Ahaztu zure lan akademikoak ChatGPT-rekin egiteaz

OpenAI erakundeak testuetan “ur-markak” gehitu litzake.

Sam Altman-en erakundeak (OpenAI) ChatGPTrekin idatzitako testuak identifikatzeko tresna bat sortu du, eta dirudienez, zehaztasun handiko tresna da. Momentuz, kaleratze datarik ez da ezagutzen. 

Adimen Artifizialean (AA) oinarritutako aurrerapenak itxaropentsuak dira, hainbat lanbidetan erabilgarriak baitira produktibitaterako, nahiz eta ez diren beti AAren ahalmenak modu positiboan erabiltzen. 

Zenbait erakundek AA jarri duten lehen pertsonak zeuden postuetan eta ikasle askok euren lan akademikoak ChatGPT erabiliz burutzen dituzte. Azken erabilera honetan sakonduz, aipatu behar da testuak garatzerako orduan ChatGPTren eraginkortasuna izugarria dela, erabiltzaile bakoitzaren eskakizunetara egokitzen baita. Horrenbeste, ezen ikasle askok zuzenean ChatGPT erabiltzen duten euren eskola edo unibertsitateko lanak egiteko, buruari lan gehiegi eman gabe. Egoera honen aurrean, ikusirik ikasle askok, euren testu propioak sortu beharrean, ChatGPT momentu oro erabiltzen dutela, irakasle askok testu artifizialak atzemateko detektagailuak erabiltzen hasi dira. 

Detektagailu ugari badaude ere, OpenAI-k iragarri duenez, ChatGPTrekin idatzitako testuak identifikatzeko detektagailurik zehatzena sortu omen du, “ur-marka” ikusezin moduko bat. Modu honetan, tranpa egiten duten ikasleak berehala, klik bakarrarekin, harrapatu litezke. 

The Wall Street Journal hedabideak zabaldu duenez “ur-marka” berritzaile honek AAren bidez idatziak izan diren testuak idenfikatzeko ahalmena du. Alabaina, OpenAI erakundeak dudak ditu berau kaleratu ala ez. Arrazoia? ChatGPT benetan ikasteko erabiltzen duten ikasleei eragingo liekeela, batez ere euren ama hizkuntza ingelesa ez duten ikasleei.

Gainera, erakundeak adierazi du, garatzen ari diren "ur-markaren" metodoa itxaropentsua bada ere teknikoki, arrisku garrantzitsuak ere izan ditzakeela. Adierazi dutenez, arrisku horiek ikertzen ari dira oraintxe, nahiz eta ez duten zehaztu zein diren.

"Ur-marka" ikusezina litzateke
"Ur-marka" honekin, OpenAI ChatGPTren testuak atzematera mugatuko litzateke soilik eta ez luke AA zerbitzuak eskaintzen dituzten beste erakundeetara zabalduko tresna. "Ur-marka" honek ChatGPT-ek hitzak aukeratzeko duen moduan aldaketa txikiak egingo lituzke “ur-marka” ikusezin bat sortzeko. Ondoren, "ur-marka" hori, beste tresna independente batekin atzeman ahal izango da. 

Erakundearen beldurra da testuetako ur-markek “AAren erabilera estigmatizatuko lukeela”. Izan ere, aipatu dugun bezala, “jatorrizko hizkuntza ingelesa ez duten hiztunentzat idazketa tresna izugarri erabilgarria da”, esan du OpenAI-k.