Adin guztietarako telesail gomendioak
COVID-19 gaitzari aurre egiteko orain arteko murrizketak are gehiago zorroztu zituzten atzo, eta orain indarrean dagoen etxeratze agindua 22:00etatik 06:00etara mugatuko dute adibidez. Ordu gehiago etxean egoteko beraz eta hemen nator, berriro ere, ordu horiek betetzeko adin guztietarako telesail gomendio sorta berri batekin.
‘Trollhunters’
(adin-tartea: ikusle guztientzat, haurrak bereziki)
Non ikusi? Netflix.
Etxeko txikiekin ikusteko animaziozko telesail aparta. Guillermo del Toro zinema zuzendari ezagunak sortua eta DreamWorks Animation-ek ekoiztua, 15 urteko Jim Lake Jr-en istorioa du ardatz, eskolara bidean amuleto mistiko batekin topo egiten duen gaztea. Objektu bitxi horri esker, bizi den herrixkaren azpian ezkutaturik, Troll-zibilizazio bat aurkituko du.
Abenturazko generoak eskaintzen dituen erremintak erabiliz eta animazioa helduleku gisa, telesail epiko bat ikusteko aukera izango duzu, entretenigarria eta fantastikoa. Haurrentzako zinema barruan kokatuko nukeen arren, etxeko nagusiekin batera ikustea gomendatzen dut, haurtzarora bidaiatzeko aukera izango baituzu. Narrazioa umeak harrapatzeko bezain sinplea den arren, atal konkretu batzuetan zirrara eta tentsio maila nabarmena topatuko duzue, zuek ere beraiekin batera harrapaturik geratzeko modukoa. Trama nagusia apurka garatzen joango dela ikusiko duzue, gidoi trinko bat osatu arte, baina garrantzitsuena, haurrek behar duten irisgarritasun hori inongo momentutan galdu gabe. Del Toro-ren eskua nabaria da ia minutu oro eta hori hainbat alorretan antzemango duzue: pertsonaia motak, gaizkileen konplexutasuna, beharrezko umore dosia edota genero fantastikoarekiko erakusten duen maitasuna.
‘Years and Years‘
(adin-tartea: 12 urtetik gorakoak)
Non ikusi? HBO.
Koronabirusaren eztanda honen barruan irmotasunez gomendatzen dizudan izenburua, bertan ikusiko dituzun irudiak fikzio hutsa diren arren, zoritxarrez, geroz eta ezagunagoak egingo zaizkizulako. 15 urteetan zehar, Lyon familiaren istorioa ikusteko aukera izango duzu, beti ere urte horietan gizarte britaniarrean – eta munduan- ezinbestekoak izango diren gertaera politiko, ekonomiko eta teknologikoek izango duten eragin ikaragarria kontua izanda.
Sinopsiak drama familiar arrunt baten inguruko istorio jasanezina eta errepikakorra irudituko zaizun arren, topatuko duzuna guztiz kontrakoa izango da. Errazago azaltzen saiatuko naiz. Hartu irabiagailua eta sartu: Black Mirror telesailaren xafla batzuk, Sense8-en eta This is Us-en pertsonaien mamia, drama, umore beltza eta distopia esentzia apur bat. Alexa, Brexita, transhumanismoa, errefuxiatuak, gidoi biraketa harrigarriak eta erritmo frenetikoa. Guztia ongi nahastu. Emaitza, HBOn ikusgai daukazun Years & Years telesaila. A ze harribitxia!
' The Great‘
(adin-tartea: 16 urtetik gorakoak)
Non ikusi? Rakuten TV
Katalina II.a Errusiakoa -edo Katalina Nagusia- boterera nola igo zen azaltzen duen telesaila. Sarrera hori irakurri ostean ez pentsa kontakizun historiko aspergarri eta astun bat ikusiko duzunik, guztiz kontrakoa, primeran pasako baituzu telesail dibertigarri hau ikusten. Benetako istorioa distortsionatzeko lizentzia hartzen baitu hasieratik, asko eskertu dudan umore-sen berezi eta dibertigarri baten mesedetan. Katalina Errusiakoaren igoerari islatzen du baina ukitu satiriko eta pop-modernoa erabiliz. Elkarrizketa eta egoera lizunez josia, tonu lotsagabea eta eszenaratze manierista dira kontakizun honen gakoak, umorearen azpian boterearen atzaparrak ezkutatzen diren bitartean.
‘Stranger Things’
(adin-tartea: ikusle guztientzat)
Non ikusi? Netflix.
Lehen denboraldiari esker batik bat, sare sozialak sutan jartzea lortu zuen telesaila. 80ko hamarkadako erreferentzia entsalada hau ikusteko, orduko luzeko maratoiak eta hainbat ekitaldi antolatu dituzte azken urteotan. Zein izan da baina, Duffer anaiek zanpatzea lortu duten tekla magiko hori? Telesailaren posterra ikuste hutsarekin -Drew Struzan marrazkilariari omenaldi nabarmena-, gure Delorean partikularrean 80ko hamarkadara bidaia egiteko aukera eskaini digutela. Sentsazioen berpizketa etengabea, eszenaratze perfektu batez lagunduta, karakterizazio eta interpretazio bikain batzuei esker eta ezin hobeto tartekaturiko beldur dosi txikiak erabiliaz. Umorea, zientzia fikzioa, suspensea, maitasuna eta akzioa modu hain orekatuan uztartzea ez baita batere erraza.
Familia osoarekin ikusteko izenburu aproposa iruditzen zaidan arren, Indiana Jones filmeko elkarrizketa guztiak buruz ez badakizkizu, zure etxean Ghostbusters filmaren posterrik ez badago, apalean zenituen VHS zaharkituak malenkoniaz gogoratzen ez badituzu, E.T.-ren soinu banda entzutean oilo-ipurdia jartzen ez bazaizu, bizikleta gainean abenturak bizitzea aspergarria iruditzen bazitzaizun edota basoaren erdian egurrezko etxolak inoiz eraiki ez badituzu; azken finean, 80ko hamarkadako seme-alaba ez bazara, gozamen mailak nabarmen egingo du behera, ekoizpen arrunta bilakatu arte. Duffer anaien lan hau pasioz ala axolagabetasunez bizitzea, zein urtetan jaio ala hezi zaren zuzenki proportzionala baita. Ala ez.
‘Mira lo que has hecho‘
(adin-tartea: 12 urtetik gorakoak)
Non ikusi? Movistar
Guraso izateak bizitzan dakarren erabateko aldaketari aurre egin behar dion bikote baten gaineko erradiografia berritzailea eta ausarta iruditu zait, ohikoa ez den ikuspegi batetik eraikia. Berto eta Sandraren bizitza kontatzen duen telesail dibertigarria eta une batzuetan baita dramatikoa ere, bi generoen arteko joko ezin orekatuagoan sostengatzen dena. Lorik gabeko gauak eta argibide-libururik gabeko “lana”. Bizitzaren errusiar mendiari fikzioaren bidez erritmoa jarriz, telesailak erakusten duen umore zorrotza eta gustu oneko drama apartak iruditzen zaizkit baina, ekoizpenaren arrakastarik handiena bizitza bera bezain erreala dela da. Hirugarren eta azken denboraldia maisuki itxi duen opari pozoitua iruditu zait, momenturik onenean agurtzen delako. Aparta.
‘The Office’
(adin-tartea: ikusle guztientzat)
Non ikusi?Amazon
Ordu gehiago etxean egoteko eta umorezko telesailik ez? Lasai, komediaren arloan inoiz egin den telesailik onenenetarikoaren inguruko sarrera irakurtzen ari zara eta. Halaxe da irakurle maitea, 9 denboraldi, 188 atal eta 2005-2013 bitarte AEB-tako NBC telebista katean eman zuten telesail hau, nire kuttunen kutxan, txoko pribilegiatua betetzen duen izenburua da. Dokumental faltsu formatuan grabatua, Dunder Mifflin izeneko paper enpresa baten egunerokoa islatzen du. Tira, enpresarena baino bertako langile xelebreena. Pertsonaia sorta zoragarri horien artetik gainera, Michael Scott izeneko nagusiarena nabarmenduko nuke, Steve Carell aktoreak gorpuztua. Mundu guztiak nagusitzat izan nahiko lukeen pertsona den arren, langile guztien amesgaizto bilakatuko dema. Andy Bernard, Dwight Schrute, Pam , Jim, Stanley, Angela, Kevin…
'Binge watching' edota atalak bata bestearen jarraian irensteko izenburu oso aproposa iruditzen zait, 30 minutu inguruko atal oso dibertigarriak eta arinak direlako, baina batez ere minutu horietan gertatuko zaizkien egoera surrealistek barrez lehertzeko gaitasuna dutelako. Amaitu aurretik oharra: lehen denboraldia ikusten hasten zarenean, denok izan dugun sentsazio bera izango duzu, “ ez zait gehiegi gustatzen, ez da oso barregarria…”. Pazientzia apur bat eskatu nahi nizuke beraz, atal gutxi batzuk igarotzean guztiok sentitu dugun lotura hori loratuko delako eta une horretatik aurrera “That's what she said” esaten amaituko duzulako.
'Hondar Ahoak'
(adin-tartea: 12 urtetik gorakoak)
Non ikusi? EITB-ko nahieran zerbitzuan
Thrillerretan eta zinema beltzean ohikoak diren elementuak biltzen ditu intrigazko istorio paregabe bat azaltzeko. Trama nagusia Ondarroan girotua dago eta itsasontzi baten patroiaren desagerpena ikertzea helburu duen polizia-inspektore baten etorrerarekin batera hasiko da istorioa.
Protagonista nagusiak Nagore Aranburu eta Eneko Sagardoy dira.Lehenak polizia-inspektorearen rola gorpuztuko du eta, bigarrenak aldiz, bere laguntzailearena. Broadchurch telesaileko Hardy eta Miller izan zitezkeen, Bron/Broen-eko Saga Norén eta Martin Rohde,eta bereziki The Killing-eko Linden eta Holder, baina Nerea inspektorea eta bere laguntzailea dira eta zeinen onak iruditu zaizkidan gainera. Erreferentzia entsalada aipatzen hasita, bereziki Sarah Linden detektibea etorri zait burura, Aranbururen pertsonaiak zuzenean Linden-en pertsonaiatik edaten duela uste baitut, baina gurera ekarria noski. Emakume antisozial bat gorpuzten baitu, itxura arduragabekoa, eta iraganeko deabruen menpe bizi dena. Elkarrizketaren bat edota egoeraren bat gustuko ez duenean, eten egiten du, inolako iragazkirik erabili gabe edota hitzerdika aritu gabe. Zuzena eta lehorra, baina oso eraginkorra. Sagardoy-k aldiz kontrapuntu gisa jokatzen du, eta tandem honi ukitu oso freskoa ematen dio.
Hondar Ahoak’ inoiz egin den euskal telesailik onenetarikoa dela esatea oso nabaria eta eztabaidaezina iruditzen zait. Zinemaren lurrina oso gutxitan usaindu dut euskal pantaila txikiaren eremuan, eta 'Hondar Ahoak' zinema da. Euskaldunok behar eta merezi genuen kalitatezko fikzioa iritsi da.
'Antidisturbios‘
(adin-tartea: 16 urtetik gorakoak)
Non ikusi? Movistar
Ohar garrantzitsua: Utzi aurreiritziak alde batera, honakoa ez baita istiluen kontrako polizien irudia zuritzeko sorturiko telesail trakets bat, ekoizpen paregabe honetan guztiz kontrakoa topatuko baituzu. Adrenalina hutsa da. Akzioa eta thriller poliziakoa uztartzen dituen eta pertsonaietan guztiz zentratzen den lehen mailako ikuskizun paregabea. Trataera bisuala indartsua eta ikusgarria izateaz gain, pertsonaien garapena inongo momentutan ahaztu gabe nabigatzen du irauten dituen sei atal bikainetan zehar. Sorogoyen zinegileak El Reino film bikainaren lorratza jarraitu du hain indartsuak ziren estetika eta narratiba txertatuz.
‘After Life’
(adin-tartea: 12 urtetik gorakoak)
Non ikusi? Netflix
Zenbat gustuko dudan Ricky Gervais eta zeinen trebea den drama eta umorearen arteko marra horren gainean ikuslearen sentimenduak astintzen. After Life telesailean, tonu malenkoniatsua erabiliz, protagonistak, emaztea hil ondoren jasaten duen min emozional guztia nola pairatzen duen kontatzen digu.
Gervais ezagutzen duzuenok, pentsa dezakezue bere ezaugarri diren iruzkin polemiko eta probokatzaileak jaurtitzeko erabiltzen duen beste ekoizpen bat izan daitekeela, baina ez. Doluaren esplorazio malenkoniatsu eta existentzial bikaina baita, bizitzarekin adiskidetzeko bidaia berezi bat. Asko hunkitu nauen telesaila da, asko gainera. Atal bakoitzak sentsazio berezi batekin utziko zaitu, eguneroko keinu eta xehetasun txikien aldeko aldarria eginaz. Umorea eta dramaren artean jolas egitea atsegin duela aipatu dizuet hasieran, baina telesail honetan une komikoek barrea eragingo dizuen arren, eztarrian korapilo bat jartzen zaizun unean askatzea kostako zaizula ohartarazten dizut. Drama baita ekoizpen honen zigilu nagusia.
‘Succession’
(adin-tartea: 16 urtetik gorakoak)
Non ikusi? HBO
Hasierako tituluen musika hipnotikoa, ikustear zauden mirari txiki honen aurrerapen paregabea irudituko zaizu. Etxean egoteko beharra izango ez bazenu ere, ziur nago telesail honi heltzen diozun unetik ez zarela etxeko lau hormen artetik mugitu ere egingo. Iaz estreinatu zen serie hau gomendatu nahi dizut, azken urteetako telesail zaparrada horren azpian, ezkutuan, ostrazismoan geratu den izenburu horietako bat iruditzen zaidalako. Familiari, aberastasunari eta botereari buruzko ikuspegi oso entretenigarri, mingarri eta autentikoa eskaintzeaz gain, umore beltz ukituak dituen melodrama shakespearetar paregabea iruditzen zait. Lehen segundotik erabat harrapaturik utziko zaituen ekoizpen zoragarria.
Pertsonaia jasanezinak eta gorrotagarriak, baina era berean maitagarriak sortzearen meritua dauka Jesse Armstrong sortzaileak. Baina pertsonaia horiek ez ditu zentzurik gabeko atalen artean sartu, gidoi biribil eta sendo baten laguntza izan baitute, beraien garapena txundigarria eta ia perfektua bilakatzeko.
‘Dark’
(adin-tartea: 16 urtetik gorakoak)
Non ikusi? Netflix.
Urrutiko agintearen tekla sakatu aurretik ohar garrantzitsua: telesail berezi honen trama labirintikoa jarraitzeko, kalkulagailua, bolaluma eta koadernoa gertu izatea gomendatzen dizut, une askotan nahasmenean erortzeko arriskua izango baituzu. Txundigarria irudituko zaizun istorio honen muina Alemaniako herrixka batean gertatzen da. Askok, helduentzako Stranger Things gisa etiketatu duten arren, Ikuspuntu eta atmosfera askoz ilunagoa duela iruditzen zait eta zentzu horretan gertuago dago Twin Peaks telesailetik. Lau denbora-tarte erabiliz (1952-1986-2019-2052), bi umeren desagerpen misteriotsua azalduko duen istorio bikain eta harrigarriaz gozatzeko aukera izango duzu.
Misterioz beteriko telesail mamitsua, istorioko pertsonaiek nahasten eta harilkatzen duten misterioa. Ikusleari ematen zaion informazioa oso zehatz neurtua dago eta tramaren korapiloak askatzen goazen neurrian, muinean, mendekotasuna sortzen duen gidoi xurgatzaile batekin egingo duzu topo. Erabat zoratuta eta txundituta amaituko duzu.
‘L'Effondrement’
(adin-tartea: 12 urtetik gorakoak)
Non ikusi? Filmin
2019ko telesaila den arren, 2020ko udako fenomenoan bilakatu den ekoizpena da zalantzarik gabe. Filmin plataforman txertatu izanak eman dion bultzada nabarmena izan da, baina batik bat, erakusten dituen irudiak, pandemia egoeran gaudenetik oso gertukoak eta ez hain arrotzak sentituko dituzulako. Zortzi atal, bakoitza sekuentzia plano bakar batean filmatuta. Hasieran ezagutzen ez dugun gertaera konkretu batek, gizartearen erabateko kolapsoa eragin du. Zortzi gertaera independente dira, kolapsoa eragin duen gertaeratik egun desberdinetan kokatuak. Bakoitza, denbora errealean filmatutako emozioen errusiar mendi bat da, non abentura, akzioa, drama, eta larritasuna, lehen pertsonan eta ekintzaren barnean egongo bagina bezala biziko dituzun, ia bideo-joko batean egongo bazina bezala.
Aho zabalik utziko zaituen telesail larrigarria eta frenetikoa. Aparta. Teknikoki, azken urteetan ikusi dudan proposamenik berritzaileenetarikoa. Lehen minutuan lepotik heldu eta azken segundoraino askatzen ez zaituen ekoizpen zorabiagarria. Guillaume Desjardins, Jérémy Bernard eta Bastien Ughetto, Les Parasites izeneko taldea osatzen duten hiru errealizadoreen lanari ez zaio meriturik falta, baina arrakastaren behin betiko bultzada bizi dugun pandemia bera izan da: 2019an filmatutako atalek, 2020an gertatutakoarekin hain modu nabarmenean hitz egiten dute, ezen ikustearen funtsezko zatia izaten amaitzen duten. Errealitateak telesailari lagundu badio, jariatzen duen errealismoak bere arrakasta errematatzea lortu du. Kolapsoa beldurra transmititzen duen istorioa da, erakusten duen gizartearen desintegrazioa guztiz sinesgarria delako.
‘Ted Lasso’
(adin-tartea: ikusle guztientzat)
Non ikusi? Apple Tv +
Galtzaileei buruzko telesail kaskarra espero nuen eta oso positiboki harritu nauela aitortu behar dizut. Ikusteko erraza eta oso atsegina den ekoizpen honetan Ted Lasso izeneko Futbol Amerikar entrenatzaile baten istorioa ikusteko aukera izango duzu. Ingalaterrako futbol talde batean zortea probatzea erabakiko duen arren, bere eskarmentu ezak, errezeloa eta mespretxua piztuko ditu jokalarien eta zaleen artean.
Jason Sudeikisek aurtengo gizonezko pertsonaiarik baikorrena, atseginena eta zintzoena gorpuztu duela iruditzen zait, baina garrantzitsuena, hau ez dela batere nekagarria. Argi dago futbolzaleek bereziki gozatuko duzuen ekoizpena dela, baina baita gainerakoak ere, asmo onen botereari buruzko komedia arina delako, eta futbola hori pantailaratzeko aitzakia baino ez. Feel-good movie azpigeneroaren baitan igerian dabilen ekoizpen hau, opari txiki bat iruditu zait, negatibotasunak guztia inbaditzen duen garaiotan bereziki gozatuko duzuena.
Komediaren barruan drama zantzu batzuk ere tartekatzen dituen arren, oso era orekatuan erabiltzen ditu, komedia estatubatuarraren eta britainiarraren arteko gurutzaketa ezin hobea lortuz.