9A+ zailtasuneko bidea egitea lortu duen eskalatzaile euskalduna ezagutzen al duzu?
Ainhize Belar du izena eta Atxondokoa, Bizkaikoa, da. 18 urte besterik ez ditu, eta 1.57 neurtzen ditu. Espainiako Estatuan 9a+ zailtasuneko bidea egitea lortu duen lehen emakume eskalatzailea da, eta munduan beste bostek baino ez dute lortu halakorik. Baltzolako kobetako Iñi Ameriketan izeneko bidea osatuta iritsi da maila horretara.
Eskalatzaileak azaldu duenez, gaitasun zehatzagoak eskatzen ditu maila honek, "heldulekuak txikiagoak direlako eta pareta ere okertu egiten delako pixka bat". Eguraldiaren laguntza ere behar izaten da, heldulekuak asko bustitzen baitira euriarekin, eta horrek zailtasuna areagotzen du.
Bestelako erronkak ere baditu eskalatzaileak, bere altuera dela eta, bide alternatiboak bilatu behar izaten baititu, bere altuerara egokitutako heldulekuak izateko.
Urtebetean 9a-tik 9a+ mailara igarotzea lortu du bizkaitarrak. Ez da lorpen makala gero! Unibertsitateko ikasketak online egiten ari da eta horrek entrenatzeko denbora gehiago uzten diola argitu du. Duela gutxi Lezeko koban Zeledon bidea ere egin du, 9a mailakoa. Arroka-eskaladan aurrera egiten jarraitu nahi du eta Katalunia aldean bide berriak esploratzen.