Amaia Artetxe: "Inprobisazioa ahal den guztietan, mesedez!"

Amaia Artetxe: "Inprobisazioa ahal den guztietan, mesedez!" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/amaia-artetxe-quotinprobisazioa-ahal-den-guztietan-mesedezquot/@@download/image/amaia_artetxe_1393928780.jpg
2014/03/10
elkarrizketa
Amaia Artetxe: "Inprobisazioa ahal den guztietan, mesedez!"
Telebista eta irratia menderatzen dituen Amaia Artetxe (1984) kazetari bermeotarra entzuleei pilak jartzeko asmoz sartzen da iluntzero Gazteako estudiora, ‘Akabo bakia!’ saioa aurkeztera.


Ohera joaterako orduan ere, pilak kargatuta?
Erabat kargatuta gainera! Zuzenekotik ateratakoan adrenalina topera izaten dugu, eta etxera heltzerakoan oraindik subidoiarekin egoten gara, beraz…

Eta noiz esaten du Amaiak ‘Akabo bakia!’?
Sexu kontuetan bake gutxi egon behar da, bestela, orduan bai, AKABO BAKIA!

Saioaren ostean, etxera ala gauari etekina ateratzera?

Etxera, etxera. Garai batean, saioa ostiraletan genuenean, plan perfektua izaten zen: lana bukatu eta kalera! Baina astean zehar formal-formal, bakoitza bere etxera.

Julen Telleriarekin konpartitzen duzu mikroa. Ohe kontuetan ere, lana elkarbanatzearen aldekoa zara?
Alegia, ea dena baten esku uztearen aldekoa naizen? Ba, batzuetan bai! Besteak bere lana ondo egiten dakiela baldin badakizu, delegatu egin behar duzu. Nahiz eta sexuan ere, konpartitzea bizitzea den.

Eta nola nahiago, gidoiarekin ala inprobisatuta?
Nagusiak beti esaten digu gidoia apurtzeko dela. Ba hori, lezioa ikasita, baita sexurako ere! Inprobisazioa ahal den guztietan, mesedez!

Nola imajinatzen dituzu entzuleak?
Kuriositatea pizten digun zerbait da, eta inoiz galdetu izan dugu zuzenekoren batean. Baita erantzunak jaso ere! Askok ohetik aurikularrekin entzuten gaituzte, beste askok autoan… Morboa du asuntoak.

Eta norekin joango zinateke ‘Ala porai!’ xirriak egitera?
Bizitzako momentu honetan, nire mutilarekin. Bai, maitasun deklarazio bat da…

Telebistan ere aritutakoa zara. Ligatzeko, ahotsa ala begirada?
Begirada zalea naiz. Ondo begiratzen dakienak, ligatzen ere badaki. Baina irratian nagoenetik ahotsaren botereaz jabetu naiz, eta bien arteko konbinazioarekin gelditzen naiz. Begiradarekin hasi eta ahotsarekin errematatu.

Eta zein duzu larrutan egiteko gustuko soinu banda?
Larrutan ari direnek sortzen duten hori da gehien inspiratzen nauena. Hala ere, talderen bat aukeratu beharko banu, The XX aproposa da.

Noizbait betetzea gustatuko litzaizukeen fantasia erotikorik?
Fantasia erotikoak infinituak dira, eta normalean, betetzeko zailak. Gainera, fantasia erotikoak horretan gelditu behar direla uste dut, fantasian, errealitatean xarma guztia galduko luketelako.