Ainara Elbusto: "‘Fixed’-ean funtsezkoa da bost zentzumenak adi edukitzea"

Ainara Elbusto: "‘Fixed’-ean funtsezkoa da bost zentzumenak adi edukitzea" https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2015/01/15
elkarrizketa
TESTUA: SAIOA BALEZTENA @SaioB. Argazkiak: Quique Bueno
Ainara Elbusto: "‘Fixed’-ean funtsezkoa da bost  zentzumenak adi edukitzea"
Hamaika urterekin egin zuen Ainara Elbustok (Zurukuain, 1992) lehen
txirrindularitza lasterketa, eta ordutik, errepidean zein pistan emaitza bikainak lortu ditu. Iaz ‘fixed’ bizikletarekin kaleko zirkuituan lehiatzea zer den
probatu eta nazioarteko Red Hook Crit serieetan gailendu zen.


Herentziaz jaso duzu txirrindulari sena, baina noiz eta nola hasi zinen?
Ibiltzen ikasi bezain azkar, bizikleta gainean negoen, eta hamaika urte nituenean lehiatu nuen lehen lasterketa nire herritik gertu, Murietan (Nafarroa). Oraindik gogoratzen ditut garai hartako entrenatzailearen aholkua: tropelean kontuz ibiltzeko eskatzen zidan, aurrera egiteko gogoz nintzelako beti.

Zurukuain txirrindulari handien sorlekua da.
Bai. Egia esan, familian eta herrian lotura berezia izan dugu txirrindularitzarekiko, eta horrek, zalantzarik gabe, eragina izan du nire ibilbidean. Zurukuain herri txikia da, baina bertatik Roberto Lezaun, Alan Perez edota nire anaia Mikelen mailako txirrindulariek marka handiak lortu dituzte.

Hamaika urterekin egin zenuen lehen lasterketa, baina profesionalki noiz debutatu zenuen?
Pistako profesional bezala Reyno de Navarra WRC taldean hasi nintzen, duela lau urte. Pistako modalitatean guztira lau emakumek eta bi gizonek lehiatzen dugu, eta errepidean, aldiz, hamasei neskak osatzen dugu taldea.

Errepidea eta pista ezagutzen zenituen, baina 2014an, ‘fixed’ bizikletarekin errepideko zirkuituan lehiatu zara, Red Hook Crit serieetan.
Bai, lehen froga New Yorken izan zen, ez nintzen joan, eta bigarrenean, Bartzelonan, lehen aldiz lehiatu nintzen modalitate horretan. Ez nuen ezagutzen, baina saiakera egin eta pozik gelditu nintzen. Guztia berria zen niretzat, eta beste mundu batean sentitzen nintzen; giroaz izugarri gozatu nuen! Bartzelonan irabazi egin nuen, Milanen bigarren geratu nintzen, eta ondorioz RHC serieetan ere gailendu egin nintzen. Horrek datorren urtean New Yorken lehiatzeko ateak ireki dizkit.

Zein da ohiko bizikleten eta ‘fixed’ bizikleten arteko ezberdintasuna?
Ohiko bizikletek balaztak dituzte eta martxak aldatu daitezke. Fixed txirrindulek koadro zurrunagoa dute, pinoi finkoa eta ez dute eskuko balaztarik.

Froga zenbateraino aldatzen da bizikleta horiekin?
Sentsazio ezsberdinak bizitzen ditu txirrindulariak. Taldean joaten garenez, eta bihurguneak peralterik gabekoak direnez, tentsio izugarria dago froga guztian zehar, eta funtsezkoa da bost zentzumenak adi edukitzea.

Euskal Herrian badago modalitate honekiko zaletasunik?
Orain arte ezezaguna zen askorentzat, baita niretzat ere, kanpoan ezagunagoa bada ere. Baina gutxinaka-gutxinaka indarra hartzen ari da, eta hein berean, zaletasuna ere goruntz doa.

Tira, labur-labur, nola lehiatzen da Red Hook Crit-a?
Bi kilometro inguruko zirkuituan egiten da. Goizean sailkapena jokatzen da, eta txirrindulari bakoitzaren birarik azkarrenaren denbora hartzen da kontutan arratsalderako zein sailkatzen diren jakiteko. Arratsaldeko lasterketa hogei bira ingurukoa izaten da.

2014an, errepidean, pistan eta RHC-ean lehiatu zinen. Zein maite duzu gehien?
Errepidean eta RHC-ean sentitzen naiz hobekien, nahiz eta azken hori niretzat erabat berria izan. Nagusiki, baina, errepiderako prestaketa egiten dut, pistako entrenamendu zehatzekin tartekatuta. Hala ere, hirurak bateragarriak dira, eta horregatik, aurrerantzean hiru modalitateetan lehiatzen jarraitu nahiko nuke.

Itzuli gaitezen taldera. Reyno de Navarra WRC taleak duen filosofiak erakarrita sartu omen zinen. Zertan desberdintzen da gainontzekoekin?
Garaipenari baino, ikaskuntzari ematen diogu garrantzia, eta horrek erakartzen dit gehien, konpromisoa baitago guztiaren gainetik... Familia txiki bat gara, eta oso eroso sentitzen naiz bertan.

Datozen egun eta asteetan lasterketarik izango duzu?
Laster Portugalen pistako bi froga ditugu, eta Kolonbian egingo den Munduko Kopan ere parte hartuko dugu. Horren ondotik, laster hasiko da errepideko denboraldia, eta martxoan Brooklinen izango naiz, New Yorken, RHC-eko 2015eko lehen frogan.

Noiz hasi eta bukatzen dira denboraldiak zuretzat?
Gure taldearen egutegia hamabi hilabetekoa da. Errepideko txapelketak udan izaten dira normalean, baina pistako lasterketak urte osoan zehar banatzen dira.

Atsedenaldirik ez duzu izaten, orduan? 
Bai, izaten ditugu. ‘Mikroatsedenaldiak’ izaten dira. Gorputzak deskantsatzea garrantzitsua da, baina, batez ere, psikologikoki atsedenaldiak hartzea da funtsezkoa. Zentzu horretan, oso pozik nago, izan ere, profesionalez osatutako talde itzela dugu!

Zein da zure egunerokoa?
Goizeko 8:30etan esnatu eta arrabolan aritzen naiz 30 minutuz. Ondoren, gosaldu eta kalera ateratzen naiz entrenatzera, hiru edo lau orduz. Hori gimnasioarekin eta igeriketarekin uztartzen dut, tarteka, sasoiaren arabera. Arratsaldetan, aldiz, bazkaldu eta etenaldi bat egin ondoren ikasi egiten dut.

Etorkizunari begira, zein dira zure erronka nagusiak?
Kirolari bezala garatzen jarraitu nahi dut, pertsona gisa ere garatzen naizelako hein berean.