ANE IRAZABAL: “Kazetaria protagonista bihurtzeko etengabeko joera hori ez zait batere onuragarria iruditzen”

ANE IRAZABAL: “Kazetaria protagonista bihurtzeko etengabeko joera hori ez zait batere onuragarria iruditzen” Ane Irazabal (Arrasate, 1984) Egipto, Gaza, Grezia, Mazedonia edota Italiatik zuzenean Euskal Herriko pantailetan sartu zaigu sarritan, mikrofonoa eskutan gure kontzientziak astindu nahian. Txikitan arkeologoa izan nahi bazuen ere, Ikusentzunezko Komunikazioan eta Historian graduatu zen. Azken honek errefuxiatuen egoeraren aurrekariak ikuspegi kritikotik ulertzeko balio izan dio. Bere testigantzaren sinesgarritasuna eta zintzotasuna Aneren identitate zeinu bilakatu dira dagoeneko. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ane-irazabal-201ckazetaria-protagonista-bihurtzeko-etengabeko-joera-hori-ez-zait-batere-onuragarria-iruditzen201d/@@download/image/ane_irazabal.jpg
2017/03/13
elkarrizketa

Testua: Zuriñe Maguregi @zmaguregi / Argazkiak: Galder Izagirre

Ane Irazabal (Arrasate, 1984) Egipto, Gaza, Grezia, Mazedonia edota Italiatik zuzenean Euskal Herriko pantailetan sartu zaigu sarritan, mikrofonoa eskutan gure kontzientziak astindu nahian. Txikitan arkeologoa izan nahi bazuen ere, Ikusentzunezko Komunikazioan eta Historian graduatu zen. Azken honek errefuxiatuen egoeraren aurrekariak ikuspegi kritikotik ulertzeko balio izan dio. Bere testigantzaren sinesgarritasuna eta zintzotasuna Aneren identitate zeinu bilakatu dira dagoeneko.
ANE IRAZABAL: “Kazetaria protagonista bihurtzeko etengabeko joera hori ez zait batere onuragarria iruditzen”

Freelance zara ehuneko ehunean; gaur egun nazioarteko korrespontsala izateko formula bakarra al da hori?
Korrespontsal tradizionalaren figurak desargetzeko joera du eta zaila izaten da hedabide batek korrespontsala izateko kontratu jarraia eskaintzea. Egia da diru asko zegoen garaietan korrespontsalak oso ondo bizi zirela eta oraindik geratzen diren dinosaurio edo korrespontsal handien eta gure arteko bizi kalitatea zeharo ezberdina dela. Halere, ni izugarri zortedun sentitzen naiz denboraren poderioz, EiTBrekin elkarlan jarrai bat izatea lortu dudalako eta oso babestua sentitzen naizelako.


Garai baten gehiegikeria egungo belaunaldia ordaintzen ari zaretela esango zenuke?
Bai, askotan pentsatzen dut gauzak ondo zihoazenean diru pila bat gastatu zutela bidali berezietan eta gure belaunaldia gehiegikeria horren ondorioak jasaten ari dela. Gaur egun, krisiaren aitzakiaz, kalitate kaxkarreko kazetaritza egitea beharrezkoa dela justifikatzen da, baliabide nahikorik ez daudelako eta presio hori freelancetan islatzen da bereziki. Gure lana ahalik eta hoberen egiten saiatzen gara, baina ematen dizkiguten baliabideak oso murritzak izaten dira.


Pentsa daiteke komunikabide bati ez zaiola errentagarria izango korrespontsal bat atzerrian modu jarraian mantentzea. Zertan bilakatuko da nazioarteko berriemailearen figura?
Gure egoera gero eta okerragoa dela esango nuke. Ez dakit nora joko dugun. Hedabide anglosaxoiek eta Frantziak esaterako, korrespontsalaren figuran konfiantza izaten jarraitzen dute. Nik uste, nahiz eta minutu bateko konexioan izan, bertan bizi den pertsona baten ahotsak balio handia ematen diola albistegiari, pertsona horrek sinesgarritasuna ematen diolako albistegiak eskaintzen duen informazioari.


Ze ahots dira zuretzat sinesgarriak momentu honetan?
Eugenio García Gascón Jerusalemen edo Bernardo de Miguel Bruselan. Tipo hauek esaten dutenaz fido naiz izugarrizko sinesgarritasuna dutelako eta iruditzen zait hedabideek horretan inbertitu egin behar dutela. Azken batean berriemaileok parakaidista hutsak gara, egun batetik bestera gatazka dagoen leku batera eramaten gaituztelako eta beti ez dugu leku horren aurrezagutzarik izaten. Argi dago bertan bizi den berriemaile baten testigantzak parakaidista batenak baino balioa handiagoa izango duela, bertako testuingurua, pertsonak, eguneroko errealitatea eta historia ezagutzen dituelako.


Bi eredu aipatu dituzu eta biak gizonezkoak; nazioarteko berriemailearen figurak maskulinoa izaten jarraitzen al du?
Orokorrean emakume kazetarien inguruan hipokresia handia dago eta ikuspegi bikoitz batez baloratzen dira: zelan janzten garen, zelan makillatzen garen, ederrak gauden ala ez, hor badago etengabeko presioa. Ekialde Hurbilean lanean gabiltzan emakume freelancen kasuan gainera, oso nabaria da, gure profesioa gizonezkoena izan delako beti. Egia da badagoela emakume belaunaldi gazte bat animatu dena eta lanean dabilena. Baina adin jakin batera arte, 40tik aurrera oso emakume gutxi daude lanbide honetan eta oso profil zehatzekoak izaten dira gainera: ez dute seme-alabarik, bikotekiderik gabeko emakumeak dira... 35-40 urteko adin tarte horretan ematen da aldaketa.


Oso gutxi dira alde batetik bestera gerren berri ematen ibiltzen diren emakumeak. Nire inguruan entzun izan dut: “A ze ama txarra, haraino joatea ere umeak etxean utzita...” Gizona bidaltzen badute, “A ze ausart!” esaten dute; emakumeoi kontuz ibiltzeko esaten digute, gizon baten kasuan berriz, ez zaie burutik pasatzen halakorik esatea. Emakume batzuek euren kabuz lehentasunak aldatzen dituzte, ez presioa jasan dutelako, eta hori prozesu naturala da; baina beste askoren kasuan erabakitzera derrigortzen ditu egoerak. Berdintasunaren kontua eta gero eta emakume gehiago daudela esatea faltsua da. Emakume gehiago badira, baina ze adinera arte eta ze profilekoak diren aztertu beharko genuke.

[...]

Elkarrizketa osorik irakurri nahi baduzu, ESKURATU GAZTEZULO DENDAN edo online irakurri harpidetza digitalarekin!

Aneren kuttunak

Herri bat: Arrasate
Korrepontsal bat: Eugenio García Gascón
Liburu bat: Stoner (John Edward Williams, 1965)
Film bat: Much Ado About Nothing (Kenneth Branagh, 1993)
Amets bat: Hegan egitea
Abesti bat: Senza Un Perché (Nada, 2004)