Animalien aurkako krudelkeria delitua izateko bidean da Estatu Batuetan
Senatuan legea onartuko balitz, animalien aurkako krudelkeriagatik zazpi urteko kartzela zigorra ezarri liteke Estatu Batuetan.
Animalien aurkako krudelkeria eta tortura prebenitzeko legea (PACT, bere ingeleseko siglengatik) errealitate bihurtzear dago: pasa den asteartean guztien adostasunez onartu zen legea Ordezkarien Kameran. Proiektua orain Senatuak onartuko balu delitu federal bihurtuko litzateke animalienganako krudelkeria.
Ted Deutch eta Vern Buchanan Florida estatuko biltzarkideek bultzatu dute ekimena. Euren hitzetan animali errugabeen aurkako tortura onartezina da eta legez zigortu beharrekoa. 2010eko legearen hedapena litzateke honako hau. Lege hark animalien borrokak debekatu zituen. Orduan legearen barnean sartu ez ziren ekintzak barne hartzen ditu PACT lege berriak.
Horrela, PACT legea onartzen bada mezu garbia helaraziko du: animalien aurkako ankerkeria ez da onartuko, eta noski, legeak jazarri ahal izango ditu horrelako ekintzak burutzen dituztenak.
Legearen arabera, pertsona bat auzipetua izan liteke animali bat erretzeagatik, itotzeagatik, zapaltzeagatik, asfixiatzeagatik edo sexualki esplotatzeagatik. Haatik, ehiza praktikekin salbuespena egiten du legeak.
Arau berri hauen pean kondenatzen den pertsonak multa ordaindu beharko du eta egindako arau haustearen arabera zazpi urterainoko kartzela zigorra bete dezake. Senatuaren onarpena soilik gelditzen da hori errealitate bihurtzeko eta bizitza duinari, edozein delarik ere espeziea, lehentasuna emateko.