2024ko 30 telesailik onenak
Aitortuko dizuet ahalegin ikaragarria izan dela soilik hauek aukeratzea, horregatik iragazki bat jartzea erabaki dut: aurten estreinatu diren miniserie edo telesailen aukeraketa da, denboraldi bat baino gehiago dituztenak kanpo utzi ditut.
30- ‘The Day of the Jackal’ (Skyshowtime)
Eddie Redmayne aktore ezagunak jokatu du The Jackal (Txakala) pertsonaiaren rola: sikario iheskor eta bakartia da, areriorik gabea. Azken hilketaren ondoren, ordea, gauzak okertu egingo zaizkio: Britainia Handiko Inteligentzia Zerbitzu Sekretuko agente bat, Bianca (Lashana Lynch), atzetik dabilkio. Hortik aurrera, Europan zeharreko jazarpen zirraragarri batean murgilduko dira. Katuaren eta saguaren arteko jolasaren eskema klasikoaz baliatuz, gaur egungo paisaia soziopolitikoarekin zuzenean lotzen da polizia thriller hau. Argazki zuzendaritzak, eta arlo estetikoak, oro har, protagonistaren izaerarekin bat datorren hoztasun etengabea jariatzen du. Ekintza ugari ezlekuetan gertatzen dira (hotelak, aparkalekuak, geltokiak...) eta The Jackal-en bi errealitate paraleloen arteko zubi gisa funtzionatzen dute.
Hamar atal ditu guztira, eta, egiari zor, batzuetan gehiegi luzatu duten irudipena dut. Hala ere, oso maila oneko ekoizpena da, eta bikainki zukutzen ditu era honetako istorioek eskaintzen dituzten erreminta guztiak.
29- ‘Une Amie Dévouée’ (MAX)
Christelle 'Chris' Blandin -en istorioa azalduko du: 2015eko azaroko Pariseko erasoetan -zehazki Bataclan antzokian gertatu zirenak- bere ustezko bikotea, Vincent, zauritu larrien artean zegoela zioen emakumea. Aurrerago, gainera, kontakizunean bera ere eraso horietatik bizirik atera zela ere gehituko zuen. Guztia gezurra zen, asmaturiko istorio bat. Gezur sare horren eraikuntzan, Vincent-en sare sozialak sortu zituen, harreman birtualak landu eta biktimen elkarteko kide garrantzitsua izaten amaitu zuen. Zergatik? Zertarako? Guztiok buruan bueltaka dauzkagun galderak dira. Fikzioaren bidez iristen zaiguna argia da: protagonistak ez du soilik besteen errukia bilatzen, bere bizitzari zentzua emango dion egitura bat aurkitzea baizik. Komunitate baten kide izatearen nahiaz eta oinazearen erdian pertsonek balioetsiak izateko beharraz hausnartzen du.
Protagonistaren rola Laure Calamy aktore frantziarrak jokatu du; Christelle 'Chris' Blandin rockaren eta punkaren zale amorratua den paristarra da eta itxuraz konexio emozionalak aurkitzeko arazoak dituena. Ez nuke esango protagonista iruzurgile tipikoa denik; ez doa (soilik) etekin ekonomikoaren atzetik, gogobetetze intimoago baten atzetik baizik, lorpen emozional batekin zerikusia duena, talde batean integratuta sentitzearekin eta bere lanagatik aitortua izatearekin lotura zuzenago duena. Calamy-k pertsonaia konplexu horrek behar dituen ñabardura guztiak eransten ditu.
Drama eta thriller psikologikoaren artean mugitzen den proposamena da, trauma kolektiboek dituzten oihartzunei buruzko ikuspegi oso interesgarria eskaintzen duen telesaila.
28- ‘Black Doves’ (Netflix)
Telesaileko protagonista bizitza bikoitza duen Helen Webb (Keira Knightley) da: Erresuma Batuko defentsa ministroaren emaztea da, baina baita senarraren sekretu profesionalak argitzen dituen espioia ere. Black Doves (Uso beltzak) Londresen Gabonetan girotutako thrillerra da eta umore dosi txikiekin bustia dago: egunotan ikusteko proposamen paregabea da, eta gainera, euskarazko azpitituluekin iritsi da. Aitortu behar da egiantzik gabeko kontakizuna dela, hainbat egoera ezin sinetsizkoak direlako, baina ikus-entzunezko batekin katigatzeko gogoz bazabiltza, Black Doves paregabea da. Generoan barruan ezer berritzailerik eskaintzen ez duen arren, protagonisten antzezpen lan bikainei eta pantailaratzea biribilari esker, ezin hobeto funtzionatzen du. Generoaren klixe guztiak topatuko dituzue, baina oso eraginkorra eta bizia da.
27- ‘Fallout’ (PrimeVideo)
Vaul-Tec konpainiak, gerra nuklear batek planeta suntsituko duelakoan, zenbait babesleku sortu ditu; bertan gutxi batzuk soilik bizi daitezke, dirudunak gehienak, gainerakoak lurrazalean biziraun beharko dute. Apokalipsi nuklear bat gertatu eta 200 urtetara girotzen da istorioa, 2296-ean zehazki. Lucyk, bilaketa zehatz bati ekiteko asmoz, babesleku horietako batetik lehenengoz kanpora atera behar duenean abiatzen da ekintza nagusia. Ingurune gogorra, arriskutsua, ezin deskribatuzko pertsona, izaki eta tribuak dituena. Estetika erretrofuturistaz lagunduta- zehazki Steampunkaren aldaera den Atompunka- hiru protagonista nagusi aurkezten ditu telesailak, paraleloki txandakatuz doazen eta batzuetan eszena berean bat egiten duten hiru ikuspunturekin batera: aipaturiko Lucy, Maximus eta nekrofagoa deritzona.
Atalak luzeak diren arren -ordubetekoak batez beste- ikuserraza iruditu zait, cliffhanger dosiak dituelako, baina batez ere erabili duten tonuagatik. Drama badago, basakeria, misterio apur bat ere bai, akzioa zer esanik ez, baina kontakizun osoa tonu ganberro eta umoretsuz bustia dago, baita satira sozial apur batez ere. Westword eta The Boys telesailak uztartuko bagenitu bezala.
26- ‘Dream Productions’ (Disney +)
Inside Out filmen unibertso berean garatzen da telesaila da, baina emozioak alde batera utzi eta mundu onirikoan jartzen du arreta. Ametsak dira orain komedia honen ardatza eta filmetakoa baino publiko gazteagoari zuzenduta dago. Film horien spin-off moduko bat da, lehen eta bigarren filmen artean girotua, eta Riley-ren -filmetako neskato protagonista- ametsei forma emateaz arduratzen den zinema estudio moduko baten egunerokoa azaltzen du: Dream Productions . Protagonista nagusia estudio horretako zuzendari sarituenetako bat izango da Paula Persimmon. Arazo bati aurre egin beharko dio: Riley hazten ari da eta lehengo ametsek ez dute emaitza bera. Testuinguru horretan. ametsak eraikitzeko moduaren irudikapen satirikoa sortu dute; zinemaren munduari, Hollywoodeko estudio baten hierarkiari eta sorkuntza artistikoaren rol profesionalei buruzko erreferentziak etengabeak dira. Film luzeen eta seriearen arteko desberdintasunik handiena istorioa kontatzeko modua da; dokumental faltsuaren estiloa erabiliz grabatua dago -“The Office” telesailaren tankerakoa- eta horrek ukitu fresko eta oso dibertigarria eransten dio narrazioari. Ikuslearen eta pertsonaien arteko konexioa sendoagoa eta une umoretsua gehiago sortzen dira.
Lau ataletan -motzegia da- nortasun propioa eta une gogoangarriak dituen obra trinko bat eraiki dute. Sormen prozesuaren zaurgarritasunaz edota zinema ulertzeko moduaz diharduen proposamen oso atsegina, maitagarria eta dibertigarria da.
25- ‘Such Brave Girls’ (Filmin)
A24-en zigilupean eta BBC-rekin lankidetzan Such Brave Girls telesail dibertigarria da honakoa. Komedia familiar lotsagabe honen protagonistak Josi eta Billy ahizpak eta beraien ama ezkongabea dira. Familia oso disfuntzionala. Aktoreak ez nituen ezagutzen eta hirurek lan itzela egiten dute. Ahizpetako bat gainera, Kat Sadler aktorea, telesailaren gidoilaria eta sortzailea ere bada. Lizzie Davidson aktorearekin batera – ahizpa bizitza errealean eta fikzioan- koktel leherkor-zoragarri bat osatu dute. Bien bizipenetan oinarrituriko obra da, bizitza errealean jasandako zenbait miseria eta orbain lehen mailako material komiko bihurtu dute. Pertsonaiak fikziozkoak izan arren, aipatzen diren traumak beren errealitatetatik jaioak dira eta horrek txantxak egiteko ahalmena eta zilegitasuna eman diete. Umore beltza eta oso lotsagabea ditu ezaugarri, baina komedia sozialaren zenbait elementu dramatiko ere jorratzen ditu. Hau da, gizarte arazoen gordinkeria ikuspegi komikotik erakusten duten arren, - garun osasuna, sexua, suizidioa, abortua…- ez pentsa azaletik jorratzen dituenik; behar denean horietan sakontzen baitute, inolako iragazkirik gabe.
24- ‘Cristóbal Balenciaga’ (Disney +)
Ez daukat modarekiko interes berezirik eta Cristóbal Balenciaga-ren bizitza edo ibilbidea ez da sekula gauez loa kendu didan zerbait. Hori argituta, zenbat gozatu dudan Cristóbal Balenciaga telesailarekin. Dakizuen moduan jostunari buruzkoa da -tira, Parisen egin zituen 30 urteak kontatu dituzte bereziki- eta bere bizitzako hainbat pasarte izango ditu hizpide: 36ko gerratik, jostunak modaren industriaren egin zituen lehen urratsetara. Askorentzat goi-joskintzaren eremuan maisuen artean maisu, eta ondorengo diseinatzaileengan eragin handia izan zuena.
Zuzendari lanetan, Jose Mari Goenaga, Jon Garaño eta Aitor Arregi, Lourdes Iglesiasen ideia bati jarraituz. Alberto San Juan aktoreak gorpuzten du getariarra eta egiten duen lana txundigarria iruditu zait. Proposamen sutila eta dotorea, dotorezia telesail bihurturik.
23- ‘Criminal Record’ (Apple tv+)
Aktore zerrendan izen ezagunena Peter Capaldi eskoziarra. 2005 eta 2012 artean The Thick of It sitcom-ean Malcolm Tucker izan zen eta orduan bihurtu zen ezagun, eta, jakina, baita 2013an hamabigarren Who Doktorea izan zelako ere. Baina niretzat sorpresa handiena The Good Fight telesailean ikusi genuen Cush Jumbo aktorea izan da, lan itzela egin du. Biak ala biak poliziak diren arren, zeharo desberdinak dira. Peter Capaldiren pertsonaia, Hegarty, inspektore beteranoa eta iragan misteriotsu samarra duena. Jumbo-rena aldiz, June, detektibe gaztea, hasiberria, baina anbizio handikoa. Belaunaldien arteko desberdintasuna oso ongi definitua dago hasieratik eta garrantzitsua izango da istorioan, baita, nola ez, Jumbo emakumea eta beltza dela.
Londres hirian girotzen da telesaila eta larrialdi-zerbitzuetan jasotzen duten dei batekin hasten da istorioa. Anonimoki deitu duen emakume batek arriskuan dagoela adierazten du, bere bikotekideak mehatxatu egin duela eta arriskuan dagoela dio. Baina dei horretan, emakumeak, azalduko ez dizuedan beste informazio bat ere partekatuko du. Gertaera horrek bi helburu oso kontrajarri dituzten bi polizia horiek aurrez aurre jarriko ditu, baita 24 urteko espetxe zigorra betetzen ari den preso bat ere. Trama oso erakargarria eta misteriotsua den arren, bi pertsonaia protagonistak hain ondo egituratuta egoteak oinarri are sendoagoa txertatzen dio osotasunari.
22- ‘Familier som vores’ (Movistar +)
Familier som vores (Gurea bezalako familiak) Thomas Vinterberg zinemagile danimarkarrak egin duen lehen telesaila da, eta egoera hau planteatzen du: agintariek ohartarazi dute itsas mailaren igoerari ezin zaiola ez ikusi egin; herrialdea urpean geratuko da laster, eta, beraz, premiazkoa da erabat ebakuatzea. Gobernuak Europako hainbat zonatara lekualdatu beharko ditu sei milioi herritar inguru. Telesailaren hasierako atalak ebakuazioaren aurreko egunetan girotuta daude.
Egoera horretan, onibarrek ez dute ia ezer balio, eta aberastasunaren inguruko ikuspegia aldatu egingo da. Aukera dutenek beste herrialde batzuetara emigratuko dute, eta beste asko, berriz, gobernuaren erabakien mende geratuko dira. Premisa hori irakurri ostean, beharbada, pentsa liteke apokalipsien zein hondamendien film askotan erakusten den ikuspegia eta tonua topa daitezkeela, baina ez da hala: katastrofe fisikoa, uholdeak, akzioa eta epikotasun tonua albo batean uzten dira hasieratik. Alderdi emozionalean zentratuta dago gidoia, eta erdigunean jartzen ditu drama pertsonala eta pertsonaien gatazkak. Ez da klima hondamendi bati buruzko ikus-entzunezko bat, pertsonek aldaketa basati baten harira nola jokatzen duten erakusten duen istorio bat baizik. «Herrialde bat desagertu bitartean, maitasunak bizirik dirau» izan liteke kontakizunaren mezu nagusia.
21- ‘Shôgun’ (Disney +)
James Clavellek 1975ean idatzitako izen bereko nobelaren egokitzapena da. 1980an miniserie arrakastatsu bat ere izan zuen, Richard Chamberlain eta Toshiro Mifune protagonista zituena. John Blackthorne goi mailako ofiziala ingelesa eta bere itsasontzia Japoniako kostan hondartu dira. Bere ontziak hondoa jo du eta bera eta tripulazioa Japoniako familia boteretsuenetako baten esku geratu dira: Yoshii Toranagaren klana. Agintariek preso eraman dituzte. Blackthorne bere bahitzaileekin komunikatzen saiatuko da, bere kideen bizitza salbatzeko. Aldi berean, Japonia gerra zibilaren atarian dago. Protagonista batzuk europarrak izan arren, istorioa batez ere japoniarren ikuspuntutik kontatzen da. Testuinguru horretatik abiatuz, traizioak, xantaiak, erritu tradizionalak, indarkeria une gordinak edota boterearen aldeko etengabeko borrokak ikusiko dituzue. Japonia feudalean girotzen diren generoaren film klasikoak gogoratzen dituen osagarriz josia dago, baina Game of Thrones-en erako alderdi bisual apartaz apaindua; ekoizpen diseinua ikusgarria iruditu zait, ikaragarria.
Su motelean kozinatzen den istorioa du oinarri, eta horrek, pazientzia gutxiko ikuslea bazara, uxatu zaitzake. Atalek aurrera egin ahala katigatuko zaitu, beraz, lasai. Dekoratuen eta lokalizazioen indarra guztiz bat dator gidoiarekin. Epopeia historiko ikusgarria iruditu zait.
20- ‘Celeste’ (Movistar +)
Celeste-k, Diego San Jose irundarraren telesail berriak -Elena Trapé-rekin batera sortutakoak- iruzur fiskalaren gai arantzatsuari heldu dio. Fikziozko istorioa den arren, eta asmaturiko pertsonaiak, oso agerikoa da benetako kasu bat izan duela inspirazio-iturri: Espainiako ogasunak, ustezko delitu fiskalagatik, Shakira abeslaria salatu zueneko pasartea. Protagonista ez da Celeste, bere nemesia baizik. Thriller kostunbrista honen protagonista Sara Santano (Carmen Machi) da, eta bere aurretiko erretiroarekin hasten da kontakizuna; ogasuneko inspektorea da, alarguna eta nahiko pertsona grisa eta bakartia. Bere azken lanegunean, nagusiak sorpresa bat dauka gordeta: Sara ate handitik joatea nahi du eta, horretarako, Celeste abeslari mexikarra gutxienez 184 egunez Espainian bizitzen egon dela frogatzeko eskatuko dio. Horretarako, tiketak, kontuko mugimenduak eta sare sozialak aztertuko ditu. Lortuko balu, Celeste zergak ordaintzera eta estatuko diru-kutxei 20 milioi euro baino gehiago itzultzera behartuko luke. Gidoi zorrotza eta oso originala oinarri duen zerga-thriller bat da, oso ongi egituratua dago eta ezin hobeto zukutzen du proposatzen duen guztia.
Suspensea eta umorea oso ongi orekatzen dituen tonu nahiko berezi batean bilduta, pertsona ospetsuen jazarpen fiskalari eta botereari buruzko gogoeta egitera bultzatzen duen telesaila da.
19- ‘La Fièvre‘ (Movistar +)
UNFPren sari banaketan, ‘‘toubab zikina!’’ ('toubab' hitzak woloferaz 'zuria' esan nahi du eta konnotazio gutxiesgarria du) oihukatzen duen aldi berean, gizonezkoen futbol talde bateko izarrak (beltza) burukada bat emango dio bere entrenatzaileari (zuria). Gertakari horren bideoa izugarri zabalduko da eta sareak sutan jarriko ditu.
Hortik aurrera bi emakumek gidatutako gerra mediatikoa hasiko da: futbol taldeak premiaz errekrutatuko duen Sam Berge, komunikazio agentzia batean lan egiten duen kontseilari politikoa. Beste muturrean, aldiz, Maire Kinsky aurkezle eta umorista probokatzailea; ez du inolako eskrupulurik gertaera instrumentalizatzeko eta eskuin muturrak boterera iristeko puztutako arraza eta politika tentsioak ustiatzeko. Telesailak erritmo geldiezina du, oso bizia eta entretenigarria da eta, gainera, pertsonaiak ez ditu inongo momentutan alboratzen. Sei ataleko serie honek, Estatu frantseseko gizonezkoen futboleko eskandalu baten aitzakiaz, eskuin muturreko hedabideek eta sare sozialek gorrotoa pizteko eta sortzeko polemikak nola zabaltzen dituzten erakusten du. Politikariek, masak mugiarazteko helburuz, narratiba nola manipulatzen duten eta horrek gizarte-kohesioari nola eragiten dion ere aztertzen du. Futbola, polarizazio politikoa, fanatismoa, albiste faltsuak...
18- ‘Presumed Innocent’ (Apple tv+)
David E. Kelley sortzaile ezagunak, Harrison Ford protagonista duen Presumed Innocent film mitikoa pantaila txikira moldatu eta protagonista nagusi gisa Jake Gyllenhaal entzutetsua aukeratu du. Rusty Sabich-ren pertsonaia du ardatz istorioak, izugarrizko eskandalu batean nahastuta dagoen fiskala: hilketa baten susmagarri nagusia da. Jatorrizko filma ikusi baduzue ere, moldaketa berri honekin gozatuko duzue. Asko harrapatuko zaituen telesaila da, suspense-giroa etengabea delako, baina baita gidoi-biraketak ere, eta interesgarriena zera da: liburuaren eta filmaren oinarrizko kontzeptuak hartu, eguneratu eta gai eta ideia berriak txertatu dituela Kelley-k gidoian. Emakumezko pertsonaiak, esaterako, askoz garatuagoak daude telesailean eta Barbara-ren pertsonaiari (Sabich-en emaztea) denbora asko eskaintzen zaio; bere barne gatazkak erakutsi eta sufritzen dituen albo-kalteak eta ondorioak agerian uzten ditu. Gainera, pertsonaia nagusiaren nortasuna desberdina da: Forden xalotasuna Gyllenhaalen testosteronagatik ordezkatu dute; gizonezkoen ego mugagabea, nartzisismoa, edota maskulinitate toxikoa aipatzen diren gaiak dira. Alderdi psikologikoak presentzia nabarmenagoa du telesailean. Thrillerrak, drama politiko-judizialak eta misterioak gustuko badituzu, hau da ikusi behar duzun hurrengo telesaila.
17- ‘This Town’ (Movistar +)
Peaky Blinders telesailaren sortzaileak, Steven Knightek, 80ko hamarkadako Ingalaterrara eramango du ikus-entzulea, Margaret Thatcher lehen ministroa zen sasoira; garai gorabeheratsua, baina kulturalki oso aberatsa. Istorioa hiru pertsonaia nagusien begietatik azalduta dago. Batetik, Dante izeneko ikasle gaztea; manifestazio batean poliziarekin istiluak izan ondoren, musikan murgiltzea erabakiko du. Poesia maite du, eta bere bizipen pertsonaletan inspiratutako letrak idatziko ditu. Bestetik, haren anaia, Virgil; Belfasten bizi da, eta Britainia Handiko armadarentzat ari da lanean. Eta, azkenik, Bardon; Danteren lagunik onena da —eta lehengusua—, eta Coventry hirian bizi da. Haren aita IRA erakundean sartua dago, eta ama auzotik erbesteratu duten emakume alkoholiko bat da. Errealitate gordin horretatik ihes egiteko, Bardonek eta Dantek musikan murgiltzea erabakiko dute, Jeannie teklista gaztearen eta Fionaren laguntzarekin. Azken hori disko denda baten jabea da, eta taldeko manager moduko bat izango da. Ñabarduraz beteak dauden pertsonaia oso konplexuak eraiki ditu Knightek, eta aktore gazte (ia) hasiberriek primeran jokatuko dute horien rola. Pertsonaien alorra itxi aurretik, azken aipamena: emakumezko pertsonaia sakonagoen falta sumatzen da. Bardonen amaren arku narratiboa izan liteke interesgarriena akaso (Michelle Dockery aktore bikainak betetzen du haren rola), baina gainerakoek presentzia nahiko eskasa dute.
Noizbehinkako erritmo arazoak dituen arren —hasierako kapituluetan bereziki— eta umorearen eta indarkeriaren artean tonu aldaketa zakar samarrak izan arren, telesailaren bihotza oso distiratsua eta zirraragarria da; gaztetasunaren, sormenaren eta borroka sozialaren esplorazio hunkigarria eskaintzen du. Egoera zailak gainditzeko arteak duen ahalmenari eta musikak duen botere eraldatzaileari buruzko hausnarketa hunkigarria da. Nortasun handiko proposamena ekarri du Steven Knight sortzaile ingelesak.
16- ‘Under the Bridge’ (Disney + )
Benetako kasu batean oinarritzen den miniseriea da honakoa; 1997an Kanadako Victoria hirian Reena Virk izeneko gaztea desagertu eta ordu gutxira hilik azaldu da. Susmagarri nagusiak inguruan dituen lagunak dira; susmagarriak izateaz gain, ez dute ahuldurarik azaltzen. Virk nagusiki bi arrazoirengatik ez zen taldean onartua: fisikoa eta erlijioa (aita indiarra eta ama indokanadiarra, biak Jehobaren Lekukoak). Rebecca Godfrey idazle txalotuaren izen bereko eleberritik edaten du telesailak eta, istorioak, arrazakeria, bullying-a eta adingabeen arteko indarkeria mahaigaineratzen ditu.
Asko harrapatzen duen trama nagusi horren muinean, miniserie honek, biziki interesgarria iruditu zaidan ikuspegi soziologiko bat ere eskaintzen du. Sistema eta gizarte akastun batek babesik gabe utzi dituen nerabeen bizitza birrindua erakusten du. Helduak Reenaren hilketaren basakeriari zentzua ematen saiatzen ari diren bitartean, telesailak, gazteen perspektibak eta esperientziak ezagutzera gonbidatzen gaitu, eta horrek, ezinbestean, krimenean nahasita dauden gazteak ulertzeko moduan eragiten du. Asko txalotzen dudan beste zerbait: indarkeria bisualki ez nabarmentzeko hartu duten erabakia. Basakeriaz eta iluntasunez gainezka dago istorioa, latza eta gogorra da, baina Sambre telesail bikainean egiten duten moduan, ez da esplizituki ezer ikusten.
15- ‘Boiling Point’ (Movistar +)
2021ean Boiling Point filma estreinatu zen. 92 minutu irauten dituen sekuentzia plano bakar batean grabaturiko film itogarria da. Londresko modako jatetxe bateko gau bakar bat erakusten du denbora errealean. Jendez gainezka dagoen jatetxe horretan murgilduko gara, eta kamerak Andy Jones (Stephen Graham) sukaldari buruari jarraituko dio bereziki; guztia pikutara bidali dezakeen krisi pertsonal eta profesional baten erdian dago. Tentsioa eta urduritasuna areagotzen joango dira, eta apurka-apurka irakite puntura iritsiko da guztia.
Bada, film horren amaieratik abiatuz, BBC kateak Boiling Point miniseriea estreinatu du, eta jatorrizko aktoreak eta lantaldea mantendu dituzte; sei hilabete geroago girotzen da eta Carly-ren pertsonaiari (Vinette Robinson) pisu handiagoa eman diote. Bai edukian eta baita forman ere kontinuista da, baina sekuentzia plano bakar batean filmatzearen erabaki arriskutsu hori bazterrean utzi dute oraingoan. Barne gatazkaz josita dauden pertsonaien bitartez sukalde frenetiko batean murgiltzea liluragarria iruditzen zait, badu zerbait magnetikoa.
14- ‘Sugar’ (Apple tv+)
Hollywoodeko ekoizle ezagun baten biloba desagertu egin da eta John Sugar izeneko detektibe pribatu misteriotsu bat kontratatuko du. Sugar pertsonaia Colin Farrel aktoreak gorpuztu du, baina Glenn Ford, Humphrey Bogart edo Robert Mitchum ere izan zitezkeen. Izan ere, telesailean zehar film klasikoetako detektibeei egiten zaien omenaldia nabarmena da. Gainera, misteriotsua izateaz gain, Sugar-ek badu ezaugarri nabarmen bat: oso zinezalea dela. Tira, zinezalea baino, berak dioen moduan, zinemarekiko erabateko mendekotasuna sentitzen du. Lehen atalean, esaterako, pozik ikusten dugu Sight And Sound edota Cahiers Du Cinema aldizkariak eskuartean dituenean. Neo Noir-aren lurrina duen telesaila da, zinezaleek bereziki gozatuko duzuena. Ez ditu zinema beltzaren “arauak” hausten, nahiko narratiba klasikoa du zentzu horretan, baina lehen unetik ohartuko zarete oso ukitu berezia duen ekoizpena dela.
Ikusleen artean eztabaidak eragiteko helburuz, zenbait erabaki narratibo deigarri hartu dituzte, horien artean sareak hankaz gora jarri dituen bat: 30 minutuko zortzi atal ditu guztira telesailak, eta seigarrenera arte guztia nahiko “ohikoa” den arren, atal honen amaieratik aurrera gertatzen den zerbaitekin burua galdu dut. Telesaila hankaz gora jartzen duen biraketa bat da, ez nuen inondik inora ere espero. Hartu duten erabakia oso zoroa da. Batzuek diote erridikulua dela, niri ez zait hala iruditu, baina egia da, gertaera horrek, testu honetan azaldu dizuedan guztiari beste zentzu bat ematen diola. Pertsonalki asko eskertzen dut harritzeko gaitasuna duten horrelako erabakiak topatzea, baina egia da, hortik aurrera, ia fede kontua dela telesaila ikusten jarraitzea. Proposatzen duten guztiarekiko egokitzeko gaitasuna baduzu, asko gozatuko duzu, bestela ez.
13- ‘The Penguin’ (MAX)
The Dark Knight saga entzutetsuarekin batera, saguzar famatuari buruz egin den filmik interesgarriena eta sendoena Matt Reevesek 2022an zuzendu zuen The Batman iruditzen zait. Protagonistaren rola Robert Pattinsonek jokatzen du. Tonua eta erritmoa deigarriak dira oso; izan ere, gertuago dago Seven eta Zodiac filmetatik, superheroien inguruko beste edozein proposamenetatik baino. The Penguin telesaila film horretako gertakariak amaitu eta astebetera girotua dago; Batmanen etsai mitikoari buruzkoa da: Oswald Cobblepot —Pinguinoa ezizenez—, Colin Farrellek maisuki antzeztua. Begirada guztiak pertsonaia horretan jarriak dauden arren, ezustekorik handiena Cristin Milioti aktorearekin hartu dut; Sofia Falconeren rola jokatu du, eta lan paregabea egin; haren pertsonaia mamitsua eta oso interesgarria da.
Pertsonaien garapenean eta tramaren angelu guztietan behar bezala sakontzeko erritmo nahiko geldoa erabiltzen da hasieran; ikusle batzuk uxatuko dituen arren, guztiz egokia eta logikoa da hautu hori, ezinbestekoa unibertso berezi honetan behar bezala murgiltzeko. Hau ez da superheroien inguruko istorio klasikoa, antiheroi batean zentratutako kontakizuna baizik: boterea, traizioa, mendekua, aliantza aldakorrak... Gehiago du tragedia klasikotik edo gangsterren eta mafiaren munduan girotutako istorioetatik.
12- ‘Prisoner (Hust)’ (Filmin)
Danimarkako gobernuak espetxe berri bat zabalduko duen albistea eman du, zero tolerantzia politika nagusi izango dena. Horren eraginez, une horretan irekiak dauden hiru espetxeetako bat itxi egingo dute. Zein itxi erabakitzeko, hiru hilabetez ikuskatzaile batzuk bidaliko dituzte gertatzen den guztia behatzeko. Telesailaren ekintza nagusiak, lasaitasuna nagusi den espetxe batean gertatzen dira. Helburu nagusia gatazkak saihestea denez, eta “lasaitasun” hori mantentzea, malgutasun nahiko handia dago presoekiko. Gainera, bertako lan baldintza eskasak dira, eta prekarietatea da nagusi langileen artean. Hori horrela, banden arteko hierarkiak daude eta droga-trafikoak espazio handia hartu du.
Baretasun hori ordea, ekaitzaren aurrean arnasten den barealdia baino ez da izango; espetxea ixterik nahi ez badute neurriak asko zorroztu beharko dituzte. Istorioa garatzeko, kartzelako dramen ohiko baliabide narratiboak erabiltzen ditu, sorpresa gutxi zentzu horretan, baina daniarra izateak berezitasun eta nortasun handia ematen dio telesailari. Gordina eta zuzena da, errealista, itzulinguruka aritzen ez den horietakoa, erraietatik kontatua dago. Gizarte kritikak badu bere tartea; Danimarkako kartzela-baldintzak dira nagusiki ezbaian jartzen direnak, baina, arrazakeria, erlijioa, ustelkeria edota pobreziaren gaiak ere oso presente daude. Antzezpen lanak apartak dira, eta alor tekniko zein estetikoa ere nabarmena iruditu zait; musikak tentsioa areagotzen laguntzen du, kamera mugimendu zakarrek akziozko sekuentziak elikatzen dituzte, eta argazki gris eta ilunaren bitartez pertsonaien gatazkak barruraino sartzen zaizkigu.
11- ‘Nos vemos en otra vida’ (Disney +)
Cabezudo anaiak telesailari izena ematen dion Nos vemos en otra vida (Manuel Jabois) liburuaren egokitzapenaz baliatu dira telesail landu eta oso interesgarria osatzeko. Liburu horretan Manuel Jabois idazleak ikerketa lana oinarri hartuta, 16 urteko Gabriel Montoya Vidal, Baby ezizenez ezagunan dena elkarrizketatzen du. Madrilgo 2004ko martxoaren 11ko atentatuengatik kondenatu zuten lehen pertsona izan zen. Montoyak eta José Emilio Suárez Trashorrasek dinamita garraiatzen lagundu zieten jihadistei. Bereziki bien arteko harremanean jarri dute arreta zuzendariek, izan ere, lehergailuak eskuratu eta garraiatu zituzten pertsonak izan baitziren, gerora 192 pertsonen bizitzekin akabatuko zuten lehergailuak. Bai gidoiak bai kamerak hurbiletik jarraitzen diote Babyri, haren bilakaera erakusteko eta etorkizuna aurreratzeko, eta horretarako denboran jauziak egiten dituzte etengabe. Argi dago protagonista nagusia Baby dela -Roberto Gutiérrez (heldua denean) eta Quim Ávila (nerabea denean) aktoreek bikainki hezurmamitzen dutena-, baina Pol Lopez nabarmenduko nuke gainerako antzezleen gainetik, Suárez Trashorrasen pertsonaia gorpuzten.
Telesailaren mamia atentatu horien berregitean egongo dela uste baduzu, oker zabiltza. Patxadaz garatzen baitu oso ondo landutako gidoia, eta egun horren aurretik gertatuko guztia zehaztasunez aletzen du.
10- ‘One day’ (Netflix)
Leo Woodall eta Ambika Mod aktoreen lana eta pertsonaien arteko kimika eta magnetismoa dira telesailaren euskarririk sendoenak. Harreman erromantiko eta adiskidetasun anbiguoaren arteko istorio gazi-gozo ederra eta dramatikoa osatu dute. Lehen atalean Dexter eta Emma ezagutuko ditugu, unibertsitateko graduazioaren unean. Elkarrekin joan dira festatik, gaua eta hurrengo eguna elkarrekin igaroko dituzte, baina horren ostean agurtu egingo dira -Dexterrek Frantziara bidaiatzeko asmoa du-. Ustekabeko elkartze iragankorra dirudien une hori, maitasun- eta adiskidetasun- istorio bihurtuko da hogei urtez.
19-38 minutu bitarteko hamalau atal ditu guztira telesailak eta horietako bakoitzean egun bat azaltzen da; lehen hamabietan 1988ko lehen egun hori eta 1999 bitarteko egunak. Azken bietan, aldiz, 2000-2007 urte bitartekoak. Ikusle gisa, protagonistei beti egun berean egingo diegu bisita, uztailaren 15ean. Egitura berezi horrek hutsuneak apurka betetzen lagunduko dizue. Soinu banda ederrekoa, espazioa eta denbora zentzuz erabiltzen dira telesailean, eta meheki garatzen da istorioa. Komedia erromantikoen osagarriekin hasten den arren, amaitzean ohartuko zara gehiago duela drama erromantikotik.
9- ‘The Curse’ (Skyshowtime)
Telesailaren sortzaileak Nathan Fielder eta Safdie anaietako bat dira. Whitney eta Asher Siegel (Nathan Fielder bera eta Emma Stone) ezkonberriak aurkeztuko dizkigute. Ume bat izateko ahaleginean ari diren bitartean, negozio berri bati ahalik eta etekinik handiena ateratzen saiatzen ari dira: Mexiko Berriko komunitate txiki bateko etxe hondatuak, luxuzko etxebizitza eko-jasangarri bihurtzea. Hala, bizilagun berriak erakarriko dituzte, zonaldea nolabait berpiztu egingo dute eta bertako bizilagunei mesedea egingo diete. Tira, bizilagunei baino, batez ere euren buruari. Proiektu horren berri izan ostean, Dougie izeneko telebista-ekoizle xelebre batek reality bat egiteko aukera ikusiko du. Bikoteak, jakina, parte hartzea erabakiko du. Telesaila garatu ahala, eremu gris etiko eta moralen sare misteriotsu batean harrapatuta geratuko da bikotea, harremana kolokan dagoen aldi berean. Gure gizartea modu hipokrita eta doilorrean islatzen du telesail honek. Ospe eta diru gehiago lortzeko helburuz, “aberats berriak“ deiturikoak, ustezko ekintza solidarioen bidez, beren irudia garbitzen eta zuritzen saiatzen diren gizarte bat.
Ideia horretatik tiraz, umore oso beltzaren eta satira sozialaren arteko nahasketa proposatzen du hasieratik telesailak. Lan sailkaezina da. Tonuari eta estiloari dagokienez, zin dagizut azkenaldian ikusi duzun proposamenik bitxiena dela, deserosoena, eta une batzuetan baita absurdoena ere. Umorea, drama, beldurra… ez dakit zein den etiketarik egokiena, egoera deseroso horien bidez, zenbait unetan, beldurraren eremura jauzi ere egiten baitu. Metafikzioa eta dokumental-faltsuaren lengoaiaz baliatzen da narrazioaren zenbait ikuspegirekin jolasteko. Ikusle-voyeur bilakatzen gara une askotan.
8- ‘Yo, Adicto’ (Disney +)
Javier Ginerren izen bereko liburu arrakastatsuaren egokitzapena da. Egilearen benetako gainditze istorioa azaltzen du; hainbat urte eman zituen alkoholarekiko, drogekiko eta sexuarekiko adikzioaren espiral autosuntsitzailean murgilduta. errehabilitazio prozesua eta drogekiko mendekotasuna gainditzeko borroka ditu ardatz telesailak, baina, testigantza pertsonal arrunta izateaz harago, adikzioaren izaeraren azterketa sakona eta latza egiten du.
Egitura narratiboa, eta gidoia oro har, telesailaren alderdirik sendoenetakoak dira. Maisuki egituratuta dago guztia; protagonistaren une intimo zein emozionalak ezin hobeto orekatu dituzte droga mendekotasunaren ondorio sozial eta psikologikoei buruzko azterketa zabalagoekin. Baina ekoizpen honen sostengurik eta euskarririk handiena aktoreen lana da. Oriol Plak egiten duen lana ikaragarria da, ezin deskribatuzkoa.
Ikus-entzunezkoetan, sarritan, adikzioaren eta osasun mentalaren gaiak modu desinformatu eta friboloan jorratzen dira, baina Yo, adicto-n ez da halakorik egiten; liburuarekin gertatu zen moduan, arazo hori duen jende askorentzat lagungarria izan daitekeen proposamen bat da; akaso haiei zuzendua dago lan hau.
7- ‘Say Nothing’ (Disney +)
Irlandako gatazka armatuaren testuinguruan kokatzen den fikziozko thrillerra da, "Troubles" izenez ezaguna den testuinguru historikoan; Ipar Irlandako gatazka politiko eta militarrean, IRA eta Erresuma Batuko indarrak aurrez aurre zeuden garaian. IRAko zenbait kideren bizitzak azalduko ditu; Price ahizpak izango dira istorioaren ardatza, Marian eta bereziki Dolours. Lehen unetik Belfasteko kaleetan murgilduko gaitu serieak; hiria bera narrazioaren beste protagonistetako bat izango da. 70eko eta 80ko hamarkadetako Belfasten birsorkuntza aparta da eta girotze lana xehetasunez josia dago.
Zalantzarik ez dago urteko telesail nabarmenetakoa dela -alderdi artistikoa, antzezpen lanak eta gidoia itzelak dira-, baina era honetako kontakizunetan, zeinetan emozioek gainezka egiten duten, zaila da ikusle gisa distantzia objektiboa mantentzea: gatazka guztietan gertatzen den moduan, norberaren ikuspuntu politikoa edo pertsonala jokoan sartzen da. Zentzu honetan telesailak zalantzak eragin ditzake; euskal gatazkari buruzko fikzio traketsenetan sarritan egin ohi den moduan, alde batekoak gaizkile, krudel, inozo edota gupidagabe moduan deskribatzen dira, beste aldekoak, aldiz, ez. Ahizpa protagonistak dualtasun interesgarri baten baitan erakusten dira, baina gainerako pertsonaiekin zurira ala beltzera jotzeko joera dago, grisik existituko ez balitz bezala. Bi alderdiak erakusten diren arren, balantza apur bat desorekatua dago. Galde diezaiotela bestela Gerry Adamsi.
6- ‘D'argent et de sang’ (Filmin)
Xavier Giannolik zuzendutako telesail frantziarra da, Fabrice Arfi-ren izen bereko liburuan oinarritua. Drama, thrillerra eta krimena nahasten ditu, eta Frantzian inoiz egon den iruzur fiskalik handienetako bati buruzkoa da: 2008 eta 2009 bitartean bertako hainbat enpresek karbonoarekin lotutako BEZaren bidez milioika euroko zerga iruzurra egin zuten. Klima aldaketaren aurkako politikak haien onurarako baliatuta antolatu zuten iruzurra. Hitz gutxitan azalduta: ordaintzen zuenak kutsatzeko eskubidea zuen. Frantziako hedabideek "Mendeko iruzurra" izena jarri zioten auziari.
Simon Weynachter (Vincent Lindon) da pertsonaia nagusietako bat. CO2-aren isurtze-eskubideen merkatuan hutsune legal bat aurkitu duen finantzaria da; hura ustiatzea eta gezurrezko enpresa sare bat sortzea du helburu. Horri esker, zergak saihestu eta dirutza irabazteko aukera izan du hilabete gutxitan. Bere gorakada meteorikoaren eraginez, Parisko elitearekin harremana izaten hasi da; baina erabaki horrek ustelkeria, engainu eta traizioz beteriko mundu ilun batera bultzatu du.
Serieak aberastasuna lortzeko behar den guztia egiteko prest dauden pertsonen anbizio neurrigabea eta ardura falta agerian uzten ditu. Narrazio zehatza, antzezpen lan bikainak eta tentsioa, suspensea eta kritika soziala trebetasunez orekatzen dituen gidoia dira telesailaren bertute nagusiak.
5- ’Baby Reindeer’ (Netflix)
Probokatzailea eta gordina da. Iluna eta deserosoa, baina Baby Reindeer telesailaren 30-45 minututako zazpi atalak etenik gabe irentsiko dituzu. Jazarpenari eta traumari buruzko erretratu nahiko konplexu eta gordina da. Donny-ren helburua komikoa izatean den arren, zerbitzari lanak egiten ditu pub batean. Tartean, ahal duenean, stand-up ikuskizunetan parte hartzen du. Tabernan lanean ari den egun horietako batean, Martha izeneko emakume bat eseriko da barran; triste eta goibel ikusten du. Donny-k sekulako pena sentituko du, emakumeak laguntza behar duela ohartu baita, eta te bat hartzera gonbidatuko du. Martha, haren adeitasunarengatik guztiz liluratuta, zerbitzariarekin obsesionatzen hasiko da. Hortik aurrera gertatuko den guztiak asaldatu egingo zaitu.
4- ‘Los años nuevos’ (Movistar +)
Hamar urte bikote baten bizitzan, hamar gabon zahar gau, eta hamar kapitulu; atal bakoitzean egun horietan gertatzen dena soilik ikusiko dugu. Premisa sinple eta zehatz horrekin, Rodrigo Sorogoyenek, Paula Fabrak eta Sara Canok sekulako harribitxia sortu dute. Ikusle gisa kapitulu bakoitzaren hasieran hasiko dugu bidaia, eta behatxulo batetik begira egongo bagina bezala, denbora-tarte horretan gertatzen denaren testigu izango gara. Gidoia biribila da; soila, zehatza, organikoa, samurra, detaile txikiz josia eta oso aberatsa. Oso ondo idatzitako narratibari esker, lehen ataletik azkeneraino harrapatuko zaitu eta emozioen zurrunbilo batean barneratuko zara. Gainera, istorioarekiko sentitzen dugun atxikimendua ez dator gidoi biraketa harrigarrietatik; hemen, epikotasuna intimitatetik jaioko da, gauza txikietatik, bi pertsonen arteko harremanetik: elkarrizketak, ekintzak, isiluneak, erabakiak… horiek guztiak ematen diote telesailari emozioa, mamia eta kolorea. Iria del Rio eta Francesco Carril aktoreen lana itzela da.
Berezko distira duen proposamena da; bizitzari, denboraren joan-etorriari eta giza harremanei buruzko ikuspegi zehatza, sakona eta batez ere errealistagatik nabarmentzen da. Bihotza hunkitzeko eta barrenak mugitzeko gai den harribitxia.
3- ‘Sambre’ (Movistar +)
Frantziaren historian emakume gehien bortxatu duen gizonezkoaren benetako kasua du hizpide; 80ko hamarkadan hasi eta 2018ra arte luzatu zen ikerketa. 30 urte baino gehiagoan garatzen den istorio honetan, gizartearen, erakundeen eta, jakina, biktimen bilakaera ikusiko duzue. Poliziaren eta sistema beraren etengabeko akatsak, zabarkeriak eta mespretxuak agerian geratuko dira. Kronika oso zehatza osatu du Lestradek; sotila bezain gordina da, biribila bezain aseptikoa, morboarengandik zein sentsazionalismotik ihes egiten duena, eta biktimak narrazioaren erdigunean kokatu ditu.
Alice Géraud-Arfi idazle frantziarraren izen bereko liburua izan dute oinarri; Lestrade-ek, Marc Herpoux-ek eta Géraud-Arfi-k berak osatu duten gidoia biribila iruditu zait, kasuaren erpin garrantzitsuenak ezin hobeto pantailaratu dituzte. Atal bakoitza ikerketaren garapenean funtsezkoa izan zen pertsonaia batean zentratzen da, eta gidoiaren egituran «nor izango ote da kriminala?» galdera hasieratik saihesten du; erasotzailea hasieratik ezagutzen dugu. Gainera, bortxatzailearen ekintza kriminalak ez ditu inongo momentutan erakusten, eta haren ondorio latzak baino ez ditugu ikusten. Nola izan zen posible, hain eremu txikian, 30 urtez gizon batek 50 emakume baino gehiago bortxatzea? Galdera horri erantzuna ematen saiatuko den miniserie biribila osatu du Lestradek eta bortxaketaren kultura gure sisteman zergatik dagoen hain errotuta erakusten du. Ikuspegi berritzailea eta narrazio zirraragarria eskaintzen duen ezinbesteko obra iruditu zait. Eredugarria da; benetako kasuak jorratzerako orduan fikzioak eman dezakeen (eta eman beharko lukeen) guztiaren adibide aparta da.
2- ‘Querer’ (Movistar +)
Zehaztasun ia kirurgikoz onespenaren eta tratu txarren inguruko erradiografia hiperrealista aparta osatu du Alauda Ruiz de Azuak. Hunkitzea eta batez ere gogoeta eragitea lortzen du ekoizpenak. Mirenen (Nagore Aranburu) bidaia judizial eta familiarra azalduko du; emakumeak Iñigo Gorosmendi (Pedro Casablanc) senarra salatuko du, 30 urtez ezkonduta egon ostean egindako bortxaketa jarraituengatik.
Onespenari buruzko elkarrizketak aktualitatearen erdigunean daude, eta duela sei bat urte pentsaezinak ziren gaiak birplanteatzen ari dira. Querer telesailak zorroztasun handiz, eta morboa saihestuz, eztabaida boteretsuak sortzeko gaitasuna du. Telesailak agerian uzten du askok ez dakitela biktima batek nola jokatzen duen, eta gehienetan norberaren ongizatetik epaituak izaten direla. «Zergatik ez zenuen ezer egin?»; «Zergatik ez zenuen garrasirik egin?»; «Zergatik ez zenuen lehenago salatu?»... eta halako galderak sarritan entzuten dira. Lan heldua, sotila eta oso ausarta osatu du Ruiz de Azuak. Erantzunak eman baino gehiago, ezkutuan dauden galderak agerian uzten dituen harribitxia da. «Maitasuna ikusezina delako, baina baita beldurra ere».
1- ‘Ripley’ (Netflix)
Istorioa 1960ko hamarkadan gertatzen da. Ameriketako Estatu Batuetako gizon aberats batek Tom Ripley kontratatu du, semea Italiatik etxera itzul dadin konbentzitzeko. Hortik aurrera, gezur-sare bat ehuntzen hasiko da. Hitchcocken oihartzunak dituen lan zoragarri horren argazki zuzendaritza aparta da, fotograma bakoitza artelana iruditu zait. Zinema klasiko beltzaren esentzia arnasten da une oro eta eszena bakoitzean argiaren eta itzalaren lan ia espresionista bikaina da, hamarrekoa. Ez dut kolorearen falta behin ere sumatu telesail osoan eta zuri-beltzak tarte zabala uzten dio irudimenari. Istorioa modu berezian ulertzeko aukera ere ematen du, distrakzio bisualik gabe, eta suspensea eta misterioa ere areagotu egiten dira; silueta gogorrak nabarmentzen dira, gorputzen ertzak, argi-ilunak, argi-kontrakoak… Zuri-beltzaren erabilerak ere distantzia moral moduko bat ezartzen du protagonistaren ekintzen eta ikuslearen begiradaren artean. Protagonista aipatuz, Andrew Scotten lana ere aparta iruditu zait, eta pertsonaiaren garapena zein arku dramatikoa itzela. Bere begiradek, isiluneek… pantailari iltzatuta mantendu naute. Kokalekua, Italia, ere zeinen ongi landua dagoen; narrazioa babesten eta elikatzen duen beste pertsonaia bat balitz bezala ageri da.
Kriminal baten bizitzaren azterketa zehatza lantzea zuten helburu, eta horretarako, Zaillianek protagonistaren urrats, portaera eta errutina bakoitza behatzen du, ekintza bakar bat alboratu gabe; xehetasun planoz josia dago telesaila. Zentzu horretan, kontakizunak eskatzen duen erritmo geldoa du, bereziki lehen ataletan, baina zuri-beltzaren amaraunak zeharo katigatuko zaitu hirugarren ataletik aurrera.