Alaine Agirrek irabazi du 43. Lizardi Saria, 'Euri eta ateri' lanarekin
Alaine Agirre Garmendia bermeotar idazleak irabazi du Lizardi Sariaren 43. edizioa, Euri eta ateri lanarengatik. Sari hau lortzen duen bigarren aldia da, 33.edizioan ere berak sortutako Hau ez da zoo bat lana izan baitzen garaile.
Yolanda Arrieta, Nerea Loiola eta Amaia Serranok osatu dute epaimahaia eta honela arrazoitu dute aukeraketa: “Euri eta ateri narrazioak lehen esalditik harrapatzen du irakurlea. Egoerak gain eginda dagoen pertsonaia baten ezinegona agertzen du, dramatismo orotik urrun, umorea eta ironia bidelagun hartuta, dotore, fin eta trebe".
Hizkuntzaren maila eta estiloa ere nabarmendu dute: "Hizkuntza maila paregabea erakusten du testuak, literatura darie bertako onomatopeia, hitz joko zein egoera surrealistei. Erritmo bizia du kontakizunak, eta narratzaileak aise darama irakurlea bizipen batetik bestera, saltoka eta itzulipurdika, etenik gabeko jolasean. Idazleak darabilen estiloak arindu egiten du pertsonaiak bizi duen zama, eta arnasa horrek testua hasieratik amaieraraino irribarrez irakurtzera bultzatzen du. Haurrentzako kontakizuna izanagatik, hainbat geruza erakusten ditu, eta horregatik esan dezakegu Euri eta ateri lanak agerian jartzen dituela Haur Literaturari dagozkion duintasuna eta maila gorena”.
Agirrek 5.500 euro jasoko ditu eta idazleak liburua ilustratzeko aukeratutako ilustratzailearen lana 1.000 eurorekin lagunduko du Zarauzko Udalak. Lana datorren urteko apirilaren 2an aurkeztuko da Zarautzen, sari-emate ekitaldian.