Adiskidetasun harremanak zazpi urte baino gehiago iraun baditu, betiko izan liteke?

Adiskidetasun harremanak zazpi urte baino gehiago iraun baditu, betiko izan liteke? Zure gertuko lagunak noiztik dira zure lagun eta zer harreman duzu haiekin? Artikulu honek zer pentsatua emango dizu. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/adiskidetasun-harremanak-zazpi-urte-baino-gehiago-iraun-baditu-betiko-izan-liteke/@@download/image/pexels-nicolas-lobos-269096520-24032478.jpg
2025/02/21

Testua: Maitane Legarreta

Zure gertuko lagunak noiztik dira zure lagun eta zer harreman duzu haiekin? Artikulu honek zer pentsatua emango dizu.
Adiskidetasun harremanak zazpi urte baino gehiago iraun baditu, betiko izan liteke?

Sarritan esaten da ezer ez dela betiko. Ezta lagunak ere. Umetatik gure ingurunean laguntasun harremanak sortzen hasten gara: eskolakoak; inguruan bizi direnak; parkean, kiroletan edo beste zaletasun baten bidez ezagututakoak... Adinean aurrera egin ahala, gehiago kostatzen da jende berria ezagutu eta adiskidetasun harremanak sortzea.

Gerald Mollenhorst nederlandarrak egindako ikerketaren arabera, zazpi urte baino gehiagoko iraupena duten adiskidetasun harremanak betiko izateko aukera handia dago. Izan ere, zazpi urtean behin gure gertuko lagunen erdiak-edo galtzen omen ditugu.

Bestetik, ikerketaren bidez berretsi du inguruak eragin handia duela gure adiskideen hautaketan. Besteekin tartetxo txiki batez baino denbora gehiagoz elkartzeko dugun aukerak baldintzatzen ditu gure adiskidetasunak. Gainera, sarritan, aurrez lagun bat egin genuen testuinguru bereko norbait hautatzen dugu.

Bakoitzaren ingurua edo bizimoldea aldatzen denean, ez da erraza izaten harremanei eustea. Baina aurrera egiten dutenak lotura emozional handia dagoelako izaten da, eta denbora eta ahalegina eskaintzen zaielako.

Robin Dunbar psikologoaren arabera, zazpi alor garrantzitsu daude adiskidetasun sendoak sortu eta mantentzeko garaian: elkar ulertzea, antzeko lan ibilbideak izatea, umorea, zonalde berean hazi izana, eta zaletasunak, ikuspuntuak eta musika gustuak partekatzea. Harreman guztiek ez dituzte zazpi puntuak betetzen, noski, baina zenbat eta gauza komun gehiago izan, orduan eta estuagoa izango da harremana.

Kansaseko Unibertsitateko Harreman eta Teknoknologia Laborategiaren zuzendariak azaldutakoa kontuan izanda, bi lagunek gutxienez 300 ordu igaro behar omen dituzte elkarrekin lagun-min bilakatzeko edo bide horretan murgiltzeko.

Harremanak askatzea onuragarria da, hala behar denean, baina baita guretzat garrantzitsuak direnak zaintzea ere. Bestela galde diezaiogun gure buruari, zer egingo genuke lagunik gabe?