Aitziber Garmendia: "Babarrunak odolkiarekin prestatuko nituzke lehen zita batean"

Hamaika roletan ikusi dugu Aitziber Garmendia aktorea (Zaldibia, 1982): Telebistan zein taula gainean, bere ohiko irribarre bihurriarekin ‘Martin’ telesailean edota ‘Zuek hor’ eta ‘Batek Daki’ saioan. ‘Uda gau bateko ametsa’ antzezlanean amets egitera gonbidatu gintuen; eta Garmendiak, zerekin egiten du amets?

• Noizbait bero-bero jarri zaituen telesaila?
Telesailik ez, baina Historias del Cronen filma ikusi nuen nerabezaroan eta eszena erotikoekin erabat aztoratuta irten ginela gogoratzen dut!

• Noiz eman zenuen zure lehen muxua?

15 urterekin, eta nazka piskat eman zidan.



• Zure ustez, zer da zita batean inoiz esan behar ez dena?
Telebistan altuagoa ematen duzu. Esan izan didate...

• Zein da ligatzeko erabili duzun trikimailurik onena?
Kasurik ez egitea, pentsatuz nigan ez zela sekula fijatuko. Baina ez zen trikimailu konsziente bat izan.

• Noizbait erabili al dituzu zure aktore dohainak ligatzeko?
Ligatzeko, errieta bat ekiditeko, azterketa baterako, negoziazioetarako… Gauza askotarako!

• Sare sozialak ala zita tradizional bat nahiago?
Word dokumentuak kontrolatzearekin nahiko lan dut, nahiago era tradizionala horretarako.

• Ligatzeko zeinek ematen du emaitza hobea, parrandaz parranda ibiltzea ala ikastaroren bat egitea?
Parrandetan lagun artean "anormalarena" egiten ibiltzen naiz beti barrez lehertu arte, eta ez dut uste ligatzeko aukera handirik uzten dudanik.

• Zita batean, zuk ematen al duzu lehen pausua?

Normalean nahiago besteak aurrea hartzea, baina beti dago salbuespenen bat.

• Ze menu prestatuko zenuke lehen zita batean?

Babarrunak odolkiarekin. Jakin dezala lehenengo momentutik zein den nire plater gogokoena.

• Ze abestirekin izan duzu arrakasta?
Georgie Dannen La barbacoarekin. Lotsagarria da, badakit.

• Inoiz eman dizuten gomendiorik onena ligatzeko?

Puzker bat bota berritan ez gerturatu.

• Eta txarrena?

Ilea asko ikutu eta ezpainei kozka egin, gustukoa dudala konturatu dadin. Ez du funtzionatzen, zorriak nituela ematen zuen.



• Zein da zurekin hobekien funtzionatu duen esaldia oheratzeko?
"Urdaiazpiko iberikoa erosi dut bihar gosaltzeko".

• Zein da inoiz egin dizuten proposamenik zoroena?
Kuban, mutiko batek esan zidan "kalea gurutzatu aurretik, nahi baduzu bost ume egingo dizkizut".

Eta baiezkoa eman al zenuen?
Bost ume, 25 urterekin? Bufff, ez.

• Grabatu al duzu inoiz zeure burua larrua jotzen?

Horixe bakarrik behar genuen, egun osoa ematen dut kamera aurrean!