Amarna Miller: "Pornoan eboluzionatu dut nire sexualiteak eboluzionatu duelako"

Masturbazioaren inguruan eztabaidatzen ari ginela, ohitura maskulinoen estereotipoak eraitsi nahi zituelako, Amarna Miller pornstarraz hitz egin zidan lagunak. Millerren lana deskubritu zuen arte, bakardadean zakila eskuartean hartzeko, film pornoak aspaldi alboratuak zituela azaldu zidan. Madrildarra sexuaz gozatzen duen emakume naturalaren itxura duelako gustatzen zaiola argi zeukan, eta horrez gain, Miller diskurtsodun kulturzalea izateak erakartzen zuela.
Amarna Millerrek oso azkar hitz egiten du eta abiadura berdinez lotzen ditu kontzeptuak ondorioekin. Hamaika konturen gainean hitz egin daiteke berarekin: Tame Impalaren azken diskoaz, zakil sarketa bikoitzaz, feminismoaz, Beat belaunaldiaz edota konposta egiteko moduetaz.

Literaturak pisu handia dauka zure bizitzan. Zeintzuk dira zure literatur biografiarekin lotzen dituzun idazle edota liburuak?
Hamabi urte nituenean literaturak zeharo obsesionatu ninduen. Erromantikoak irakurriz hasi nintzen. Beckerrek lagundu ninduen poesiarako saltoa egiten. Literatura sentsiblearen ildotik jarraitu nuen Antonio Gala eta Pablo Nerudarekin. Ondoren eleberriak; Cien años de soledad mugarria izan zen niretzat. Hamasei urterekin fantasian murgildu nintzen: Asimov, Bradbury, Philip K. Dick… nekatu nintzen arte. Asko irakurri dut saiakera geroztik, batez ere psikologia positibista, mindfulness, pentsamenduren kudeaketa eta abar. Bi urte atzera eleberri ilustratuari eutsi nion berriz ere, eta makina bat liburu irakurri ditut ordutik!

Iaz ‘Manual de psiconaútica’ liburua argitaratu zenuen eta baita bloga idazten duzu ere. Literaturan murgiltzen jarraitzeko asmoa duzu?
Bai! Eskola garaian hainbat lehiaketara aurkeztu nintzen eta sariak irabazi nituen. Betidanik idatzi izan dut, baina oso perfekzionista naizenez, asko kostatzen zait egiten dudanaren emaitzarekin gustura egotea. Iaz nire editorea harremanetan jarri zen nirekin eta liburua elkarrekin josi genuen; blogean publikatu ez ditudan testuak, poesiak eta ebakiekin egiten ditudan irudiak. Aurten bigarrena publikatu nahiko nuke, lortzeko lanean ari naiz.

Liburuetako pertsonaien bizitza duzula esango zenuke?
Tira, nik bizitza pornoa grabatzen ematen dut. Horrek mundu osotik bidaiatzeko aukera ematen dit: hiru hilabete ematen ditut hiriburu bakoitzean, den-dena ordaintzen didate eta gainera gustatzen zaidan zerbait egiteko aukera dut. Beraz, aurrezten dudan diruaz are bidaia zoroagoak egiten ditut. Furgoneta zahar bat erosi berri dut eta bertan bizi ahal izateko konpontzen ari naiz, New Orleansera joan nahi dudalako! Niretzat bizitzan inportanteena askatasuna da, eta lan honek beste lan batek eman ezin didan askatasuna ematen dit.

Amarna Miller izena jarri zenuen, literatura eta historia nahasten duen izena.
Bai, Amarna Egiptoko hiri bat da eta abizena Henry Miller idazleari lapurtu nion. Nire izena Marina da. Izen artistikoa erabili nahi nuen nire ingurukoen pribatasuna errespetatzeko.

Hartzen al duzu atsedenerako paradarik?
Hiperaktiboa naiz. Gainera, dena kontrolatu behar dut eta oso eraginkorra naiz.  Duela urte batzuk hainbat gazua ez nituen orain bezain ondo kudeatzen, ez bainitzen atentzioa fokatzeko kapaza. Azken urtean oso pozik nago, erlaxatzea lortu dudalako eta denbora modu eraginkorrean kudeatzen ari naizela uste dudalako.

Batetik bestera ibiltzeko askatasuna atsegin duzu. 2014an Los Angelesera joateko erabakia hartu zenuen.
Bai, urteak neramatzan etortzeko gogotsu eta aurreko urteko urtarrilean etorri nintzen estreinakoz. Pornografia zure ogibidea baldin bada, Los Angelesen egon behar duzu, munduko pornografiaren epizentroa baita. Beraz, aktore batentzat Los Angelesera etortzea jomuga izan behar du. Niretzat horrela izan da: Europako ekoiztetxe guztiekin lan egin dut, Australian ere egon naiz… Toki guztietan! Horren ondoren Los Angelesera etortzea pauso logikoa zen.

Urtarrilean hain zuzen AVN sariak ematen dituzte, pornoaren Oscar sariak. Aurten bat lortu duzu. Heldu zinenean lortuko zenuela uste zenuen?
Kar, kar, kar! Egia da, urtarrilean etortzea erabaki nuen sari banaketan nola edo hala egon nahi nuelako, nire bisita txartelak ekoizleei eman nahi nizkielako. Aukera ona iruditu zitzaidan jendea ezagutzeko, izan ere, Los Angelesera heldu eta sarea osatzea zen nire helburua. Etorri nintzen lehenengo aldian, urtarriletik apirila bitartean geratu nintzen: oso-oso gogorra izan zen, poltsikoan 500 dolar baino ez nituen, baina dena primeran joan zen. Bigarrengoz, irailean bueltatu nintzen, Nevadan ospatzen duten Burning Man festibalera joateko aitzakiaz. Los Angelesen geratzea erabaki nuen, lanean hasi nintzen eta 2015ean AVN sarietan aktore atzerritar onenaren saria eman zidaten. Beraz, atzeko atetik sartu nintzen 2014an eta alfonbra gorriaren zapaldu nuen 2015ean.

Urtebeteko lanaren poderioz, neurri horretako aldaketa egitea posible baldin bada, zure eguneroko erritmoak benetan zoratzekoa izan behar du!
Nire egunak ez dira normalak eta ez dut nahi normalak izatea ere: bizitza diferente bat nahi dut! Zazpi lagunekin batera hiru pisu dituen etxe batean bizi naiz, lorategi eder bat daukagu eta bertan baratze bat daukat. Kontsumismora lerratutako gizarte kapitalista amerikarraren bihotzean, jaten dudana nik neuk naturalki ekoizteko gai naizela sentitu behar dut. Konpost sistema ere martxan jarri dut. Egunero zazpietan esnatzen naiz eta ordu betez baratzea da nire paradisua. Sakeleko telefonoan ditudan kronometroekin funtzionatzen dut –alarma guztiak erakutsi dizkit: zazpi ditu–. Gaur adibidez, elkarrizketa honen ondoren Jotdown aldizkariarentzat artikulu bat idatzi behar dut, eta horren ondoren Atresmediarako beste bat, emailak erantzun behar ditut hori amaitutakoan. Arratsaldez libre izaten saiatzen naiz, aisialdirako tartea izateko. Oso disziplinatu eta ordenatua naiz.

Pornoan emakumearen eredu fisikoaz galdetu behar nizun, baina disziplina eta baratze hitzak erantzun berdinean uztartu dituzunez… fisiko jakin bat izateko baino, gizartean eragiteko nahiak eramaten zaitu jaten duzunari garrantzia ematera?
Erabat, bai. Arratsaldez sukaldaritza ikastea gustatzen zait. Orain janari hartzitzailekin lanean ari naiz. Sistema nahiko usteldua dagoela uste dut, eta esango nuke gauzei balorea ematen ez dakigulako dela. Jendea supermerkatura joan eta haragi pakete bat hartzen duenean, ulertzen al du animalia horri gertatu zaiona? Ez dut uste horren atzean dagoen prozesu konplexu guzti hori gizarteak benetan ulertzen duenik. Ni neu pertsonalki kapitalismoaren kontra nago eta ez naiz batere kontsumista ezta materialista ere.

AEBetan, kapitalismo kontsumistaren sehaskan, diskurtso hori mantentzea kostatzen al zaizu?
Bai, oso konplikatua da. Hala ere, ez da AEBetan bakarrik dagoen arazo bat, nahiz eta hemen inon baino nabarmenagoa izan, mundu osoan gertatzen da. Zorionez, etxean denok dugu pentsamolde beretsua. Baratzetik ahalik eta gehien jaten dugu, konposta egiten dugu eta euria egiten duenean ura upeletan biltzen dugu. Etxetik kanpo topatzen dudan jendearekin, egia esan, ez dut gai honen inguruan aritzeko aukera handirik.


Filmazioetan zure soka bereko lagunik topatu duzu?
Inondik inora! Los Angelesen filmazioetan topatu ditudan emakume gehienen buruan dago, lortzen duten diruarekin takoi berriak erosi edota titi handiagoak jartzea. Azaleko kontzientzia horren aurrean ez dut asko esatekorik: filmazioetako ordutegia errespetatu, filmak egin eta diruaz New Orleansera joateko furgoneta konpontzea da nire helburua, kar, kar, kar! Mundu ikuskera bereizgarria dudanez, kostata topatzen ditut nire gustu berdinak dituzten pertsonak. 

Beraz, pornoaren industriako jendeagatik ez zen izan. Ziur aski gehien erantzun duzun galdera egingo dizut: nola hasi zinen pornoan?
Libido handia izan dut beti eta nire sexualitatean hausnartzeko irrika izan dut. Hortaz, sexuarekin lotura zuen zerbaitetan lan egitea betidanik izan dut buruan. Haatik, estigma sozialek errealitatea bihur zitekeen zerbait baino, fantasia bilakatu zuten denbora batez.

Hemezortzi urte bete zenituenean estigma horiei aurre egin zenien.
Bai. Orduan erabaki nuen hainbat espainiar ekoiztetxeekin harremanetan jartzea. Jakin nahi nuen pornoak zer eskaini ziezadakeen, ez bainuen ideiarik ere ez industriaren funtzionamenduaren inguruan. Jaso nituen erantzunak ez nituen gustuko izan hainbat dimentsiotik ulertuta; ez zitzaizkidan argumentuak, prezioak ezta filmen estetika gustatu. Beraz, nire bizitzarekin jarraitzea erabaki nuen.

Zure bizitzarekin jarraitu bai, baina ez zenuen pornoa erabat alboratu. Zer gertatu zitzaizun unibertsitate garaian bigarren aukera bat emateko?
Argazkigintza deskubritu nuela! Karrerako bigarren mailan izan zen eta hemeretzi urte nituen. Lagunei argazkiak egiten hasi nintzen; biluzik hasieran, gero eta postura esplizituagoetan ondoren. Konturatu nintzen hori zela nik aktore bezala egin nahi nuena eta ez ordea eskaintzen zizkidaten pertsonaiak. Neure buruari galdetu nion: "modurik ote dago hau errentagarri bihurtzeko?". Nire egoera berdinean jendea bazegoela sinetsita nengoen, alegia, pornoan sartzeko gogoz baina inondik inora eroso eskaintzen zidatenarekin.

Orduan erabaki zenuen OMNIA X ekoiztetxea sortzea?
Hori da, eta horri esker, bost urtez nahi nuena egiteko aukera izan nuen. Hemeretzi urte baino ez nituen, irudika dezakezu nolakoa izan zen, ez bainuen ideiarik ere enpresa plan bat egitea zer zen, ezta sozio kapitalista izateak zer suposatzen zuen… Prozesua, oinarrian, gauzak probatzea eta akatsetatik ikastea izan zen.

Lan egin arren, aurrera ez egiteak porrot bat izan zen?
Porrota? Ez! Nik ez dut porrotetan sinesten, bai ordea, ikasketa prozesuetan. Ondo aztertutako porrot bat ez da sekula ezkorra izango. Zintzoak izan gaitezen, oso zaila da pertsona baten lehenengo enpresak funtzionatzea. Argi nuen hori, eta banekien txarto joanda ere asko ikasteko aukera emango zidala.

Ikasketa prozesu hortaz ari zarela, eskura dagoen zerbait ematen du, baina zintzotasunez: pornoaren industrian zuk lortu duzuna lortzea ezin du erraza izan.
Ez, ez da erraza, oso konplikatua baizik. Are gehiago, nik ez dut ohiko ibilbidea egin. Normalean aktore batek, hasiera-hasieratik, agentea lortu behar du eta agintzen dioten filmazioetan parte hartzen du. Ni, hasieran batez ere, oso kinki-minkia nintzen eta mari-petral hutsa. Beti eztabaidatzen nuen norekin grabatu, nola grabatu nahi nuen, eta nire irudia zertan jarri nahi nuen. Pornoan eboluzionatu dut nire sexualiteak eboluzionatu duelako. Ez dut hemeretzi urte nituenean bezala txortan egiten, ez ditut beldur berdinak ezta horiei aurre egiteko tresna berdinak. Beraz, nire kasuan bilakaera mailaz mailakoa izan da eta ez da kasu arrunta izan inondik inora. Kasualitatez amaitu dut pornoan; astroak lerratu ezean, sekula ez nintzateke industria honetan izango. 



Pornoan sexualitateak eta lanak lotura dute?
Jakina. Garai batean kamera aurrean egin nahi ez nituen hainbat gauzek gaur egun zoratzen naute. Hasi nintzean, aldez aurretik jakin nahi izaten nuen zein aktorekin lan egingo nuen. Beldurra nion filmazioetara heldu eta pertsona ez gustatzeri. Gaur egun, morbo handia ematen dit norekin txortan egingo dudan ez jakiteak.

Filmatu aurretik prestaketa mentala behar duzu?
Gaur egun ez. Urte mordoa daramat pornoa egiten eta naturalki ateratzen zait. Hasi nintzenean, ordea, bai. Urduri jartzen nintzen, nire irudiak arduratzen ninduen… Batez ere, gaur egun dudan autoestimua baino askoz baxuagoa nuelako. Oso hauskor sentitzen nintzelako, makillaje eta depilazioaren menpe bizi nintzen. Gaur nahi dudana egiten dut, adibidez, urtebete daramat hankak ezta hankartea guztiz depilatu barik eta lanean jarraitzen dut. Pornoaren industriaren barruan zure pertsonalitatea mantentzea posible da.

Beraz, pornoan gailentzen den irudi artifizial hori, emakumeak esklabu bihurtzen gaituena, ez du zertan izan porno kontsumitzaileak atsegin duen irudi bakarra. Eredu gehiagorako tokia dago?
Noski! Hortaz konturatu naiz aurten. Los Angeleseko industrian emakumearen edertasuna idealizatzen duen eredu horren kontrakoa naiz. Horregatik hain justu, nire gorputzaren naturaltasunagatik ditut hainbeste jarraitzaile. Ez daukazu zertan txundigarria izan, polita eta arrunta izan zaitezke pornoan ibilbidea egiteko.

Asmo eraldatzailea duzulako aldendu zara estereotipoetatik?
Bai eta horregatik ez depilatzearena inflexio puntu garrantzitsua izan zen niretzat. Erronka bat da: hein batean industriak eskatzen didan hortara moldatu behar naiz, baina baditut borrakarako esparru txikiak. Posible dudan neurrian eroso sentiarazten nauten idealekin bat egiten saiatzen naiz.

Txortan asko egiten duzula datu objektiboa denez, agian baten batek sexuan aditua zarela pentsatuko du. Heltzen al zaizkizu sexu kontsultak?
Flipatuko zenuke nire korreoan sartuko bazina. Bai, eta askotan oso nekeza egiten zait. Sarritan ezin ditut erantzun, ez baldin bada hain justu nik bizi izan dudan zerbaiten inguruan galdetzen didatela. Aurrekoan neska batek eiakulazio femeninoaz galdetu zidan, egiazkoa den jakin nahi zuen. Horrekin adibidez bat egiten dut, nik neuk neure buruari galdera hori egin diodalako: "Neska batek eiakulatu dezake orgasmoa izan bitartean?". Eta gertatu zitzaidanean pentsatu nuen: "Kontxo! Posible da!". Galdetzen dizkidaten gainontzeko %99ren inguruan ez dut ideiarik izaten. Nik esan behar al dizut eiakulatzaile goiztiarra zaren ala ez? Bai zera! Kar, kar, kar!

Hegemonikoki aktore porno ona izateko, ba al dira baloratzen diren ezaugarri jakin batzuk?
Hain zuzen, nire agentea eta biok gai horren bueltan eztabaidatu genuen atzo. Gure ondorioa da hiru zutabeetan indartsua izan behar duzula. Lehena, fisikoki erakargarria izan behar duzu. Bigarrena, profesional serioa izan behar duzu: puntuala izan behar duzu, zure txanda denean entseguak egiteko prest egon behar duzu, sare sozialak eguneratu behar dituzu eta abar. Hirugarrenak, norberaren gaitasun performatiboarekin lotura du.

Espainian ere pornoa egin duzu. Hiru zutabe horiek zentzua dute espainiar porno industrian?
AEBetan porno industria dagoela esan daiteke, Espainian, ordea, ez. Espainian pornoa egiten duen jendea dago, baina horri ezin zaio industria deitu. Espainian ez dago aktoreak babesten dituen elkarte bat ere.

Espainiako aktore pornoek ez dute inolako babes administratiborik?
Ez, eta hori da alde batean edo bestean lan egiteak duen diferentziarik oinarrizkoena. AEBetan APAC (Adult Performer Advocacy Comittee) edota Free Speech Coalition izeneko egitasmoak daude. Azken batean, lan sexuala egiten dugunon egoera erregularizatzea oso zaila da, gobernuek laguntzen ez dutelako ez baita politikoki zuzena.

Zein da aktore pornoak babesteko bidea?
Hor dago koxka! Nire proiektuetako bat, Espainian geratu ala ez erabakitzen ari nintzela, aktore pornoen elkartea sortzea zen. Horri esker, aktoreek euren eskubideak defendatzeko modua izango lukete, zerbaitek behar bezala funtzionatuko ez balu. Gaur egun arazoren bat baduzu, zuk zeuk kudeatu behar duzu. Esate baterako egindako lan bategatik ez badizute ordaindu nahi. Ez zait sekula gertatu baina gerta daiteke.

Eta ez hori bakarrik, gorputzarekin lan egiten duzuenez, osasun azterketek ere berebiziko garrantzia dute.
Hori da! Azken batean, gure artean harremanak ditugunez, denok saiatzen gara kontuz ibiltzen. Baina ez da inondik inora AEBetan bezala, non hamabostero azterketa medikuak pasa behar ditugun. Azterketa horien emaitza atzeratzen bada, ezin duzu lanik egin.

Horri lotuta, AEBetako porno aktoreek badakizue osasuntsu zaudetela, baina filmeetan kondoirik ez erabiltzeak arriskutsuak izan daitezken praktikei errespetua galtzea ekar dezake?
Inondik inora. Pornoan fantasiak gorpuzten ditugu. Erabiltzaileari aisialdiaz gozatzeko zerbaitz eskaintzen diogu, ez gara inori ezer irakasteko helburuaz lanean ari. Pornoak planteatzen dituenak ez dira jarraitu beharreko dogma sexualak. Heziketa sexualaren gabezia da arazoa, ez pornografia eredu sexual idealizatuen erakusle izatea.

Ohea iraultzarako esparrua dela uste duzu?
Zalantzarik gabe, eta uste dut heziketa emozional sakonagoa behar dugula. Baina era berean kontziente naiz, kontu honen bueltan %1 bakarrik aldatzeko prest dagoela. Horientzat ari naiz hitz egiten, horientzat egiten ditut ekintzak. Gainontzeko %99 kontuan izatea denbora galtzea da.

Pornoan gorputzak objektu bilakatzen dira?

Emakumea objektu bilakatzen dela uste dut, baita gizona ere. Ez dut uste pornoari jartzen zaion karga matxista erabat erreala denik. Porno mainstreamean, hau da, heterosexual, heteropatriarkal eta heteroarautuan, gizonaren figura ezkorki eraikitzen da. Argumentu matxisten inguruan eztabaidatzen da, eta ez horrenbeste, adibidez, pornoaren planoetan gizonen burua ez dela agertzen, hau da, falo bat besterik ez direla. Gizonaren plazer aurpegia ez da sekula agertzen. Niri gustatuko litzaidake gozatzen ari den bitartean gizonaren aurpegia ikusi ahal izatea.

Gustatuko litzaizuke ere, porno zuzendari eta ekoizle izan zaren heinean, kamera atzean emakume gehiago ikustea?
Porno mainstreamaren arazo handienetakoa kamera atzean emakumeak falta direla da, eta bada, borrokarako dudan beste esparruetako bat. Porno mainstreama gizonek gizonentzat egina da. Kamera atzean dauden gehienak aktoreak dira, eta hartzailearen gehiengoa maskulinoa da. Oro har, sexuarekiko oso irudi hertsia duten mendebaldeko gizon zuriak izaten dira.

Horregatik pornoan normalizatu dira faloa protagonista duten praktikak, Bukkakea edo sarketa bikoitza adibidez, beste batzuk oraindik bizarrotzat jotzen diren bitartean?
Erabat ados nago irakurketa horrekin; praktika horietatik landa dagoena debekatuta dagoela dirudi. Adibidez, transexualekin harreman sexualak izatea, edota urre koloreko euria. Asko hitz egiten da askatasunaren gainean, baina askatasunak bide jakin bat egin dezan bultzatzen da.

Sexua eta hitza uztartzen dituzu bide berriak zabaltzeko.
Bai, eta oso pozik nago. Ekainean hizlari gisa hasiko dut bira Espainian, baina ezin dut askoz gehiago aurreratu. Film konbentzionalak egiteko baditut hainbat proposamen eta literaturari dagokionez, nire hurrengo liburuan lanean ari naiz. Ezin dut gai honen inguruan askorik azaldu baina oso liburu garrantzitsu baten hitzaurrea idatziko dut.  Planetak aurten kaleratuko du.

Amarnaren Kuttunak


LIBURU BAT The Electric Kool-Aid Acid Test, Tom Wolfe.
FILM BAT Enter de Void, Gaspar Noé.
AKTORE BAT Meryl Streep.
ABESTI BAT The less I know the better, Tame Impala.
SORTZAILE BAT Marcel Duchamp.