Amatasuna, sorkuntza, eta euskara izango dira ardatz Galdakaoko Sormenen

Amatasuna, sorkuntza, eta euskara izango dira ardatz Galdakaoko Sormenen Gaurtik igandera bitarte musikaz, antzerkiaz, eta dantzaz gozatu ahalko da, besteak beste, Torrezabal Kultur Etxean. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/amatasuna-sorkuntza-eta-euskara-izango-dira-ardatz-galdakaoko-sormenen/@@download/image/Fgo1nvYXEAIptsv.jpeg
2022/11/10

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Gaurtik igandera bitarte musikaz, antzerkiaz, eta dantzaz gozatu ahalko da, besteak beste, Torrezabal Kultur Etxean.
Amatasuna, sorkuntza, eta euskara izango dira ardatz Galdakaoko Sormenen

Udaberrikoaren ondoren, Sormene Galdakaoko sorkuntzen plazaren edizio berria abiatuko dute gaur. Sormene “euskal  sortzaileentzako plaza" dela nabarmendu du Edurne Espilla zinegotziak: “Galdakaoko zein Euskal Herriko sortzaileentzako, hasi berriak direnentzako eta eskarmentua dutenentzako, kultur adierazpide guztientzako plaza da”.  Emakume sortzaileen plaza ere badela azpimarratu du.

Sormeneren ohiko lan ildoak diren sorkuntza, transmisioa eta euskarari, amatasuna gehitu zaie oraingoan, azkenaldian amatasunaren gaia asko plazaratu dela eta.

Egitarau barruko ekintzak Torrezabal Kultur Etxean egingo dituzte. Gaur goizean ikasleentzako ilustrazio tailerrak izango dira, Eider Eibarren gidaritzapean. Amatasunaz, sorkuntzaz, transmisioaz eta euskaraz margotuko dute Galdakaoko ikasleek tailerrean.  Arratsaldean, zazpietan, Euskaraz sortu emanaldi berezia eskainiko da Euskaraldiaren alde. Ane Labakak eta Miren Amurizak  emanaldia gidatu eta iruzkinduko dute bertsotan; Esti Markezek Hitzekin jolasean disko berriaren lagin bat eskainiko du Danae Riañorekin batera; eta azkenik, Nagore Muriellek Erro bi film laburra aurkeztuko du. Herriko sortzaileek ere parte hartuko dute.

Bihar, ostirala, Oier Araolazak ikasleentzako dantza tailerra egingo du. Arratsaldeko zortzietan, berriz, Oihana Iguaran eta Amaiur Luluagak dantza eta bertsoa uztartzen duen AMAraun ikuskizuna eskainiko dute. 

Larunbatean, bost eta erdietan, Marie de Jongj konpainiaren Amour ikuskizuna izango da. Maitasuna erakusketan da obran, zentzu guztietan, eta familiei zuzendutako emanaldia izango da. Gauean, hamarretan, Neomak taldeak diskoa aurkeztuko du.

Azkenik, igandean, zazpietan, Lore More antzerki konpainiaren Trapu zikinak antzezlana izango da ikusgai.