'Adventskalender' edo abenduko egutegia: egun bakoitzean oparitxo bat

Abenduaren 1etik 24ra bitarteko egutegi honetan, era guztietako sorpresak aurki ditzakezu.

Alemaniar jatorria duen abenduko egutegi berezi honek Eguberriak arteko kontaketa egiten du, abenduaren 1etik 24ra bitarte. Edozein material erabili ohi da hau egiteko, ohikoena kartoizkoa izaten den arren. Barruan 24 kutxa tapadun izaten ditu eta kutxen barnean mota askotariko produktuak sar daitezke, bakoitzean bana, norberaren nahien arabera. Zenbakitu egiten dira, egun bakoitzeko bat, eta, hala, egun bakoitzean dagokiona zabaltzen da.

Antza denez, ohitura honek Alemanian du jatorria, XIX.mendean, eta Adventskalender du izena. Abendualdian egiten zen, Eguberri aurreko lau asteen tarte horretan, eta haur protestanteek kandela bat pizten zuten egun bakoitzeko. Hasiera azaroaren 27tik abenduaren 3ra bitarte izan zitekeen, eta amaiera, berriz, Gabon gauean.

Ordutik zabaldu eta aldatu egin da ohitura, sekular bihurtu da eta zenbait kasutan baita kontsumoarekin lotu ere. Orain abenduaren 1etik 24ra izan ohi da egutegia eta kandelak piztu beharrean, oparitxoak jasotzen dira. 1920an txokolate tabletak zituen egutegia kaleratu zuten lehen aldiz, itxaronaldia gozatu nahian.

Egun, bonboi edo txokolatinez gain, edozein motatako gauzak izaten dira egutegian: liburuxkak, jostailuak, gozokiak, te poltsak, makillajea, koloniak, garagardoa, panpintxoak, gourmet produktuak...

Norberak bere erara egina
Opariak egitea edota ezustekoak ematea gustuko baduzu, zure egutegia sor dezakezu maite duzun norbaitentzat. Kaxatxoak ez badituzu, komuneko kartoizko paper-biribilkiak edota egunkari edo aldizkari paperak erabil daitezke kaxatxoak egiteko. Kaxa bakoitzaren barruan zuk gogoko duzun sorpresa bat sartu behar duzu, zeuk egindako zer edo zer ala erosia. Kaxa bakoitza 1etik 24ra zenbakitu behar da. Azkenik, kaxatxoak ilaran jarri behar dituzu sailkatuta; lotuta, zintzilik edo kartoizko kaxa handiago baten barruan sartu ditzakezu, lerro bakoitzean hainbat kaxa jarrita, eta bata bestearen azpian lerrokatuta. Dena den, egiteko modu asko daude, tartean oihalezkoak edota plastikozko edalontziekin eginak, eta irudimena eta norberaren nortasunari ere bidea egin behar zaio.