Antsietatea duten pertsonek ez dute “lasaitu” beharrik, ulermena behar dute soilik
Antsietatea garuneko gaixotasunetatik gaizkien ulertzen denetakoa da gizartean nahiz eta ohikoenetakoa izan. Nahaste hau ez da soilik “urduri sentitzea”, denok sentitu gara urduri noizbait ezagutzen ez dugun zerbaiten aurrean, egoera berri baten aurrean, erronka baten aurrean... baina gainditzen ditugun egoerak dira. Antsietatea duen pertsona batentzat horrelakoak ez dira horren gai sinpleak ordea.
Izan ere, etxera oinez itzultzea edo kalera ateratzea bezalako ekintza hutsalak martirio bilakatzen dira antsietatea duten pertsonentzat, sentituz airea falta dutela, gehiegi izerdituz eta gorputza blokeatuta sentituz.
Antsietatea duten pertsonaren ondoan dagoenak uste du jasandako krisia lapsus iragankor bat dela eta behar duten guztia lasaitzea dela. Argi dago garrantzitsua dela lasaitasuna berreskuratzea baina “lasaitu” esateak ez du euren egoera hobetzen.
Antsietatea duen norbaiti lasaitzeko eskatzea, hotzeria duen norbaiti eztulik ez egiteko eskatzearen parekoa da. Antsietatea duten pertsonak estres egoera ia konstantean bizi dira. Sentsazioa zinez desatsegina eta frustragarria da. Antsietatea pairatzen duen norbait lasaitzeko gai balitz agindu batekin, berehala egingo luke.
Antsietatea duen inork ez du krisi horretatik pasa nahi, baina ez da erraza kontrolatzea. Gainera, pertsona askok aitortu dute lasaitzeko esaten zaienean oraindik eta antsietate gehiago sentitzen dutela, frustratuak edo errudun sentitzen baitira ezin direlako lasaitu.
Horregatik, antsietatea duten pertsonek ez dute “lasaitu” beharrik, ulermena behar dute. Espazio behar dute, behar dute jakitea badagoela ondoan norbait behar dutenerako, maitatuak direla eta ez direla karga bat.
Babesa beraz, garrantzitsua da, baina “hitz politak” ez dira aukera onena gure intentzioa ona izanagatik ere. Pertsona hauek behar dutena da jakitea ondoan zaudela eta ulertzen duzula pasatzen zaiena, hala ez bada ere. Ulermen espazio bat eskaintzea finean zinez garrantzitsua izan daiteke lasaitu daitezen.
Norbait hor dagoela jakitea sekulako kontsolamendua da antsietatea pairatzen dutenentzat. Nahiz eta askotan laguntza ez duten eskatzen ez dutelako molestatu nahi bestea euren arazoekin, hor gaudela gogoraraztea hasiera bikaina izan daiteke beraiek komunikatzen has daitezen eta horrela bide batez, sendatzen. Modu asko daude laguntza eskaintzeko mito eta estigmetan erori gabe apur bat informatuz.