Adimen artifiziala, ingurumenean ere bai
Artikulu honen bitartez, adimen artifizialaren erabilerak planetarengan izan dezakeen eragina aztertuko dugu. Onurei begiratuz gero, baliabide naturalen kudeaketaren optimizazioa aipatu genezake. Izan ere, adimen artifizialari esker eredu ala patroi klimatikoak aurreikusi daitezke, nekazaritzan uraren eta ongarrien erabilera hobeto kudeatu ahal izateko. Analisi eredu modernoagoei esker, noiz eta zenbat ureztatu jakin genezake, ur kontsumoa murriztu eta produktu kimikoen erabilera gutxitzeko. Produktibitatea handitzeaz gain, ingurumen inpaktua jaitsi eta eredu jasangarriagoa lor genezake.
Bestalde, teknologia berri honekin, sateliteko irudiak eta sentsoreetatik jasotako datuak azter daitezke, ekosistemetan eman daitezkeen aldaketak identifikatu eta desagertzeko arriskuan dauden espezieak monitorizatzea ahalbidetzen du. Hala, adibidez, espezieen jarraipena egin liteke, bai eta legez kanpoko jarduerak (zuhaitzak moztea, debekatutako ehiza…) eta baso suteak garaiz antzeman ere. Datu bilketa honek, gainera, erakundeek eta gobernuek datuetan oinarritutako erabakiak hartzea ahalbidetuko luke.
Horretaz gain, birziklatze prozesuak hobetzen lagundu lezake. Adimen artifiziala hondakinak modu eraginkorrean sailkatzeko gai da. Era berean, algoritmoen bidez, energia kontsumoaren optimizazioa ere lor daiteke. Eredu bat aipatzearren, AA sistemak gai dira okupazioaren eta eguneko orduaren arabera eraikin bateko berokuntza, aire girotua eta argiztapena automatikoki doitzeko.
Zoritxarrez, ordea, aipatu dugun bezala, adimen artifizialak ingurumen-erronkak ere planteatzen ditu. Alde batetik, energia handia eskatzen du. Teknologia honen ereduak entrenatzeko, bereziki eskala handikoen kasuan, energia kopuru masiboak behar izaten dira, beharrezkoa den potentzia konputazionala dela eta. Hala, eredu horiek dituzten datu-zentroek karbono aztarna handia sortzen dute ezinbestean.
Ideia bat egin dezazuen, berriki egindako ikerketek adierazten dutenez, tamaina handiko adimen artifizialeko eredu bakar baten entrenamenduak bost automobilek adina emisio eragin ditzake. Halako sistemen hazkundea kontuan izanda, etorkizunean egoera konplikatu baten aurrean egon gintezke.
Argindarraren kontsumoaz gain, datu-zentroek ur kantitate handiak behar dituzte erabiltzen dituzten zerbitzariak hozteko. Enpresa batzuk alternatiba jasangarriagoetan inbertitzen ari badira ere, hala nola energia berriztagarriko hozte-sistemetan, arazo honek bere horretan jarraitzen du neurri handi batean, batez ere ur-eskasia izan ohi duten eremuetan.
Adimen artifizialaren azpiegiturak eraikitzeko eta mantentzeko erabiltzen diren baliabide askok ingurumenarengan duten eragin negatiboa da beste arazoetako bat. Osagai elektronikoetarako behar diren mineralak kasu. Material horien meatzaritzak deforestazioa, uraren kutsadura eta bioaniztasunaren galera ekar ditzake erauzketa eremuetan. Ekimen batzuk osagai horien birziklatzea sustatzen ari badira ere, AAren hazkunde azkarrak azpiegitura jasangarriagoen beharra planteatzen du.
Zenbait konpainia eta ikerketa-zentro AA algoritmo eraginkorragoak garatzen ari dira, eta energia berriztagarriak erabiliz haien karbono-aztarna murrizteko moduak aztertzen. Gainera, "AA berdea" deitutakoaren garapena ikertzen ari dira. Ikerketa ildo honek, adimen artifizialeko sistemak jasangarriagoak egitea du helburu, energia-eraginkortasuna hobetuz eta ingurumen-inpaktua gutxituko duten azpiegiturak erabiliz.
Teknologia eta sistema berriak, ingurumen politika zorrotzekin batera, iraunkortasun globalerako tresna eraldatzaileak izan daitezke. Horretarako, ordea, funtsezkoa da berrikuntza teknologikoa epe luzerako ikuspegiarekin bultzatzea, planteatzen dituen onurak eta arrisku potentzialak kontuan hartuta.
Ikusi dugun bezala, beraz, adimen artifizialak potentzial handia du ingurumen-jasangarritasunerako. Baliabideak optimizatzetik hasi eta biodibertsitatea kontserbatzeraino, haren aplikazioek aurrerapauso nabarmenak iragartzen dituzte klima-aldaketaren aurkako borrokan. Hala ere, energia-kontsumo altuak eta AAko azpiegituren inpaktuak erronka garrantzitsuak planteatzen dituzte.
Horregatik, ingurumenean izan ditzakeen onurak ahalik eta gehien aprobetxatzeko, AA eraginkorragoa eta arduratsuagoa lortu behar da, inpaktu ekologikoa minimizatuko duena eta planeta jasangarriago bat lortzen lagunduko duena.