Ane Zubeldia hondarribiarrak irabazi du XXVII. Igartza Saria

Ane Zubeldia hondarribiarrak irabazi du XXVII. Igartza Saria Ipuin-bilduma da aurkeztutako proiektua eta, ondo bidean, 2026an argitaratuko du Elkarrek. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ane-zubeldia-hondarribiarrak-irabazi-du-xvii-igartza-saria/@@download/image/ane-zubeldia-720x405.jpg
2024/09/12

Argazkia: Elkar

Ipuin-bilduma da aurkeztutako proiektua eta, ondo bidean, 2026an argitaratuko du Elkarrek.
Ane Zubeldia hondarribiarrak irabazi du XXVII. Igartza Saria

Ane Zubeldia hondarribiarra izendatu dute XXVII. Igartza Sariaren irabazle. Deialdi honetan hamasei proiektu aurkeztu dira eta Zubeldiaren Datorren udan ez gara hemen biziko izeneko narrazio proiektua aukeratu dute Olatz Mitxelena, Irati Jimenez eta Garazi Kamio epaimahaikideek.

Datorren udan ez gara hemen biziko ipuin-bilduma bat izango da, gai eta estilo askotako narrazioak izango dituena, baina, batzen dituen hari edo hausnarketa bat badela jakinarazi dute. Egileak galdera bat du aipagai: zer kontatzen diogu geure buruari mundua esplikatzeko, bizitzaren misterioak argitzeko, gure egoera, patua edo jarrera ulertzen saiatzeko? "Hainbat giro eta garai, adin eta generotako pertsonaiak izango dira bilduman, eta bakoitzak unibertso propio bat eraikiko du arnasa luzeko istorio hauetan", azaldu dute.

Ane Zubeldia Magriñá (beste batzuetan Ane Garcia Lopez) Hondarribian jaioa da, 1994an. Musikan, komunikabideetan eta itzulpegintzan aritzen da, eta Mejillon Tigre kolektiboan Hitz esana ikuskizunarekin dabil. Bere bi amonen abizenak hartu ditu literatura-izentzat. 

Zubeldiak 10.000 euroko laguntza jasoko du lana garatzeko, eta 2026ko hasiera aldera argitaratuko du ipuin bilduma Elkar argitaletxeak.