Ane Garcia (Lurra): "Jendeak alferrikako musika asko sortzen du"

Ane Garcia (Lurra): "Jendeak alferrikako musika asko sortzen du" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ane-garcia-lurra-quotjendeak-alferrikako-musika-asko-sortzen-duquot/@@download/image/20121251327lurr_1360060693.jpg
2012/12/05
elkarrizketa
Ane Garcia (Lurra): "Jendeak alferrikako musika asko sortzen du"
Iñigo Muguruzaren (Kortatu, Negu Gorriak) ikaslea zen Ane Garcia (Irun, 1994). Bere ahotsak liluratu zuen, eta Carlos Zubikoa (Apurtu, Sagarroi) eta Ander Larrañagarekin batera Lurra taldea sortzea erabaki zuten. Euskaraz egindako reggaearen, bossaren eta bluesaren arteko nahasketa, belarrira goxo sartzen dena.

Ez da meritu malaka zurea, eszenatokietatik denbora batez urruntzea erabaki duen norbait –Iñigo Muguruza– berriro ere erakartzea!
Uste dut eszenatokietara bueltatzeko erabakia hartua zuela berak, ez da nire meritua. Ni han agertzeak agian animatuko zuen... ez besterik!

"Ane diziplina anitzeko neska da, idatzi egiten du, musika sortu, kantatu, dantzatu… Pertsonaia bat da!". Muguruzaren hitzak dira.
Gauza asko egiten ditudala dirudi, baina ez da hainbesterako, oso serio diot. Adierazteko dudan beharra asetzeko egiten dut, sormena beste hizkuntza bat baita, eta ni hizkuntza hori egunero lantzen saiatzen naiz.

Lurra jarri diozue taldeari, izen borobila.
Iñigoren burutapena izan zen. Nik izen exotikoago bat nahi nuen, baina egia esan Lurrak gauza askori egiten dio erreferentzia, eta letrak sortzerako orduan inspirazio iturri ere bada.

Kontzeptua oso soila, sinplea da: gitarra akustikoa, baxua eta perkusioa. Horren atzean, ordea, lan handia eta buruhauste asko egongo dira…
Ez da erraza, ez. Hiru elementu sinple dira, baina elkarrekin konbinatuz halako erritmo ezberdinak sortzeko koordinatzea zailagoa da. Ahotsa ere oso agerian geratzen da, eta horrek beldur pixka bat ematen dit batzuetan, baina taula gainera igotakoan ziurtasun falta hori desagertu egiten da.

Bi belaunaldik bat egin duzue proiektu honetan, gurasoak eta seme-alabak dirudizue!
–Barrez– Sarritan pentsatzen dut taula gainean itxura arraroa izan behar dugula, eta jendeak pentsatuko duela: "Baina hauek nondik atera dira?" Guraso eta seme-alaba arteko eztabaidarik ez dugu izaten, baina nabari da bizitzako etapa ezberdinetan gaudela eta nork bere interesak dituela.

Eszenatoki gaineko jarreran ere nabarituko dira eskarmentudunen eta hasiberrien arteko aldeak.

Argi dago Carlosek eta Iñigok esperientzia handiagoa dutela, eta kontzertuetan gai teknikoak ongi menperatzen dituztela. Hala ere, emanaldien aurretik urdurien jartzen dena beteranoena da, Iñigo!

Lehen diskoa maiatzean ekoitzi zenuten Bonberenean Karlos Osinaga 'Txap'-ekin, bost kantako CD singlea. Estudiora sartzen zinen lehen aldia?

Ez, amak haurrentzako diskoak grabatu izan ditu, eta haurrak ginenean lehengusuak eta biok koroak egiten genizkion, "laralara", besterik ez. Grabaketa, dena den, azkarra izan zen, baina Txapek hainbat gauzaren inguruan erabakiak hartzen lagundu zigun eta ongi pasa genuen.

Ez dira abesti hutsalak zuenak, ahotan dituzue edertasun lehiaketak, pobrezia, ingurumenaren aurkako erasoak...

Askotan pentsatzen dut musika nahi gabe sartzen zaigula belarrietatik eta berdin ateratzen dela. Jendeak ez du gizartera iristeko bidetzat ikusten, alferrikako musika asko sortzen du. Gu bide hori aprobetxatzen saiatzen gara taula gainean gaudenean.

Hainbat euskal taldek beste hizkuntzetan, bereziki ingelesez, kantatzeko hautua egiten dute; zuek ez.

Iñigok proiektua aurkeztu zidanean euskaraz abestuko genuela esan zidan; bertsioak ere euskaratutako letrekin abesten ditugu eta nik euskaraz idazten dut beti. Erabaki kontzientea izan zen, gure ama hizkuntzak beti merezi baitu aukera bat, ezta?

Urrian hasi zenuten bira, eta pixkanaka ari zarete agenda betetzen!

Uste baino kontzertu gehiago atera zaizkigu. Ikusleen erantzunaren beldur nintzen talde ezezaguna garelako eta musika nahiko alternatiboa jotzen dugulako.  Baina argi dut jendearen kontzientziak mugiaraztea dela gure helburua.