Aitanaren azken abestia eta Sebastian Yatrari erreferentziak
Aitana abeslari bartzelonarrak kaleratu berri duen singleak Sebastian Yatra bikotekide ohiarekin izandako harremanari buruzko xehetasunak ditu. Aztertu letra gurekin eta ea zer iruditzen zaizun!
Ohikoa da musikarien kantuetan norberaren edo ingurukoen bizipenak islatzea, eta baita irudimena erabiltzea ere noski. Baina norberak bizitako esperientzia eta emozioen indarra erakargarria izaten da kantuetarako, eta entzuleei ere euren bizipenekin identifikatzeko aukera ematen die.
Kontua da jende ezagunaren kasuan morbo handiagoa eragiten duela, batez ere bikotekidea ere ezaguna denean. Taylor Swiften kantu bakoitza aztertzen dute zaleek eta komunikabideek, zein bikotekide edo bikotekide ohiri buruz arituko den asmatu nahian, eta hari eta harremanari buruzko informazioa eta txutxu-mutxuak atera nahian. Shakiraren kasua ere hor dago, Bizarrapekin egindako kantua Piqueri eta haren bikotekideari egindako erreferentziaz josia dago eta sekulako zalaparta sortu zuen kaleratu zen garaian.
Horren adibide da Aitana musikari bartzelonarra ere. Sebastian Yatra kantari kolonbiarrarekin izandako harremanetik hainbat kantu sortu dira, eta elkarrekin ere egin zuten bat baino gehiago, tartean Akureyri izenekoa. Duela gutxi kaleratu du Aitanak bere azken kantua, Segundo intento izenekoa, Sebastian Yatrarekin harremana eten ondoren elkarri eman zioten bigarren aukerari buruzkoa. Antza denez, joan den abuztuan eten zuten harremana, Aitanak berak kontzertu batean esandakoarekin baieztatu zuenez.
Hona hemen Segundo intento izeneko kantuaren letratik bion arteko istorioari buruz ondoriozta daitekeena:
🎤"Egindakoa eginda dago, espero nuen"
Esaldi hori irakurrita, argi dago harremanaren amaierak ez zuela Aitana ezustean harrapatu. Bigarren saiakera zuten, eta, antza denez, bigarren aldi honetan sumatzen zuen ez zutela iraungo.
🎤 "Etzanda, sabaiari begira, zu gabe nire ohean"
Bakardade unea islatzen du, harremanaren etenaren ondorengo hutsunea. Intimitate une horien oroitzapenak eta pertsona horrekin gogoratzea.
🎤"Aitortzen dizut, banekien bazetorrela"
Hemen, kantuaren hasieran bezala, banaketa espero zuela nabarmentzen du. Zergatik ez? Auskalo, distantzia, egonkortasun edo konpromiso falta, euren arteko gorabeherak...
🎤 "Hiru hilabete igaro ditut bakarrik, sendatzen ari naiz"
Kantu hau harremanaren etetik hiru hilabetera idatziko zuen. Abuztuan elkartu omen zen Yatra Aitanarekin, bere erabakia jakinarazteko, beraz, azarokoa izango litzateke. Litekeena da abestia lehenago idatzi eta esaldi hau geroago erantsi izana ere, abestien moldaketen prozesuan.
🎤"Faltan sumatzen dut zu eta ni hemen, nire gelan"
Hemen ere nostalgia ageri da. Iragandako une politek sortzen duten malenkonia gailentzen da batzuetan, harremana zergatik amaitu den ahaztuta. Dena den, horrek ez du esan nahi Yatrarekin zuen harremana berreskuratu nahi duenik.
🎤"Ez da ezer gertatzen, badakit normala dela/ Gaizki sentitzen ari ginen".
Ziur asko ez zen une jakin bateko gertaera potolo batengatik izan, eztabaida gogor bat edo adarrak jartzeagatik, baizik eta harremanaren beraren higaduragatik. Harremanak batzuetan azkar hozten dira, puntu berean ez egoteagatik.
🎤"Hasiera bakoitzak izaten du bere amaiera"
Zenbatetan esan edo pentsatu ote dugu hau! Amaierak onartzeko prozesuaren parte izan ohi da.
🎤 "Ez da egin izana, egiteko modua baizik"
Hemen Yatrari kargu hartu dio. Ez dago minduta harremana eten zuelako, baizik eta moduagatik. Ez da egoera erraza izaten, baina kontuan hartu behar da bestearen posizioa eta sentimenduak.
🎤"Ez da alde egin izana, nola alde egin zenuen baizik"
Hemen ere ideia berari heltzen dio, bere mina, ekintzatik baino, moduagatik sortu da, Yatrak izandako jarreragatik. Antza denez, erabakia berea izan zen eta ez zuen oso modu egokian egin. Hortik dator Aitanaren dezepzioa.
🎤"Oraindik ere min ematen dit, sinetsi egin nizulako"
Hitz emandakoa bete ez izana leporatzen dio hemen. Ilusioak puztu eta burbuila lehertzean sentitzen dena. Eta zauria guztiz sendatu gabe du oraindik.
🎤"Hainbeste hitz eman zenidan bigarren saiakeran/ Eta hain denbora-tarte laburrean agurtu zinen"
Hemen ere esandakoaren eta egindakoaren arteko koherentzia falta nabarmendu du. Lagun izatetik bikote izatera igaro ziren, lehen aldia amaitu zen, bigarrenean berriz saiatu ziren, baina ez zen bete espero zuena eta berehala desegin zen.
🎤"Ez itzuli berriz, ohartarazi nizun"
Aitanak bere muga ezartzen du eta argi uzten dio zer nahi duen. Ez du bueltatzerik nahi, ez baitu bere sentimenduekin jolasterik nahi. Beraz, ateak ixten dizkio hirugarren saiakerari.
🎤 "Badakit agian beharrezkoa zela hitz egitea/ Eta nik ez dizut hitz egin nahi"
Badirudi azken elkarrizketarik ez dutela izan, gauzak argitzeko, eta itxi gabe geratu direla zenbait kontu. Baina Aitanak ez du azalpenik edo aitzakiarik nahi. Bien artean distantzia jartzea erabaki du.
🎤"Zu jada ez zara hainbesterako, hau ez dut gehiago jasango"
Nostalgia eta malenkonia agertu bada ere, azken esaldi hauetan distantzia emozionala ageri da edo bukaera finkatzeko nahia behintzat. Jada ez du sentitzen lehen sentitzen zuena, ez dago lehen bezain txoratua berarekin, eta nahikoa dela erabaki du.
🎤"Baina bioi buruzko abestia entzuten dut/ Eta hemen zaudela iruditzen zait"
Emozio kontrajarriak bueltan dira ordea. Yatraren kantuak, edo akaso Aitarenak berarenak, elkarrekin bizi izandakoa ekartzen diote gogora. Horregatik, zaila da erabat ahaztea.
🎤"Nire buruari galdetzen diot ea nigan pentsatzen ote duzun/ Hala ote da? Hala ote da?
Pentsamenduak eta sentimenduak kontrolatzea ez da erraza izaten, eta oraindik ere bere pentsamenduetan du bikotekide ohia. Hark ere bere falta sumatzen ote duen galdetzen dio bere buruari. Atea itxi du, baina tarteka bueltan datoz sentipenak.
Zer iruditzen zaizu zuri? Jarraipenik izango ote du istorio honek? Eman zure iritzia gure sare sozialetan!