Amorru-gelak: estresa arintzeko alternatiba

Amorru-gelak: estresa arintzeko alternatiba Jendearen estres-maila nabarmentzen ari den garaiotan, gero eta gehiago dira amorru-geletara jotzen dutenak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/amorru-gelak-estresa-arintzeko-alternatiba/@@download/image/pexels-cottonbro-6110250.jpg
2025/03/20

Testua: Maitane Legarreta

Jendearen estres-maila nabarmentzen ari den garaiotan, gero eta gehiago dira amorru-geletara jotzen dutenak.
Amorru-gelak: estresa arintzeko alternatiba

Amorru edo haserre-gelak, ingelesez rage-room deiturikoak, estresa askatzeko sortutako guneak dira. Egunerokoan pilatutako frustrazio, haserre, eta estresa arintzeko asmoz, gauzak txikitzea izaten da zeregina. 

Break and Joy frankiziak Donostian irekiko du halako gela bat eta erreserbak hartzen ari dira. Webgunean azaltzen dutenez, bertara joandakoan beharrezko tresnak ematen dituzte, segurtasuna bermatze aldera: kaskoa, eskularruak, betaurrekoak edota lan-jantzia. Eta,nola ez, objektuak hausteko behar den batea edo mailua.

Ondoren, hautsi nahi diren objektuak aukera daitezke, izan kristalak edo etxetresna elektrikoak. Eskaintzen den pakeetako batean auto bat txikitzeko aukera ere bada! Ez da gomendatzen norberak objektuak eramatea, segurtasun kontuengatik, baina aurrez kontsulta egin daiteke. Behin gelaren barruan egonda, hautatutako objektuak txiki-txiki egiteko tartea izango da. Ondoren, erlaxatzeko eremu batera joan daiteke parte-hartzailea.

Erreserbatutako jardueraren arabera, 45 minutu edo bi ordukoa izan daiteke iraupena. Hori bai, nahitaezkoa da 16 urte edo gehiago izatea.

Oraindik ez dute jakinarazi non kokatuko duten Donostiako amorru-gela. Frankizia honek beste hainbat tokitan ere baditu lokalak, hala nola Madrilen, Bartzelonan, Sevillan, Valentzian, Granadan eta Malagan.