ALTER EGO: JULIAN IANTZI
Mila saltsatan ibilia zara, baina ez dut gogoratzen zu pala eskutan inoiz ikusi izana…
Ba txikitatik ibilitakoa naiz. Kirol zale amorratua naiz, eta garai bateko Lesakan ez zegoen aukera zabalik: futbola ala frontoia. Ni bietan aritzen nintzen, baina pilota nuen gustukoen.
Afizioz ematen zenizkion astinduak pilotari ala bazenituen asmo profesionalagoak?
AEBetan bizi nintzela, igandero aritzen nintzen San Frantsizkoko Euskal Etxeko frontoian. Zortzi urte nituelarik Lesakara iritsi eta herriko taldearekin hasi nintzen pilotan. Orduan Bidasoako Pilota Txapelketan parte hartzen hasi nintzen eta, ez pentsa, gerora profesionalak izan diren Unanue edo Julian Salaberria izan nituen aurkari!
Zuk ere maila ona zenuen seinale...
Tira, bada Tafallako Eskolapiotan antolatzen zuten El Ground izeneko txapelketa inportante bat, eta esan dezaket txapelketa hori kategoria guztietan irabazi dudala. Nafarroako Federazioak taldea osatu zuenean ere fitxatu ninduten eta Labriten entrenatzen hasi nintzen. Sekulako ostiak ematen nizkion pilotari!
Ikuskatzaileak zure atzetik ibiliko ziren...
Ez pentsa. Garaian, enpresa bakarra zegoen babesle gisa dirua emateko prest, ez dut izena gogoratzen. Gaur egun aukera gehiago daude eta pilotan pixka bat destakatzen hasten dena hartzen dute, entrenamendu bereziak egiten hasi eta kontraturen bat egiten diote. Horrek honetatik bizitzeko motibazioa ematen dizu. Nire garaian, ordea, afizioa baino ez zegoen.
Zein zen zure orduko diru iturria?
Ikasten ari nintzela tabernan egiten nuen lan. Egun osoa gauzak kargatzen eta bustita ematen nuenez, eskuak beratzen hasi zitzaizkidan eta gero pilotan sekulako oinazeak izaten nituen. Orduan lehiatzeari utzi behar izan nion.
Pilotaz aparteko amoranterik?
Bai, aitortu behar dut futbolean topera ibili izan naizela, baina sekula pilota baztertu gabe. Txapelketen mundua utzia banuen ere, astean ordubeteko bizpahiru entrenamendu egiten jarraitzen nuen, eta ondoren futbolera joaten nintzen.
Gorputzak eusten al zion hainbesteko matrakari?
Ufa... Behin ahulezia sentitzen hasi nintzen, neure buruarekin gaizki eta motibaziorik gabe... Orduan medikuarengana joan nintzen eta, analitiken emaitzak ikusita, botilari ematen ote nion galdetu zidan! Gibela zirrosiak jota dagoen pertsona baten antzera neukan. Orduan kirola egiten ote nuen galdetu zidan eta, nire asteko plangintza azaldu nionean, atsedena hartu behar nuela esan zidan.
Gehiegizko kirolak gibela kaltetzen al du?
Bai, kirola egiterakoan, gure gorputzak gerora askatu beharreko sustantziak sortzen ditugu; baina horiek askatzeko atseden hartu beharra dago noski, bestela odolera pasatzen dira. Nik odola zeharo kutsatuta neukan antza!
Eta nolakoak dira zure gaur egungo analitikak?
Sekulakoak! Hemen nagoenean egunero ibiltzen naiz pilotan, baina egia da telebistaren erritmoagatik ezin dudala inorekin konpromisorik hartu partida jokatzeko. Nire gaur egungo bizimodua anarkia totala da!
Noren aurka jokatu duzu pala partida gogoangarriena?
Telebista saio bat grabatu genuen Otegirekin Elgoibarko frontoian –azkenean ez zuten emititu hauteskundeen inguruan sortutako egoeragatik–, berak eskatuta, palan fenomeno bat omen delako. Sekulako errepasoa eman nion! Kristoren barreak egin genituen egun horretan.
• Nork emango lizuke egurra?
Momentuz garaitu gabeko jokalaria naiz. Adi! Desafioak jasotzeko prest nago! Xabier Euskitzek elkarrizketa hau irakurriko ahal du!