Anime Topaketa egingo dute Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean

Anime Topaketa egingo dute Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean 'Dragoi Bola'-ren euskarazko bikoizleak omenduko dituzte Antzoki Zaharrean urriaren 20an egingo den ekitaldian eta telesailaren lehen atala emango dute bertan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/anime-topaketa-egingo-dute-donostiako-fantasiazko-eta-beldurrezko-zinemaren-astean/@@download/image/animedon2.jpg
2024/09/19
'Dragoi Bola'-ren euskarazko bikoizleak omenduko dituzte Antzoki Zaharrean urriaren 20an egingo den ekitaldian eta telesailaren lehen atala emango dute bertan.
Anime Topaketa egingo dute Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean

Donostiako 35. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea urriaren 25etik azaroaren 1era izango da eta sail berri bat inauguratuko dute: Animedon – Donostiako Anime Topaketa. Filmen proiekzioez gain, bestelako jarduera paraleloak ere antolatuko dituzte, tartean erakusketak, hitzaldiak eta tailerrak.

"Streaming plataformen goraldiarekin batera izugarri handitu da anime-aren kontsumoa mendebaldean. Ikerketa batzuen arabera, 90eko hamarkadaren hasiera eta milurteko berriaren hasiera bitartean jaiotako Z belaunaldiaren % 42k astero kontsumitzen dute animea. Zinema-aretoetan publikoa berritzea beti dela beharrezkoa jabetuta, Animedonek gazteei egiten die gonbidapena estreinaldiko azken filmekin pantaila handian goza dezaten. Animedonen programatutako film luzeak ez dira nahitaez fantasia eta beldurrezko generokoak izango, Astean gertatzen den bezala, baizik eta eskaintza tematiko zabalagoa izango dute", azaldu dute antolatzaileek.

'Dragoi Bola' gogoan
Dragoi Bola telesailak eragin handia izan du Euskal Herriko hainbat gazte belaunaldirengan eta topaketan ere izango du lekua. Akira Toriyamaren mangaren moldaketa da telesaila eta aurtengo martxoan zendu zen bera. Hala, Animedonen lehen edizioak bere irudia eta obra gogoratuko ditu.

Hasteko, Antzoki Zaharreko fatxada fikzio horretako irudiekin apainduko dute. Ekitaldi nagusia, berriz, urriaren 20an izango da, 19:00etan, Antzoki Zaharrean. Son Gokuk euskaraz hitz egin zuenekoa izenburuarekin omenaldia egingo zaie Dragoi Bola-ren euskarazko bikoizleei. Ylenia Benito kazetariak gidatuko du ekitaldia eta telesailaren lehen atala proiektatuko da. ETB1ek 1989ko urriaren 4an eman zuen lehen aldiz, beraz, 35 urte igaro dira ordutik.

Ekitaldian izango dira Xabier Amuriza bertsolaria, telesailaren lehenengo bikoizketa-zuzendaria; Seve Atencia, Goku eta Gohan-en ahotsa; Ana Guadalupe Fernandez, Bulma-ren ahotsa eta kredituen sekuentziako abeslaria; eta Joxe Felipe Auzmendi, kazetaria, ETBko aurkezle historikoa eta Freezerren ahotsa.

Bestetik, bi erakusketa ere ipiniko dituzte. Dragoi Bola-tik infinitura. Akira Toriyamari omenaldia izango da, Udal Liburutegiko jarduera aretoan (San Jeronimo) egongo dena. Bertan, egilearen obra berrinterpretatu duten hogeita sei ilustratzaileren lana erakutsiko da. Erakusketarako pieza bana sortu dute Joseba Larratxek, Alba Cardonak, Paul Urkijok eta Borja Crespok.

Azkenik, Euskadi Fantastikoaren barruan, Liburutegi Nagusiak (Alderdi Eder) Nacho Fernandez bilbotarrari eskainitako atzera begirakoa hartuko du. Dragon Fall-en egilea da bera, Toriyamaren sailaren parodia dena eta egun liburu integraletan berrargitaratzen ari dena.