonaia ugari ezagutu ditugu filmetan zein telesailetan, Agatha Christe edota Sherlock Holmes dira agian ezagunenak. Telesail honek, detektibe generoaren narrazio tradizionaletik elikatzen da baina beste elementu batzuk sartzen ditu –teknologia berriak edota Inteligentzia Artifiziala esaterako- eta gainera protagonista gisa emakumezko gazte bat aukeratu dute: Darby Hart. Detektibe amateurra izateaz gain, teknologian aditua den hackerra ere badena. Bere bizipenetan oinarrituriko «True crime» liburu autobiografikoa argitaratu berri du eta «Z Belaunaldiko Sherlock Holmes» bezala izendatu dute komunikabideek -nik nahiago izan dut Agatha Christie aukeratu-. Bat-batean gizon aberats baten deia jasoko du: beste zazpi pertsona ezezagunekin batera Islandia hotz eta urrunean kokaturik dagoen etxe batera joateko gonbita. Gonbidatuetako bat hilda azalduko da, eta hortik aurrera misterioaren festa hasiko da. Gidoia harilkatzen duen istorio nagusia Islandian gertatzen den arren, Darbyk, idatzitako liburuko lerro batzuk ere azaltzen ditu, eta telesailak flashbackekin jolasten du, protagonistaren nortasuna eta arku dramatikoa apurka garatu eta elikatzeko. Baita Bill pertsonaiarekin duen erlazioa azaltzeko ere. Hau guztia irakurri ondoren Knives Out filmaren estiloko zerbait ikusiko duzunaren ustea baduzu oker zabiltza; esango nuke gehiago duela Nordic Noir generotik edota Lisbeth Salander protagonista duen Millenium sagatik adibidez. Thriller poliziakoaren trazuak dituen misteriozko telesaila da, baina teknologia berriak geure bizitzan duen eragina ere aztertzen du.
‘Reservation Dogs’
Azken urteotan ezagun egin den Taika Waititi sortzailearen telesaila. Hirugarren denboraldia izan dugu aurten eta asko gozatu dut. Oklahomako ekialdean dagoen indiar erreserba bateko nerabe talde baten abenturak kontatzen ditu, non eguna, rapeatzen, delitu txikiak egiten eta auzoa defendatzen igarotzen duten. Erreserbatik ihes egin eta Kaliforniara bidaiatzeko adina diru biltzea da beraien helburua. Guztia umore dosiekin bustia dago eta ikusteko oso atsegina den telesaila iruditu zait, berezia. Serieak indiar komunitateekin duen konpromisoa erabatekoa da. Istorioa Okmulgeen garatzeaz gain, han dagoelako Muscogui tribuaren Gobernuaren egoitza eta gainera eta garrantzitsuena, sormen-taldeko kide guztiak eta aktore nagusiak natiboak dira.
Netflix
‘Blue Eye Samurai’
Telebista itzali, ordenagailura joan eta testu hau idazten hasi naiz. Blue Eye Samurai amaitu berritan ahalik eta arinen idatzi nahi nuen iruzkin hau, telesaila txundigarria iruditu baitzait, hipnotizatu nau. XVI.mendean girotzen da Edo dinastiaren garaian, protagonista nagusia Mizu izeneko ezpatari mestizoa da. Klandestinitatean bizi da, eta mendeku bila dabil gizonak nagusi diren mundu batean. Gerlariak ezkutuan gorde beharko ditu bai generoa eta baita begietako kolore salatzailea ere. Animazio-lana, oro har, eszenaratzea eta akzio-eszena odoltsuak iruditu zaizkit bereziki deigarriak, eta jakina, Mizuren pertsonaia misteriotsua ere. Jidaigeki generoari –Japoniako historiako Edo aldian girotzen diren “garaiko dramak” deritzonak- ikuspegi interesgarriagoa eskaintze dion lana da. Eragozpen bakarra jarriko nioke: aro horretan girotua dagoen istorioa izanda, ingelesez grabatua egoteak sinesgarritasuna kentzen diola eta helburu komertzialaz harago ez diot inolako zentzurik ikusten.
‘The Diplomat’
Keri Russell aktore ezaguna protagonista duen drama politiko hau, bereziki gomendagarria iruditzen zait nazioarteko tentsioak eta goi-mailako traizio politikoak maite dituztenentzat. Aktoreak Kate Wyler diplomatikoa gorpuzten du. Ustekabean, nazioarteko krisi larri baten erdian, Estatu Batuetako enbaxadore izendatuko dute Erresuma Batuan. Hori guztia, Hal Wyler (Rufus Sewell) politikari eta diplomatiko ezagunarekin duen harremana salbatzen saiatzen diren bitartean. Zalantzarik gabe Kate eta Hal Wyler senar-emazteak dira telesail honen funtsa. Drama politikoa den arren, maitasun azpitrama horrek “kulebroi” kutsu apur bat eta umore dosi txikiak ere ematen dizkie serieari. Gidoiak lehentasun bera ematen baitio bikote harremanari eta trama politikoari. Haien arteko erlazioa edota eztabaida jakin bat, eta nazioarteko etorkizun geopolitikoa ezbaia jarri dezakeen erabaki bat, maila berean kokatzen ditu. Elkarrizketa zorrotz eta mamitsuz betea, egoera interesgarriak planteatzen ditu telesailak. Aipatu ditudan gainerako telesailekin alderatuz, The Diplomat-ek, herrialdeen arteko harremanak koipeztatzen dituzten zerbitzari publikoen lana islatzen du. Telesail arina eta entretenigarria da.
‘Carol & the End of the World’
Rick and Morty edota BoJack Horseman animaziozko telesailak maite badituzu hau da ikusi behar duzun hurrengoa. Planeta misteriotsu bat lurraren aurka talka egingo duela iragarri dute; mundua amaitzeko zazpi hilabete baino gutxiago falta dira. Gizateria osoak onartu duen zerbait da eta geratzen diren hilabete horiek, nahi duten guztia egiteko aprobetxatzen dute, ametsik zoroenak zein basatienak betetzeko prest ageri dira. Tira, guztiak 42 urteko Carlol protagonista izan ezik. Carolek nahi duen bakarra lasaitasuna da, errutinararekin jarraitzea eta eroso eta seguru sentitzen den gune horretatik ez ateratzea. Araurik gabeko gizarte batean, zeinetan edozer egiteko askatasuna dagoen, Carolek errutina besterik ez du nahi.
Errutina ez hori ez apurtzeko The Distraction izeneko bulego batean lanean hasiko da. Talka edo hondamendiaren premisa hori, gai jakin baten inguruan hausnartzeko erabiltzen den trikimailu narratiboa baino ez da: zein da tragedia edo ezbehar baten aurrean askok izaten duten bizitza-planteamendua edota erakusten duten jarrera? Geure errealitatera ekarriz, metafora moduan ere har liteke; klima-aldaketaren aurrean edota pandemia egoeran dugun jarrerarekin lotuz adibidez. Telesaialk begirada gogoetatsua eskaintzen du uneoro, umorezkoa den arren gehiago du dramatik. Gizartearen indibidualismoari diardu baina etsipen garaietan bilatzen ditugun loturak ere aztertzen ditu, Carolen eta haren lankideen bidez, telesailak ideia bati heltzen dio: bizitzan benetan axola duena giza loturak dira, harremanak eta maite ditugun pertsonak gertu sentitzea. Istorio osoa harilkatzen duen erdiguneko gaia talka hori gertatzeko falta diren zazpi hilabeteak diren arren, atalen erdiak baino gehiago egoera jakin batean zentratzen dira, eta Caroli zein inguruko pertsonaiei nola eragiten die erakusten du. Kapitulu guztiak desberdinak dira, ez bakarrik gaiaren aldetik, baita formatuaren aldetik ere. Bikaina iruditu zait nola nahasten duen umore beltza hausnarketa sakonekin. Animazio lan aparta, errutinari eskainitako maitasun-gutun polita eta berezia.
‘Beef’
Bi ezezagunen arteko trafiko-gorabehera batek bien alderdirik ilunena azaleratuko duen gatazka sortuko du. Danny Cho bere kabuz lan egiten duen gizona da, kontratatzen duten etxeetan era guztietako konponketak egiten dituena. Bizitza nahiko bakartia eta prekarioa darama. Amy Lau, aldiz, arrakasta handiko enpresaria da, diruduna eta, ustez behintzat, ametsetako bizitza daraman emakumea. Txikikeria dirudien gorabehera arrunt hori tsunami bat eragingo duen ur-tanta izango da. Bi pertsona oso desberdinek bizi duten krisi existentzialari buruzko kontakizuna da, eta arazo pertsonal hori, gertaera “txiki” horrekin uztartuz, geldiezina izango den eztanda nola eragiten duen azaltzen duena. Era oso desberdinetan bada ere, gizarte-klaseen bi aldeetan sufritzen dela erakusten du telesailak. Aparta iruditu zait. Umore beltzez jositako telesail bizia, nahiko basatia, oso entretenigarria eta nortasun handikoa bisualki.
‘Questo mondo non mi renderà cattivo’
Zerocalcare komikigile italiarraren lan berria. 2021.urtean Strappare lungo i bordi bikaina estreinatu zuen. Komikigilearen bizipenetan oinarritzen den animaziozko seriea da. Erromako marrazkilari gazte batek, gizarte-kontzientzia oso sakonekoak, eta armadilo erraldoi bat kontzientziatzat duenak, bere bizitza-ibilbideaz eta maitasunaz hausnartzen du hiritik kanpo bidaiatzen ari den bitartean. 2023an, Questo mondo non mi renderà cattivo-rekin itzuli da. Protagonista eta unibertso bera, baina istorio eta egoera desberdinekin. 2021eko telesailaren mezu nagusian garun-osasuna edota depresioa jorratzen baziren, honetan ultraeskuinaren gorakadaz dihardu, eta egiten duguna egiten dugula mundua kaka bat dela eta pikutara doala.
‘División Palermo’
Inklusibitatea fikzioan txertatzea gehien eztabaidatzen den gaietako bat izaten ari da azken boladan, horregatik gai hori ezbaian jartzen duen telesaila sortzearen ideia bikaina iruditu zait. Inklusibitatea lantzea eta garatzea ezinbestekoa, derrigorrezkoa da egungo gizartean jakina, baina beti ere marketin baliabide gisa erabiltzen ez den bitartean. Hori da serie honek umorea sortzeko erabili duen premisa Buenos Aires¡ hiriko poliziaren irudi kaskarra garbitzeko asmoz, beste azpitalde bat sortzea erabakitzen du gobernuak, Divison Palermo izenekoa. Gutxiengo diskriminatuek osatutako taldea da ( gurpildun aulkian dagoen emakumea, itsua den gizonezkoa, transexual bat, autismoa duen bat, gor-mutua dena, esku bat falta zaiona eta abar. Hiriko guardia inklusibo bat, segurtasun-indarren irudia hobetzeko marketin-eragiketa gisa erabiltzea. umore beltza, deserosoa eta batez ere lotsagabea erabiliz , hori da Divison Palermo-k planteatzen duen gatazka nagusia. Protagonista Felipe Rozenfeld izeneko gazte bat da. Bikoteak utzi egin du berriki, eta gainera lanetik kaleratu egin dute. Hori gutxi ez eta egun horretan bertan lapurreta bat sufrituko du; komisariara lapurretagatik salaketa bat egitera joan den unean ordea, Division Palermo taldearen hautagaia dela uste dute bertakoek eta kontratatu egiten dute.
‘The Fall of the House of Usher’
Pantaila txikian azken urteotan lanean dabilen sortzailerik aipagarriena Mike Flanagan estatubatuarra iruditzen zait, eta bereziki, beldurraren kontzeptua nola lantzen duen nabarmenduko nuke. Egilearen obrarik biribilena The Haunting of Hill House iruditzen zaidan arren- argumentu nahiko klasikoa erabiliz, puzzle narratibo aparta, emozionala eta teknikoki bikaina osatu zuen- aurten estreinatu duen The Fall of the House of Usher ere aipatzeko modukoa iruditzen zait. Edgar Allan Poe-ren ipuinean oinarrituta dagoen telesaila da, baina Flanaganek mundu garaikideko kode eta erritmora eguneratu du. Poeren obra moldatzeko erabili dituen alderdirik sendoenak elkarrizketak eta egitura narratiboa bera iruditu zaizkit. Orainaldian kobratzen diren iraganeko zorrei buruzko kontakizun sendoa osatu du. Aberatsen inguruko satira basatia osatu du, dinastia disfuntzional baten gainean eraikia dagoena. Askok Succession aipatu dute telesailen honen erreferentzia zuzen gisa. Neurri batean ulertzen dut, eta ados nago, baina apur bat kaltegarria iruditzen zait hori nabarmentzea telesailaren aurka jo dezakeelako. Sortzailearen lanik onena ez den arren gomendatzeko moduko telesaila osatu duela iruditzen zait. Beldurrezko generoaren zalea bazara bereziki gozatuko duzuna.
‘Bodies’
Lau garai desberdinetan bizi diren lau detektibek -1890, 1941, 2023 eta 2053- hildako baten gorpu bera aurkitu dute Londresko Whitechapel auzoan. Berehala ohartuko dira euren ikerketa lana 150 urtez gaindiko konspirazio misteriotsu baten erdigunean dagoela. Zientzia-fikziozko thriller interesgarria da, misterioa eta pertsonaiak ongi erabiltzen eta garatzen dituena. Apur bat korapilatsua den arren, zerbait entretenigarria ikusteko gogoz bazabiltza izenburu hau gomendatzen dizut. Hori bai, mundu guztiak Dark telesailarekin alderatu duen arren, ekoizpen alemaniarra askoz hobea iruditze zait.
‘Sex Education’
Laugarren denboraldiak itxiera polita eman dio telesail berezi honi. Pertsonaia sorta berezia oinarri duen komedia fresko eta erakargarria, lantzeko beharrezkoak diren gaiak mahaigaineratzen dituena, nerabeen ikuspegitik bereziki. Ez du sexualitatea hutsaltzen, modu globalean ulertzen baitu, eta pertsonaia bakoitza zerk mugitzen duen, zer desira dituen eta zer beldur dituen era oso burutsuan aztertzen ditu. Bigarren denboraldi honetako beste alderdi positiboa fikzioan pisu handiagoa hartu dutela bigarren mailako pertsonaia batzuek dira, eta baita sartu berri diren beste batzuek ere, protagonismoa kendu beharrean, trama osoa aberastea lortu baitute.
‘Copenhagen Cowboy’
“Baina zergatik sartu duzu telesail hau zerrendan?” pentsatzen ariko zara. Ausartuko nintzateke esatera, gomendio hau irakurtzen ari zareten %90-i ez zaizuela telesail hau gustatuko. Nicolas Winding Refn (Drive, Only God Forgives, The Neon Demon) . Zuzendariaren izena esatearekin soilik alarma -positibo zein negatibo- guztiak piztuko ziren zure barnean ezta? Proposamen hau beraz guztiz nitxozkoa iruditzen zait, %10 horren barruan kokatzen bazara hau zuretzat doa. Zeri buruzko den azalduko dizuet, baina kasu honetan sinetsi ez diola gehiegi axola: Proxenetak, arma trafikatzaileak eta hiltzaileak nagusi diren Kopenhageko azpimundu ilun eta ziztrin batean girotzen da. Iluntasun horretan murgilduta eta harrapatuta, Miu izeneko neska misteriotsu bat mendeku bila abiatuko da. Atmosfera itogarria, erritmo oso geldoa, pertsonaia aseptikoak eta batez ere nortasun ikaragarria duen estetika topatuko dituzu hemen, ohiko narratiba tradizional guztietatik oso aldenduta kokatzen dena. Egun bizi dugun telesailen estreinaldien tsunami horretatik at, era honetako proposamen ausartak topatzea ezinbestekoa iruditzen zait; guztiak ezin baitu mainstream izan eta gero eta alferrikakoagoa eta hutsalagoa iruditzen zait publiko guztia asetzeko moduko telesailak sortzea. Geroz eta mesfidatiagoa naiz “mundu guztiari gustatzen zaizkion” telesail mota horiekin; La Casa de Papel, Squid Game edota Bridgerton erakoak esaterako. Gustuko izan ala gorrotatu, gora arrisku handiko izenburuak!
HBO Max
‘Succession’
Maisulana. Better Call Saul-lekin batera, azken urteotan egin den telesailik onena. Baliteke adjektiboa abaildua egotea, baina “Shakespearetarra” izan liteke istorio hau deskribatzeko aproposena. Pantaila txikiak gutxitan aztertu baitu halako talentuz drama klasikoetan ageri diren obsesio horiek guztiak: familia, ohorea, boterea, odola, traizioa, tentazioa, errua… Logan Roy eta bere lau seme-alaben familia disfuntzionalaren istorio korapilatsua azaltzen duen telesaila da, munduko komunikabide eta entretenimendu enpresa garrantzitsuenetako bat kontrolatzen duena. Patriarkaren oinordekoa nor izango den planteatzen denean sortuko dira arazoak. Hortik aurrera, geldiezina izango den metxa piztuko da. Familiari, aberastasunari eta botereari buruzko ikuspegi oso entretenigarri, mingarri eta autentikoa eskaintzeaz gain, umore beltz ukituak dituen melodrama paregabea iruditzen zait. Pertsonaia jasanezinak eta gorrotagarriak, baina, era berean, maitagarriak sortzearen meritua dauka Jesse Armstrong sortzaileak.
‘The Last of Us’
Denok ezagutzen duzue jada telesaila, baina despistatuen taldean bazaude edota oraindik ikustera animatu ez bazara, honatx gomendioa, bideojoko ezagunaren moldaketa hau bikaina iruditu baitzait. Urteko fenomenoa zalantza izpirik gabe. Cordyceps izeneko onddo batek gizateria ia osoa suntsitu –gizakien gorputzaren eta garunaren jabe egiten da– eta hogei urte geroago girotutako telesaila da. Mundu ilun eta latz horren erdian Joel eta Ellie daude, koarentena-eremu batetik atera behar duten protagonistak. Hortik abiatuta, haiekin batera bidaiatuko dugu, motxila barruan, drama, umore apur bat, akzioa, beldurra eta, batez ere, emozio ugari sartzen diren bitartean. Hasteko, Pedro Pascal eta Bella Ramsey aktoreen –eta jakina pertsonaien– arteko kimika magikoa iruditu zait, telesailaren euskarririk sendoena. Gustavo Santaolallaren soinu-banda zoragarria da, girotze lan ezin hobea, erritmoaren erabilera milimetrikoa eta atal bakoitzak osotasunarekiko duen garrantzia ere nabarmenak iruditu zaizkit. Harrigarria da bideojokoaren diseinu artistikoa benetako irudietara zer nolako zehaztasunez egokitu duten.
‘Somebody Somewhere’
Bizitzari aurre egiteko (ia) ilusio gehienak galdu dituen 40 urtetik gorako emakume baten begietatik (Sam), bakardadeari, etsipenari eta frustrazioari buruzko erretratu zoragarria marrazten duen telesaila da honakoa, guztia pertsonaien irribarre ahaltsuekin bustia. Pertsonaia horiek, bizitzak ez dituela merezi duten moduan tratatu sentitzen dute, eta telesaila maisuki mugitzen da komedia eta dramaren artean, ikusleari etengabeko irribarreak zein malkoak ateraz. Maite duzun pertsona bat galdu ostean bizitza berreraikitzea ez da batere erraza. Are gutxiago atzean utzi nahi izan duzun leku berean egitea eta iraganeko oroitzapen mingotsek bonbardatzen zaituzten bitartean. Istorioaren erdigunean Sam kokatzen da (Bridget Everett), ahizpa hil ondoren, hilabeteak galduta daramatzan emakumea; bizi den herrixkan etorkizunik ez duela uste du, ez da eroso sentitzen bere familian eta ez du gainditzen galeragatiko dolua. Baina lanean Joel eta bere lagun taldea ezagutzen dituenean, ikuspegi ezkor hori aldatzen hasiko da. Zergatik ikusi beharko zenuke proposamen hau? Hasteko Bridget Everett-en interpretazio lana zoragarria iruditu zaidalako, hunkigarria eta dibertigarria aldi berean. Iraupen laburra duten zortzi ataletan, homofobia, alkoholismoa, depresioa, gutxiengoentzako gune seguruak sortzearen garrantzia, Estatu Batuetan hiri handietatik deskonektatuta bizitzeak eragiten duena, erlijioak gizartean duen eragina, iragana onartu eta bizirik irauteko beharra, edota espero ez zenuen adiskidetasun-harremana sortzea zeinen zoragarria izan daitekeen mahaigaineratzen du. Foku mediatiko eta marketin kanpaina guztietatik at geratu den ekoizpen txiki hau harribitxia iruditu zait.
‘Full Circle’
Aitortuko dizuet noir ukituak dituen thriller dramatiko honen lehen atalak askoz hobeak iruditu zaizkidala amaierakoak baino, baina tira, oso gustura ikusi dudan telesaila da, harrapatu nau. Gaizki aterako den bahiketa bati buruzko ikerketa batek, aspalditik gordetako sekretuak azaleratuko dituen istorioa azaltzen du. Misterio horiek hainbat pertsonaia lotuko ditu, sekretuz betetako buru-hausgarri bat osatu arte. Aktore ezagunez josia (Claire Danes, Timothy Olyphant, Dennis Quaid…) eta Steven Soderbergh zuzendari ezagunak sortua, hainbat gai jorratzen ditu serie honek: gizakien salerosketa, aseguruen iruzurrak eta ustelkeria politikoa, baina, batez ere, familiako sekretuek eragin dezaketen mina nabarmentzen duela iruditu zait. Istorioa gauzatzeko aukeratu duten forma ere nabarmena iruditu zait; urduritasuna sortzen duen kamera mugimenduetatik hasi, noir estetika elikatzen duen argazki zuzendaritzatik jarraituz edota. Horrek guztiak istorio beltz onenek izaten duten kontaketa klaustrofobikoa izatea ahalbidetzen du. Amaieran, azpi-trama batzuk eta pertsonaia jakin batzuen arku dramatikoak apur bat presaz eta trakets ixten dituzten arren, irmotasunez gomendatzen dizudan telesaila da, asko gozatu dut.
‘Love & Death’
Jatorrizko istorioaren moldaketa David E. Kelley-k (Big Little Lies) egin duela nahikoa berme iruditzen zait telesaila ikusten hasteko. Aktore protagonisten artean gainera, Elizabeth Olsen eta Jesse Plemons badaude zer esanik ez. 80ko hamarkadan girotua, bi bikoteren benetako istorioa kontatzen du: Montgomerytarrak (Candy eta Pat) eta Goretarrak (Betty eta Allan). Texasko herri txiki batean bizi dira eta itxuraz behintzat lagun onak dira. Ezkontzako desleialtasun batek ordea eztanda geldiezina eragingo du. Zazpi ataleko miniserie bat da, bi zati nahiko nabarmenetan banatua dagoena; Lehen hiru kapituluetan, pertsonaiak aurkeztu eta affair horren joan-etorriei buruzkoak dira. Laugarrenean, krimena azaltzen du eta azken hiruretan gertatutakoa, izandako ondorio emozionalak eta gertaeraren ondorengo epaiketa erakusten dtitu. Spoilerrik azaldu gabe ezinezkoa egiten zait hainbat xehetasun azaltzea beraz ez naiz gehiegi luzatuko. Seriearen estilo bisualak eta batez ere tonuak, David E. Kelleyren beste ekoizpen batzuk gogorarazi dizkit, Big Little Lies esaterako; alde batetik AEBko gizartearen handikeria eta pertsonen artean dauden itxurakeriak eta faltsukeriak erakusten dituelako, tonu ironiko eta umoretsu baten bidez. Eta bestetik hori guztia suspensezko generoaren iluntasunarekin uztartzen duelako. Hasieratik antzematen dugu perfekzio horren ostean zerbait iluna iritsiko dela.
‘Las vidas de Fèlix’
2020. urtean, John Wilson dokumentalistak How To with John Wilson lan surrealista, dibertigarria, berezia, tristea, bitxia eta, batez ere, sailkaezina ekarri zuen. Bizitza modernoari buruzko umorezko tutorial gisa planteatuta, kamera hartu, eta New York hirian milaka eta milaka ordu grabatu zituen. Dokumentalak samurtasunaren eta deserosotasunaren artean mugitzen den umore mota bat du ezaugarri gisa, eta atal guztiak absurdotik eta autokritika basati batetik jaiotzen dira. Gaiarekin zuzenean zerikusirik ez duen arren, Fèlix Colomer Vallès kataluniarrak zazpi atalez osaturiko Las vidas de Fèlix autobiografikoa sortu du, eta John Wilson-en lanean topatu ditudan hainbat osagarri antzeman ditut hemen ere: kamera eskuan hartu eta milaka ordu grabatu ditu berak ere, samurtasunaren, umorearen eta deserosotasunaren arteko marra uneoro gurutzatzen dituen bitartean. Helburua, bere seme Riurentzat ikus-entzunezko gutun hunkigarri eta dibertigarria egitea, autokritikarako gaitasasuna inongo unetan alboratu gabe.
Fèlix Colomerrek 29 urte ditu, eta berak dio bizitza mota ugari bizi izan dituela denbora horretan guztian. Dokumental sorta hau ikusi ostean ados nago; arbitroa izan da, pornoaren industrian lan egin du, trap talde bat osatu du, haurra zela xakeko txapelduna izan zen, haragijale amorratua izatetik begano izatera pasa da…Zaletasun, lan eta afizio horiek guztiak intentsitatez bizi izan ditu eta bizitzarako baliagarriak izan dira guztiak. Duela gutxi ordea bizitza aldatu zaio: orain aita da. Ikus-entzunezko berezi honi esker, berak izan dituen bizitza horiek guztiak bere seme Riuk errepikatzea nahi duen ala ez ezbaian jarriko du. Atal bakoitzean gai jakin batean zentratzen da eta horren inguruko hausnarketa eta autokritika egiten du, eta bakoitzaren amaieran ondorioak mahaigaineratzen ditu – Ajedrez, Arbitor, Porno, Trap, Veggie, El Tio de la pancarta eta Amor dira izenburuak- Colomerren eta familiaren etxeko bideoek osatzen dute lan hau eta ironia handiz uztartu ditu muntaia lan paregabea erabiliz eta zuzendariaren off ahotsa entzuten dugun bitartean.
Movistar +
‘La Mesias’
Argi eta garbi esango dizuet: Espainian inoiz egin duten telesailik onenetarikoa da. Zazpi ataletan banatutako telesail honen hasieran, Enric eta Irene ezagutuko ditugu, elkarren artean harremanik ez duten neba-arrebak. Harreman hori etetearen arrazoia apurka deskubritzen joango gara, baina iragan traumatiko eta ilun bati lotua dagoela aurreratzen dizuet. Hiru hamarkada baino gehiagotan hedatzen den istorioa da, baina betiere bi pertsonaia nagusien begiradatik azaldua. Thriller familiarra, drama, beldurra eta komedia apur bat uztartzen dituen proposamen deserosoa eta xurgatzailea da, su motelean prestatua. Algoritmoen garaiotan, non guztia erritmo frenetikoan kontsumitzera behartzen gaituzten eta ikus-entzunezko lengoaia ere modu horretan eraikia dagoen —adimen artifizial batek sortua izan balitz bezala—, zenbat eskertzen ditudan honelako proposamen ausart eta desberdinak.
‘Time II’
Telesail antologikoa honen bigarren zatia asko gustatu zait. Lehenengoa aipatuko dut lehenik, 2021ekoa. Zer nolako erakustaldia eskaintzen duten Sean Bean eta Stephen Graham aktoreek hiru atalez osaturiko telesail motz honetan. Kartzelako drama xumea, iluna, baina aldi berean hunkigarria. Britainia Handiko kartzela-sistemaren erretratu gordina azaltzeaz gain, bizitzan hartutako erabaki txarrek amildegira eramandako pertsonei buruzko erradiografia zehatza ere erakusten du. Bigarren zati honetan testuingurua bera da, kartzela , baina istorioa eta pertsonaia berriak dira. Lehenengoan gizonezkoak ziren nagusi, bigarrengoan emakumezkoak. Game of thrones eta bereziki The Last of us telesailaei esker oso ezagun egin den Bella Ramsey, Jodie Whittaker eta Tamara Lawrance dira protagonista nagusiak. Amatasun-erretratu hirukoitza erakusten du bigarren zati honek. Lehenengoa baina gogorragoa iruditu zait.
‘El Otro Lado’
Berto Romerok berak Nacho Nieto gorpuzten du, gertakari paranormaletan espezializatua dagoen kazetaria eta bere unerik profesional eta pertsonalik txarrena igarotzen ari dena. Bat-batean Bartzelonako aldirietako pisu batean poltergeist kasu birulentu bat azalduko da. Azken urteotako kasu paranormal garrantzitsuena izan daitekeen hori bere karrera berrabiarazteko behar duen jauzia izan liteke. Generozko telesail zein pelikulak egiterako orduan, zoritxarrez, topikoetara edota klixeetara jotzeko joera egoten da sarritan. Telesail honetan generoaren klixe guztiak topatuko dituzu baina horietaz baliatzen da eta bertute bilakatzen ditu. Beldurrezko tonu orokorraren barruan umorezko sekuentziak topatuko dituzu eta parodiaz zein satiraz beteriko une aztoragarriak -Iker Jimenezi egiten zaion parodia adibidez agerikoa da- . Dena den, beldurra eta umorea etengabe irakurtzen ari zaren arren, ez pentsa Scary Movie erako zerbait topatuko duzunik. Ez, hemen beldurrezko eszenek benetako beldurra emateko asmoz sortuak izan baitira; errespetuz eginak daude, tentuz, eta umorearen eginkizun nagusia, beldurrak sortzen duen tentsioa apaltzea da eta gu deseroso sentiaratzea. Umore deserosoa, beltza eta apur bat eskatologikoa. Tonu aldakor horri esker, oso erraz ikusiko dituzu ordu-erdiko sei atalak.
‘Poquita Fe’
15 minutuko hamabi atal, urteko hilabete bakoitzeko bat. Txikitasunaren handitasuna aldarrikatzen duen telesail dibertigarria eta arina iruditu zait, comfort place paregabea. Ekoizpen erraldoiak eta ikusgarriak egiten diren garaiotan, geure egunerokoan sor daitezkeen une txikiekin umorea sortzea asko eskertu dut egia esan. Protagonistak Berta (Esperanza Pedreño) eta José Ramón (Raúl Cimas) ditugu, bizitzaren egunerokotasunari aurre egin behar dion bikote xelebrea. Amesten duten karpe diem hori betetzeko ordea traba ugari topatuko dituzte bidean; guraso jasangaitzak, ahizpa gogokoena, amaginarreba nekagarria, bizilagun jasanezina, lagun abenturazalea, laneko arazoak... Eguneroko asperduraren biktima den bikote bat azken finean. Oso zaila iruditzen zait eguneroko monotonia era burutsuan parodiatzea, eta telesail honek primeran lortzen du helburu hori. Bada ordea gustatu ez zaidan alderdi bat; The Office-en egiten duten moduan, pertsonaiak elkarrizketa formatura pasatzen diren une horiek nahiko doakoak iruditzen zaizkit -The Office-en ondo egina dago eta erabilera horrek badu bere logika telesaila bera dokumental-faltsu moduan filmatua dagoelako baina hemen ez- eta tramatik atera egiten naute. Uste dut kasu honetan formatu hori erabiltzea ez duela zentzurik baina tira, gustura ikusi dut, oso arina da eta une dibertigarriz josia dago.
‘Fargo V’
Minnessotan girotzen da -nola ez- 2019.urtean. Juno Temple-ek aktoreak Dorothy 'Dot' Lyon gopuzten du, bizitza nahiko arrunta daraman emakume atsegina eta adeitsua. Serieak berak «Minnesota Nice» etiketapean definitzen duen pertsonaia tipikoa da -hasierako kredituetan argitzen da definizio hori-. Wayne izeneko tipo batekin ezkondua dago, atsegina baina inozo samarra dena, alaba bat daukate. Telesailaren hasieran gertatzen den ustekabeko gertaera batek, itxuraz garrantzia handirik ez duena, Dot-en iragana agerian utziko du. Tramaren beste pertsonaia nagusia, familian, eta herrian, gauzak maneiatzen dituen Lorraine da, Dot-en amaginarreba da, (Jennifer Jason Leigh) botere handiko emakume aberatsa. Telesail antologiko honen lehen bi denboraldiak dira onenak. Hirugarren eta laugarren denboraldi irregular eta gorabeheratsuen ostean azken honi lehenengoen kutsua antzeman diot. Are gehiago, 1996ko Fargo film mitikoan topa genitzakeen antzeko eszenak eta egoerak ere hauteman ditut; bahiketa bitxi bat, familia boteretsuen arteko liskarrak, txikikeria batetik jaiotzen den gertaera korapilatsua, trakets hutsak diren kriminalak eta politikari ustelak adibidez. Hau da, Coen anaien esentzia arnasten da bosgarren denboraldi honetan, eta hitz oso potoloak dira horiek.
‘Happy Valley III’
Ingalaterran zorabiatzeko moduko audientzia datuak lortzearekin batera, hirugarren denboraldiarekin itzuli da telesail bikain hau. Euros Lyn zuzendariaren aurreko lanak ikusita (Broadchurch, Last Tango in Halifax, Black Mirror edota Sherlock) ez da harritzekoa oraingoan ere aho zabalik uzteko moduko ekoizpena sortzea. Hirugarrena estreinatu dela baina zuek oraindik ez duzuela lehenengoa ere ikusi? Nire gomendioa, zer kontatzen duen gehiegi jakin gabe lehen atala ikusi eta gozatzea. Jakingura duzula? Ustez oso lasaia den herrixka batean, ordena ezarri behar duen polizia beteranoa da Catherine Cawood (Sarah Lancachire). Bere alabaren ustezko hiltzailearen aurkako gurutzadari ekingo dio, eta bahiketak eta ezusteko biraketak ez dira faltako. Drama polizial bortitza da. Polizia adimentsu eta mesfidati honen konplexutasuna gainera, handitu egin da hirugarren denboraldian, telebistaren historian betiko itsatsia geratuko den pertsonaia bihurtzeraino. Trama erakargarriari lotuta, tentsioa planoz plano barreiatzen da eta sentimenduak pertsonaien keinu bakoitzean arnasten dira; Coen anaien kutsuak zipriztinduta, baina ingeles erara. Nortasun gogorreko urakana den Sarah Lancashire protagonistari esker, argumentua modu oso burutsuan eta maisuki doa aurrera. Gainerako aktoreak ere ezin hobeto murgiltzen dira istorioak eskatzen dituen tonu gris horietan, eta gainera klixe sinpleetan erori gabe. Drama ukituak dituen thriler poliziakoak maite badituzu, azken urteotako ezinbesteko telesaila duzu honakoa.
‘Blue Lights’
Belfasten lan egiten duten polizia hasiberri batzuen egunerokoa islatzen duen istorioa da. “Hiri horretan polizia izateak dakartzan presio eta arriskuak erakusten dituena” dio sinopsiak. Gomendatzen dudan telesaila da, oso gustura ikusi dut, entretenigarria da, bizia, aktoreak bikainak dira eta oro har primerako ekoizpen lana iruditzen baitzait. Trabarik handiena? poliziak diren zenbait pertsonaiekin -ez guztiekin- loturarik ez dudala sentitu. Erakusten duen gatazkaren alderdi bateko pertsonaiak zein egoerak hain muturrekoak irudikatzeak apur bat atera nau hasieran. Egia da, bestalde, atalak igaro ahala nire iritzia aldatuz joan dela, polizien lana ez dutelako kritikatzen baina ezta mitifikatzen ere, tarteko bidean geratzen dira eta hori interesgarriagoa iruditu zait.
Filmin
‘Somewhere Boy’
Danny da protagonista nagusia. Umea zen, ama auto-istripu batean hil zenean. Oinazeak gaindituta eta hau ere galtzeko beldurrez, umea etxean giltzapetuta uztea erabakiko du aitak. Kanpoan munstroak daudela, mundua arriskutsua dela… haurraren burua beldurrez eta izu-ikaraz betetzeko helburuz, etxetik sekula ez ateratzeko araua ezarri dio. Hala, telesailaren hasierako haur hori hemezortzi urteko nerabea den garaian girotzen da eta bere aitak bere buruaz beste egiten duen unean. Danny gaztea bere izeba Sueren etxean hartu dute. Amaitu dira aitaren isolamendua eta gehiegizko babesa, baina benetako erronka orain hasiko da berarentzat. Pixkanaka, ia estralurtar bat balitz bezala, Dannyk kanpoko mundua deskubritu beharko du. Argumentua irakurri ostean, ez pentsa misterioz beteriko thriller dramatikoa ikusiko duzunik, telesailaren helburua eta tonua beste bat baita. Gogorra da oso, eta baita hunkigarria ere, baina bereziki maitasunari, doluari eta ukazioari buruzko erretratu zoragarria da. Lewis Gribben-en antzezpen lan harrigarriaren bidez, kanpoko mundutik ezagutzen ez dituen gauza guztien aurrean duen nahasmen orokorra ezin hobeki islatzen da telesailean.
'Makta (Power Play)'
Heimebane telesailaren sortzailearen lan berri honek, Canneseko Zinemaldian Serie Onenaren saria jaso zuen. Benetako gertaeretan oinarritzen den satiriko honek, Gro Harlem Brundtland gazte ekintzailearen istorio harrigarria kontatzen du, 10 urteetan Norvegiako lehen ministro bihurtu zena. 35 urterekin, doktore eta lau seme-alabaren ama, eremu publikoan sartu zen, boterearen korridoreetan nagusi diren joko-arauak ezagutu gabe.
‘Selftape’
Aktore lanbidearen B aldea erakusten duen telesail gordina eta zintzoa, ikuspegi femenino eta feminista batetik eraikita dagoena. Lehenik testuingurua apur bat kokatu nahiko nuke. Nor dira bi ahizpa protagonistak? Polseres vermelles 2011. urteko telesail kataluniar arrakastatsua izan zen. Ospitale batean girotuta, protagonismoa kasu honetan ez dagokie medikuei, pazienteei baizik, gaixotasun jakin bat duten 8-17 urteko bitarteko gazteei zehazki. Gazte protagonista horien artean Vilapuig ahizpak zeuden. Telesaila dela eta, arrakasta eta ospea oso goiz ezagutu zuten bi aktoreek. Hortik aurrera bakoitzak ibilbide desberdina izan zuen. Selftape urte batzuk geroago girotua dago —alegia, gaur egun—, Mireia Bartzelonara itzultzen den unean eta Oslon aktore gisa telesail batean arrakasta izan ondoren. Joana ahizparen harrera, ordea, hotza da oso, eta une horretatik aurrera iraganeko traumak azaleratuko dira. Serieak emakume izaeraz eta zinemaren industrian duen rolaz dihardu: aktore gisa bere gorputzarekin duen harremana, emakumearen irudiaren erabilera, sexualizazioa, grabaketetan intimitate-koordinatzailearen beharra... Kritika zuzena ikus-entzunezko industriari eta honek sortzen dituen “jostailu hautsiei”.
‘The Walk-In’
Film edo telesail baten aktore zerrendan Stephen Graham-en izena irakurtzen dudan bakoitzean, argudio nahikoa izaten da niretzat proposamen hori ikusteko. Aktore aparta iruditzen zait. Zerrenda hobetan bertan Bodies telesailean ere ageri da. Benetako gertaeretan oinarritutako The Walk-In telesailean, Graham, protagonista nagusia den Matthew Collins -en pertsonaia antzezten du; iraganean neonazia izandakoa, baina egun hori izateaz guztiz damutua dagoena. Iragan ilun eta bortitz horretan bizitakoa, salaketa-kazetaritza jorratu eta aktibismoaren bidez faxismoaren aurka borrokatzeko erabiliko ditu, baita gazteak kontzientziatzeko ere. Britainia Handian diharduten ultraeskuindar erakunde ugariren kasuak argitara eman eta haien metodoak azaldu ditu. Gaia bortitza izanagatik ere, ez pentsa irudi gordinez osaturiko telesaila denik; indarkeria odoltsuaren ordez, hitz eta diskurtso pozoitzaileak ditu oinarri eta une batzuetan erritmo patxadatsua erabiltzen du errealismoa eta egiazkotasunaren alde arraun egiteko. Paul Andrew Williams-ek zuzenduriko miniserie ingelesek honek, Europan, ultraeskuinak izaten ari den gorakadari buruz hausnartzen du,
‘Arkitekten’
Berlingo Zinemaldian telesailik onenaren saria eskuratu zuen ekoizpen norvegiar hau oso interesgarria iruditu zait, bai kontatzen duenagatik, baita azaltzeko moduagatik ere. Hiri-bizitza errotik aldatu den gizarte bat aurkezten du; ia inork ezin du etxebizitza bat erosi, eta dirudunek salbu, gainerakoek kalean edo zokoetan bizi beharko dute. Etxebizitza-eskasia eta automatizazioa puntu gorenean direla —droneak txakurrak paseatzen—, Julie arkitektoak ideia ausarta proposatuko du: lurpeko aparkaleku hutsak bizitegi-eraikin bihurtzea. Etorkizun distopiko batean girotzen den arren, bertan ikusten diren gertaera ugari ezagunak egingo zaizkizue. Tonu satirikoa erabiliz, gizartea hartzen ari den norabide kezkagarriari buruzko galdera sakonak egiten ditu eta gustatuko litzaigukeena baina gertuago dagoen etorkizun beldurgarria islatzen du. Sci-fi ekoizpen mota hauetan ohikoa dena baino aurrekontu eskasagoa izan duten arren, ezin hobeto zukutu dituzte baliabideak ekoizpen diseinu futurista eta dotorea gauzatzeko. Ikusi beharrekoa.
‘Nolly’
Bueltan da Russell T. Davies (Years and Years, A Very English Scandal edota It's a Sin), azken urteotan pantaila txikian lanean dabilen sortzailerik interesgarrienetarikoa. Orain arte frogatu du zer nolako abilezia duen gizatasunez eta nortasun handiko pertsonaia berdingabez osaturiko istorio biziak eta entretenigarriak osatzeko eta Nolly-rekin halaxe egin du. Aipatu ditudan telesail horien mailaren azpitik dagoela uste dudan arren, oso gustura ikusi dut, atsegina da eta oso entretenigarria. Helena Bonham Carter protagonista duen miniserie honek -lan zoragarria egiten du-, 1960an Erresuma Batuko telebistan egundoko arrakasta izan zuen Noel Gordonen bizitzaren zati bat azaltzen du. Noele Gordon Nolly, 1938an, koloretako telebistan agertu zen lehen aktore emakumea izan zen. Urte batzuk geroago, telebistako izar nagusietako bat bilakatu zen. Telesailaren premisa nagusia bestalde, Nolly kaleratzen duten unea hasten da, , urteetan eraikitako mundu hori erortzen denean. Era honetako kontakizunetan egon ohi diren malenkolia, umorea eta drama bezala osagarriak topatuko dituzu, baina Davies-en iragazki zinematografikotik pasaz dimentsio gorenagoa duena.
‘The Thief, His Wife and the Canoe’
Lau zatitan banatzen den drama honek, John Darwin eta bere emaztearen benetako istorioa azaltzen du, bizitza-aseguru bat erreklamatzeko helburuz, bere heriotza simulatzen duen gizonezkoa. Emaztearen konplizitatearekin egingo duen zerbait izango da, baina bi seme-alabek jakin gabe. Hain da sinestezina kasua ezen kosta egiten dela hau benetan gertatu zela irudikatzea. Monica Dolan eta Eddie Marsan aktoreek lan zoragarria egiten dute.
'Essex County'
Jeff Lemireren izen bereko eleberri grafikoaren moldaketa da; Astiberrik argitaratua topa dezakezue. Essex konderrian girotua, familia, oroimena, mina, sekretuak eta adiskidetzea ditu ardatz eta landa eremuan bizi diren bi familien istorioa azaltzen du. Lau pertsonaia desberdinen bizitzan sartuko gara zehazki eta haien patuak ustekabean nola gurutzatzen diren ikusiko dugu. Nekazaritza-komunitate baten eta bertako familien barne-azterketa azken finean. Hunkigarria eta delikatua iruditu zait. Antzezpen lanak, argazki zuzendaritza eta musika iruditzen zaizkit alor aipagarrienak.
‘Stonehouse’
Gidoilariek sarritan esan ohi dute, benetan gertatu diren istorio harrigarri ugari pantailaratzerako orduan, hutsetik sortutako istorio originalak izango balira ziurrenik onartu ere ez zituztela egingo. Honakoa benetan gertatu den istorio sinestezin horietako bat da. Matthew Macfadyen, Succession telesaileko Tom ikustea argudio nahikoa iruditzen zait telesail honi aukera bat emateko, baina jakina ez da bakarra, inondik inora ere. Benetako gertaeratan oinarritzen den miniserie honek, John Stonehouse parlamentario britainiarraren istorioa azaltzen du, honen igoeran eta batez ere erortzean oinarritua zehazki. Sekretuz, estratagemaz eta harreman bereziz betetako istorio korapilatsua da, 1974-ean bere heriotzaren simulazioan amaitu zen arte. Plana ordea, ez zen espero bezala atera. Tragikomedia edo dramedia tonua duen istorioa da, eta gidoia elkarrizketa mamitsuz beteta dago.
Apple Tv +
‘Silo’
Siloa, eraikin bertikal eta zilindrikoa izan ohi da. Belarra, garaua edo bestelako ale eta haziak gordetzeko egitura, normalean lurpean egoten dena. Zientzia fikziozko telesail distopiko hau gertuko etorkizun batean girotzen da. Mundu osoan 10.000 pertsona inguru geratzen dira soilik bizirik eta guztiak lurpean sortu duten komunitate edo hiri moduko batean bizi dira, ehunka solairu dituen silo batean hain zuzen. Kanpoalde toxiko eta hilgarritik babesteko helburuz egin duten zerbait da, kanpoko mundua toxikoa da giza bizitzarako. Silo horretako pertsonak gainera, arauez betetako gizarte batean bizi dira; arau horiek, eurak babesteko sortuak direnaren sinesmena ezarri da. Gainera jaiotza-neurri zorrotzen menpe bizi dira, baimen berezi bati esker soilik izan baititzakete umeak. Gizarte horren memoria kolektiboa duela 140 urte ezabatu zen, orduan liburuak erre eta artxiboak konfiskatu baitziren. Erabat debekatuta dago "erlikiak" izatea, eta, iraganari buruz zerbait jakin nahi izanez gero, erbesterazeko arriskua dago. Inork ez daki Siloko leihoetatik haratago benetan bizitzarik dagoen ala ez, hori da sinetsiarazi dietena eta kito. Siloaren barruan ia ez dago kriminalitaterik: bakea mantendu egiten da. Bizitza osasungarria den arren, gezurrak ezin dira gehiegi lurperatu. Hau da seriearen benetako gakoa: sinestea ala ez sinestea. Alde batetik gizarte erretrofuturista aurkezten digute; hau da, etorkizunean girotua dago, baina badirudi iraganean izozturiko teknologia erabiltzen dutela. Eta misterio-thriller kutsua duen istorioa bestetik. Gizarte horren barruan jakina, trama orkorra zein misterioa aurrera eramaten laguntzen duten protagonistak daude. Nagusiena, gertuko pertsona baten hilketari buruzko erantzunak bilatzen dituen eta Rebecca Ferguson aktoreak gorpuzten duen Juliette ingeniaria da. Tim Robbins, David Oyelowo edota Rashida Jones bezalako aktore ezagunak ere parte hartu dute. Seriean, edozein gizarte-mota zeinen ahula eta manipulagarria den ikusiko dugu. Gidoiak, garatzeko denbora hartzen duen argumentua du, baina beharrezkoa iruditu zait hasierako erritmo geldoa, oinarriak ezarri eta pertsonaiak behar bezala garatzen dituelako. Lost, Westworld, The Last of Us edota Snowpiercer-en erako proposamenak maite badituzu gozatuko duzu.
‘Lessons in Chemistry’
Julia Child Mad Men telesailaren barruan sartuko bagenu eta The Marvelous Mrs. Maisel telesaileko tonuaz bustiko bagenu, emaitza Lessons in Chemistry-ren antzeko zerbait izango litzateke -distantziak salbu jakina-. Brie Larson aktore ezaguna protagonista duen telesaila. Osagarriak: berrogeita hamarreko hamarkada, telebista, kimika, maitasun-istorioa, sukaldaritza eta feminismoa. Esan bezala 1950eko hamarkadan girotua dago, emakumeak “etxekoandreak direla” dioen gizarte batean. Elizabeth Zott-ek zientzialari izateko duen ametsari tinko eutsi nahi dion arren, gizarteak beste plan batzuk ditu beretzat. Baina une horretan, bizitza aldatuko dion Supper at Six iritsiko da, Elizabethen salbazioa izango den telebistako sukaldaritza-saioa. Hala, bere garaiko emakume-estereotipoak hautsiko dituen emakumean bihurtuko da. Emakumeak ,eta batez ere etxekoandreak, gizarte hartan izan zuten eginkizuna funtsezkoa izan zela nabarmentzen du telesailak, baina pertsona beltzen eskubide sozialen aldarrikapenak ere izango duten beren tokia. Atsegina da eta erraz ikusten den telesaila.
‘Slow Horses’
Slough House -Zingiraren etxea- Londresko kale ilunenetan ezkutatuta dagoen bulego baten izena da. Ezkutatuta, MI5ekoa delako (barne segurtasunaz arduratzen den Erresuma Batuko inteligentzia zerbitzua), eta zingira ezizena, bertako langileak, aurreko misioetan porrot egin zuten agenteak direlako, lehen mailako eginkizunetatik baztertuak izan diren agenteak, egoera prekarioan ari direnak. Talde horren burua Jackson Lamb dugu, itxura kaskarrekoa, zikina, jasanezina, alkoholikoa, manipulatzailea, baina baita gupidagabea eta oso eraginkorra ere, Gary Oldmanek maisuki gorpuzten duena. Talde supremazista batek gazte pakistandar bat bahitzen duen unean hankaz gora jarriko du Zingira eta noski Britainia Handiko inteligentzia zerbitzua. Hortik aurrera, akziozko espioitza thrillerren osagarriak erabiliz eta ironia zein umore beltz pintzelkadak, katu eta saguaren jokoan murgiltzen gaituen telesail adiktibo batean murgilduko zara. Ezin da alde batera utzi Slow Horsesek inteligentzia agentzia britainiarrari jaurtitzen dion dardo zehatza eta pozoiduna, eskuin muturreko taldeekin dituen lotura zuzenak edo zeharkakoak eta beren helburuak lortzeko nola erabiltzen dituzten erakutsiz.
PrimeVideo
‘Jury Duty’
Errealitatearen eta fikzioaren arteko hibridoa da Jury Duty, eta planteatzen den jokoa, eta batez ere horrekin lortzen den emaitza, zoragarria iruditu zait. Dokumental formatuan, epaiketa bateko epaimahaikide jakin batzuen eguneroko lana erakusten du. ‘Baina’ handi batekin: dena da faltsua; epailea, epaiketa bera, testiguak, abokatuak eta epaimahaikideak. Guztiak dira aktoreak. Tira, guztiak ez. Hamabi epaimahaikide horietatik hamaika zehazkiago esanda, kide horietako batek, Ronald Gladden-ek, ez baitaki bizitzen ari den guztia gezurretazkoa dela, eta zehatz-mehatz planifikatua dagoen istorio baten barruan murgilduta dagoela. Ez da reality show -a, ezta dokumentala ere. Serie honetan, pertsonaietako batek ez baitaki fikziozko telesail baten barruan dagoela; adibidez, The Office-en pertsonaia guztiak aktoreak balira bezala, Michael Scott izan ezik. Los Angelesen girotuta dago seriea, eta hamazazpi egunez filmatu zen. Inprobisazioan esperientzia duten hainbat aktoreri esker, tartean James Marsden ezaguna ere ageri da, “esperimentua” egun horietan guztietan ezkutatu behar izan diote Gladden-i. Zeure aurpegian irribarre erraldoi bat marrazteko gai izango den proposamen originala, freskoa, atsegina, eta oso dibertigarria. Altxor txiki bat iruditu zait.
‘Swarm’
Protagonista Dre izeneko neska dugu, Ni’Jah izeneko pop izar batekin guztiz obsesionatua bizi den gaztea. Ni’Jah afroamerikarra da, eta esango nuke sortzaileek Beyoncé-ri egindako keinu nabarmena dela. Ahizparen ustekabeko heriotzak eta musikari horrekiko duen obsesio neurrigabeak norabide oso iluna hartuko duen hilketez jositako bidaia egitera bultzatuko dute. Pixkanaka ezagutuko dugun iragan zaila medio, neskaren egonkortasun emozional ahula erabat hautsiko da, eta Ni’Jah-ren irudian gehiago babesten hasiko da. Ez pentsa, ordea, Dre ohiko serieko hiltzaile horietako bat denik, biktima nagusiak sare sozialetan topatzen dituen Ni’Jah-ren haterrak baitira. Pertsona ospetsuek sortzen duten fanatismoari buruzko telesail basatia eta deserosoa iruditu zait. Atal batzuk irregularragoak iruditu zaizkidan arren, zenbat eskertzen ditudan era honetako proposamen ausartak eta originalak. Bizarroa oso.
‘The Lost Flowers of Alice Hart’
Kosta egin zitzaidan telesailean murgiltzea baina behin sartuta asko gustatu zait. Alice Hart-en istorioa azaltzen du, familiako ezbehar baten ondoren, amonarekin (Sigourney Weaver) landetxe berezi batera bizitzera joango den neskatila. Australiako paisaia natural ikusgarrian kokatuta, eta loreak zein landare autoktonoak adierazezina adierazteko baliabide gisa hartuta, familia-drama zirraragarri honek hainbat hamarkada barne hartzen ditu. Bisualki txundigarria rakoa erakutsiko digute; indarkeria normalizatua, haurrekiko zein emakumeekiko tratu txarrak, botere-harremanak, ahizpatasuna, babesgabetasuna eta trauma bezalako gaiak jorratuko baititu telesailak. Une batzuetan erabaki formalek eta metaforek presentzia handiegia dutela iruditu zait, eta horren erruz, eman nahi den mezuak indar apur bat galtzen duela. Nolanahi ere ikusi beharreko proposamena iruditzen zait.
SkyShowtime
‘Poker Face’
Rian Johnson-ek zuzendu eta Natasha Lyonne protagonista duen ekoizpen bizia eta oso entretenigarria. Lyonne-k Charlie Cale hezurmamitzen du, kasino bateko langilea eta gezurrak atzemateko berezko gaitasuna duen emakumea. Kasinoko nagusiarengandik ihesi, eta berezkoa duen dohain hori erabiliz, krimen bitxiak konpontzen saiatuko da, hainbat pertsonaia deskribaezinekin topo egiten duen bitartean. Atal bakoitzean istorio desberdin bat jorratzen da, eta misterio eta krimen horiei indarra eta sostengua emateko, telesaila izar gonbidatuz josia dago gainera: Adrien Brody, Nick Nolte, Joseph Gordon-Levitt eta abar. Kontakizun osoa egituratzen duen premisa 70-80ko hamarkadetako telesailei egindako omenaldia iruditu zait —Columbo edota Murder, She Wrote esaterako—, baina Coen anaien kontakizunetatik zipriztinduriko umore beltza eta erritmoa erabiliz. Generoaren zalea bazara, bereziki gozatuko duzun proposamena da honakoa. Bikaina!
‘A Friend of the Family’
Abducted in Plain Sight dokumental harrigarrian azaltzen dena fikziora pasatzea zaila zirudien arren lan txukuna osatu dutela iruditzen zait. Broberg familiaren istorio bizarro eta beldurgarri hau, 12 urteko alabaren eta bizilagunaren artean gertatu zena azaltzen du. Benetako kasu batean oinarritzen dela jakingo ez bagenu, inolako zentzurik ez duen gidoia osatu dutela pentsatuko genuke, baina zoritxarrez hau guztia gertatu zen, ezin sinetsizkoa. Seriearen erritmoak eta istorioak pixkanaka egiten dute aurrera, eta horri esker, garapena oso ongi egituratua dagoela iruditu zait. Su motelean kozinatzen den egitura horri esker, espazioak eta pertsonaiak oso ongi kokatzen dira eta era honetako abusuak egun batetik bestera gertatzen ez direla erakusten du. Jake Lacy aktorearen lana bereziki nabarmena iruditzen zait, ezinbestekoa garapen guzti horretan.
Besteak
‘Best Interests’
Une honetan Hego Euskal Herrian inongo plataforma digitaletan ez dagoen arren, 2023an gehien hunkitu nauen proposamena partekatzera nator. BBC-k ekoiztua, lau atalez osaturiko miniserie gogor honek, bere bi protagonista nagusien antzezpen lan bikainez baliatuz (Michael Sheen eta Sharon Horgan), eztabaida sutsuak eragin ditzakeen gaiari heltzen dio. Bi aktoreek Nicci eta Andrew gorpuzten dituzte, 17 urteko Katie eta 12 urte inguruko Marnie izeneko gazteen gurasoak. Katie gaixotasun neuromuskular batekin jaio da; jaiotzen den unean medikuek etorkizun nahiko beltza izango duela aurreikusten dute, apurka bizi kalitatea murriztu eta osasunak oro har, okerrera egingo baitu. Istorioak iraganera eta etorkizunera jauzi txikiak egiten dituen arren, kontakizun nagusia Katie 12 urte inguru dituenean girotzen da, gaixotasunaren unerik latzenean dagoen unean zehazki. Gertaera honek, hartu beharreko erabaki latz eta dramatiko bat medio, eta familia egitura pitzatu eta desegiteaz gain, epaiketa dramatiko batean amaitzera eragingo du.
‘Dejate Ver’ A3player
Proposamen original eta desberdin baten bila bazabiltza hau da zure telesaila. Álvaro Carmona-ren proposamen surrealista berria. Ana da protagonista, desagertzen ari den emakumea -bai literalki-. Oraingoz, behatz bat baino ez zaio desagertu, baina prozesua hasi besterik ez da egin. Medikua zorrotz agertu da diagnostikoarekin: ikusezintasun-printzipioa dauka, eta, geldiarazi nahi badu, bizitza mota aldatu beharko du. Ana, munduko artistarik ezagunenetako baten laguntzailea da, eta haren nortasuna misterio bat da publikoarentzat. Une surrealistez jositako komedia dramatiko sailkaezina da, identitatearen kontzeptua, artearen eta entretenimenduaren mundua, bakardadea edota gaur egun teknologiarekin dugun harremana aztertzen dituena. Baliteke, hasieran, tonua, pertsonaiak eta istorioa oro har arraro samarrak iruditzea; ohartarazten dizut ez dela gerora aldatuko den zerbait, are bitxiagoa bihurtzen baita telesaila. Hasierako planteamendua erakargarria iruditzen ez bazaizu agian ez da zuretzako telesaila. Nik asko gozatu dut. Bere aurreko lana bezala - Gente hablando- oso dibertigarria eta aldi berean interesgarria iruditu zait hau ere. Alvaro Carmonak eraikitzen dituen mikro-mundu hauek oso bereziak eta bakarrak iruditzen zaizkit, eta erabiltzen duen tonu berezi horrek sekulako nortasuna ematen dietela.
‘Això no és Suècia’ RTVE
Seme-alabak bizitzako arriskuetatik babesteko, bikote gazte batek dituen kontraesanak, zailtasunak eta erronkak erakusten dizkigun telesail freskoa, dramatikoa eta dibertigarria da. Eta garrantzitsuena hausnarketarako bidea ematen dutena. Gurasotasunari eta ziurgabetasunari buruzkoa da, eta nola guraso bilakatzen garen unean geure barnean jaiotzen diren itxaropenak askotan ez datozen bat errealitatearekin. Mariana eta Samuel bikotea, hirian duten bizitza atzean utzi eta seme-alabekin batera, Bartzelonako mendi batean kokatu dagoen auzo-herrixka batera joango dira bizitzera. Helburu nagusia beste bizitza mota baten aldeko apustua egitea da, eta horretarako, haurren hazkuntza erdigunean jarriko dute. Kasu honetan aitak eszedentzia hartuko du, bera arduratuko da zaintzaz, eta ama lanera itzuliko da -aurreko lau urteetan ama aritu da umeak zaintzen- . Mariana gainera, obesionatua dago Suedian gai honekin duten ereduarekin. Aldaketa, Beldurra, Mugak, Sexua, Familia, Kontziliazioa, Autoezagutza… atalen izenburuak izateaz serieak jorratzen dituen gaiak ere badira. Zortzi ataletan, ildo nagusi horietatik garun-osasuna, bikote-harremanak, “maskulinotasun berriak” edota zaintza bezalako gaiak ere jaioko dira.
Aina Clotet da proposamen honetatik nabarmentzen dudan izena. Hasteko Mar Coll-ekin batera bera delako telesailaren sortzailea, eta bestetik berak antzezten duelako amaren pertsonaia, berak darama zamarik handiena – bai aktoreak, baita pertsonaiak ere-. Lia alaba gorpuzten duen Violeta Sanvicens-ek egiten duen lana ere txapela kentzeko modukoa iruditu zait, harritu nau. Gainerako aktoreek, oro har, sinesgarritasuna eta egia transmititzen dute uneoro. Terapiako une horietan ageri diren batzuk adibidez, aktore ez profesionalak dira, auzokideak. Benetako amak eta aktoreak nahastu dituzte. Terapeutaren pertsonaia esaterako, benetakoa da, Elisenda Pasqual du izena eta ematen dituen aholkoak eta iripideak egiazkoak dira. Egia da gurasoa baraza une ugarirekin sentituko zarela identifikatua eta enpatia -eta gorroto- maila handiagoa izan dezakezula pertsonaiekiko. Baina edozein ikusle motari gomendatzen diodan ekoizpena da, unibertsalak diren gaiak gizatasunez eta umorez jorratzen dituelako, eta hasieran aipatu dudan moduan pentsarazten duten unez josia dagoelako.