Alkizako Sormenaren Kabia 2020
Alkiza, bere kokapen geografikoagatik, gune estrategiko batean dagoela konbentzituta daude: Hernio mendiaren magalean, Europako Natura 2000 Sare ekologikoaren baitan aitortutako naturagune zoragarri baten erdian dago. Gipuzkoaren bihotzean, herri giro lasaia eskaintzen du baina, aldi berean, kilometro gutxira dituzte Donostia, Baiona, Bilbo naiz Euskal Herriko gainerako hiriburuak zein aireportuak ere. Hortaz, Alkiza euren proiektuak garatzeko toki lasaien bila ari diren artistentzat kokaleku aparta da; hirietako zarata eta zurrunbiloetatik urrun, baina, aldi berean, gertu dagoelako.
SORMENAREN KABIAK ESKAINTZEN DUENA
Sormenaren Kabiak hurrengoa eskaintzen die hautatuak diren egileei: lanerako espazioak; aholkularitza artistikoa; izaera bereko beste hainbat ekimen ezagutzeko erraztasunak; euren lana ezagutzera emateko berariaz egindako ikus-entzunezko bat, ostatua eta 1.000 euroko saria.
- Aukeratutako proiektu bakoitzari emango zaio 1.000 euroko saria. Diru hori nahi dutenerako erabili ahal izango dute eta ez dute ordainagiririk aurkeztu beharko.
- Alkizako Udalak Lete Apartamentuetako batean hiru asteko egonaldia ordainduko die hautatuak izan diren sortzaileei. Apartamentuek, gehienera ere, lau lagunentzako tokia eskaintzen dute. Horietako bat elbarrientzako egokituta dago.
- Artistek Koldobika Jauregiren aholkularitza jasoko dute, hala nahi izanez gero.
- Antolakuntzak artisten eskura jarriko ditu proiektuen ezaugarrietara egokitzen diren beharrezko lanerako espazioak.
- Antolakuntzak proiektu bakoitzeko ikus-entzunezko bana egingo du artistek Alkizan zer eta nola egin duten ezagutzera emateko. Berariaz egindako lan hauen gastua bere gain hartuko du Alkizako Udalak. Artistek bideo hauek euren promoziorako erabili ahal izango dituzte, noski, Alkizan jendaurreko aurkezpena egin ondoren.
- Sormenaren Kabian parte hartuko duten sortzaileek aukera izango dute Hendaiako Nekatoenea Artisten Etxea eta Ezkio-Itsasoko Igartubeiti Baserri Museoko PATRIM + erresidentzia artistikoak zer diren ezagutzeko.
- Sortzaileei herritarrekin hartu-emanak izateko bideak erraztuko zaizkie. Esate baterako, aukera emango zaie herriko eragileekin bilerak egiteko edota Alkizako Eskolan martxan den Baso Eskola proiektua bertatik-bertara ezagutzeko.
- Hautatuak diren sortzaileek, Alkizako ondare naturalaz gainera, bertako ondare kulturala ezagutu eta bizitzeko modua izango dute. Herriko ohiturak, tradizioak, eta nola ez, gure hizkuntza ezagutzeko aukera paregabea izango dute. Arnasgunea da Alkiza euskararentzat eta Euskal Herri osoko euskaldunontzat. Hau da, herri euskalduna da Alkiza, euskara da nagusi herrian, eta naturala, normala, erraza da bertan euskaraz bizitzea. Hizkuntza gutxitua den aldetik, arnasgune gutxi ditu euskarak, eta horietako bat da Alkiza. Hortaz, gurera datozen artistei, geure hizkuntza, geure kultura ezagutaraziko diegu. Halaber, Sormenaren Kabian parte hartuko duten sortzaileei gure hizkuntzarekiko begirunez jardutea eskatzen diegu.
Alkizara doanak euskara ezagutzen ez badu, Udalak hainbat baliabide eskainiko dizkio horretan laguntzeko: euskarazko oinarrizko hainbat kontzeptu ikasteko saio labur bat; euskarazko oinarrizko hiztegi txiki bat, eta nahi izatera, beste hainbat baliabide ere eskura jarriko zaizkio.
EGONALDIAREN IRAUPENA
Hiru asteko iraupena izango du egonaldiak eta 2020ko iraila eta urria bitartean gauzatuko da. Antolakuntzak deialdian aukeratuak izan diren sortzaileekin adostuko ditu data zehatzak. Edozeinetara ere, egonaldia epe bakarrean egin beharko dute, alegia, hiru astez jarraian egon beharko dute Alkizan, ezingo dute egonaldia zatikatu.
HAUTAGAIAK
Deialdi honetan adinez nagusia den edozein sortzailek parte hartu dezake, eskarmentu handikoa nahiz hasi berria izan. Artistek bakarka zein taldean aurkeztu ditzakete euren proposamenak. Nolanahi ere, proiektuak jasoko duen diru-saria 1.000 eurokoa izango da.
Proiektuak edozein diziplina artistikotakoak izan daitezke: teknologia berriak, antzerkia, dantza, literatura, eskultura, bertsolaritza, arte plastikoak, ikus-entzunezkoak, argazkilaritza, diseinua, moda eta abar.
Azkenik, aurkeztutako egitasmoa Sormenaren Kabiak eskaintzen dituen baliabide eta baldintzetara moldagarria izan beharko da nahitaez.
Izena emateko epea ekainaren 5etik uztailaren 5era bitartean egongo da irekita. Alkizako Udalaren webgunean (www.alkiza.eus) eta Fagus Alkiza Interpretazio Zentroaren webgunean (www.fagus-alkiza.com) oinarriak ikusgai daude jada. Artista bazara eta natura maite baduzu, Alkizako Sormenaren Kabia zain duzu.
Ikusi deialdiaren oinarri eta xehetasunak, hemen.