Antzerkiaz eta zinemaz gozatzeko aukera izango da gaur Iruñean
'Ipurbeltz' antzezlana erakutsiko dute arratsaldean eta gauean, berriz, 'Gazte Harrigarria, T.S. Spivet' filma.
Iruindarrek arratsalde eta gauerako plan aproposa dute hirian bertan; batetik, antzerkia, eta, bestetik, berriz, zinema aire librean. Hasteko, Ameztu Antzerkia konpainiak Ipurbeltz antzezlana eskainiko du gaur Iruñeko Ezpeletako jauregiko patioan, 19:30etik aurrera.
Zuhaitzek eta Arbik ez dituzte ulertzen gauzei buruz dituzten ikuspuntu desberdinak eta batak bestearen lepotik egiten dute barre. Zuhaitzentzat, bizitza berdea da; Arbirentzat, berriz, morea. Bakoitzak bere modura ikusten ditu gauzak eta ez dute elkar ulertzen, baina hasiera batean arazo dirudien hori azkenean altxor bilakatuko da. Jolasaren eta umorearen bidez, desberdintasunak eta mundu ikuskera ezberdinak onartzearen garrantziaz hausnarrarazten du obrak.
Bestetik, Gazte Harrigarria, T.S. Spivet filma proiektatuko dute, 22:00etatik aurrera, Mandillorriko Lakua parkean. Hamar urteko haurra da filmeko protagonista. Estatu Batuetako etxalde batean bizi da familiarekin. Ama kakalardoekin itsututa dago eta arrebak Miss America izan nahi du. Mutikoa oso trebea da kartografia kontuetan eta baita asmakuntzekin ere. Egun batez, Smithsonian museoak Baird Sari entzutetsua aitortu diola jakingo du, mugimendu iraunkorreko makina asmatzeagatik. Ekitaldira gonbidatuko dute eta, inori ezer esan gabe, merkantzia-tren batean sartuko da Washingtonera iristeko asmoz.
Euskaraz emango dute filma eta ordu eta berrogeita bost minutuko iraupena du.