Alu "perfektuaren" diktaduraren aurka

Pornografiak, iragarkiek edo zenbait marrazki bizidunek aurkakoa esaten badigute ere ez dago bulba prototipikorik. Uniformetasunaren diktadurak, genital femenino obalatu ilegabeak saldu nahi izan dizkigu.

Hori dela eta, labioplastia ebakuntzak sortu dira, aluei itxura kanonikoago bat emateko helburuarekin. Alurako krema hidratanteak eta depilazio aparatuak ere existitzen dira. Eta horrelako gauzen aurrean duda sortzea ohikoa da: nire alua normala ote da? 

Duda hauekin bukatzeko Hilde Atalanta ilustratzaileak 2016an The Vulva Gallery webgunea eta Instagram kontua sortu zituen. Bertan bulba mota ezberdinak biltzen ditu. Helburua aniztasuna ospatu eta aldarrikatzea da, izan ere bulba guztiak dira politak edo perfektuak. 

Galdera batekin hasi zen proiektua: labioplastia ebakuntzak zergatik? Hortik tiraka gaiaz ikertzen hasi zen Atalanta. Ohartu zen bulben irudikapenak ohiko komunikazio bideetan ez direla heterogeneoak, eta ez dela aniztasun genitalaz lasai eta aske hitz egiten. 

Honela, inguruan ezjakintasun handia aurkitu zuen bulba mota ezberdinen inguruan, Orduan erabaki zuen The Vulva Gallery proiektuari hasiera ematea, egunero bulba bat ilustratuz, anatomiaz erakutsiz eta gaiaren inguruko elkarrizketak sustatuz. 

Zerbait txikia bezala sortu zen, ilustratzailearen irudimenetik sortutako marrazkiekin eta Interneten aurkitutako irudiekin. Proiektuaren oihartzuna ordea, sekulakoa izan zen. Milaka eskertza mezu jaso zituen esanez gai honekin zuten ikuspuntua aldatu ziela Atalantek. Horrenbeste, ezen ilustrazio bilduma ikusi zuten batzuk hitzartua zuten labioplastia ebakuntza bertan behera uztera iritsi zirela. 

Honela, egun benetako bulbak ilustratzen ditu eta irudi horiek modeloaren esperientzia pertsonalarekin laguntzen ditu. Istorio gehienetan pertsona horrek bere fisikoaren aurka urtetan borrokatu du eta erakusten du, nola egun, ziurtasun eza horiek gainditu dituen.

Honek guztiak argi uzten du osasun sexualaren inguruko hezkuntza hobea behar dela, gorputz anitzen edertasuna aldarrikatuz. Izan ere, egun saltzen den gorputz prototipatuak autoestimua galera baitakar. Zoriontasunerako bidea aniztasuna, errespetua eta enpatia dira.