Antzerkizalea al zara? Bada, hementxe duzu datozen hilabetetarako plana!

Antzerkizalea al zara? Bada, hementxe duzu datozen hilabetetarako plana! Beasainen eta Ordizian zortzi antzezlan ikusteko aukera izango da gaurtik apirilera bitarte. 'Zorretan' antzezlana izango da gaur Ordizian. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/antzerkizalea-al-zara-bada-hementxe-duzu-datozen-hilabetetarako-plana/@@download/image/ZORRETAN-1.jpg
2025/01/10

Testua: Maitane Legarreta
@mailegetx

Beasainen eta Ordizian zortzi antzezlan ikusteko aukera izango da gaurtik apirilera bitarte. 'Zorretan' antzezlana izango da gaur Ordizian.
Antzerkizalea al zara? Bada, hementxe duzu datozen hilabetetarako plana!

Gaurtik aurrera martxan da Beasain eta Ordiziako Antzerki Garaia eta apirilaren 25era bitarte zortzi emanaldi antolatu dituzte, launa herri bakoitzean. Horietatik sei euskaraz izango dira eta gainerako biak gaztelaniaz. 

Gaur, Ordiziako Herri Antzokian, Hika Teatroaren Zorretan antzezlana izango da, 20:30etik aurrera. Lore eta Jon bikotea dira protagonistak, aspalditik elkarrekin daudenak. Lore aztoratuta iritsiko da etxera, amari ulertu diolako Jonek beraiekin bizitzera joateko gonbita luzatu diola. Hala, Lorek kontuak eskatuko dizkio bikotekideari. Etxea eta bizitza aldrebestu zaie. Agurtzane Intxaurragak sortu eta zuzendu du obra eta Miren Gaztañaga, Iñake Irastortza eta Jabi Barandiaran dira antzezleak. 

Hilabete honetan Beasainen izango da beste hitzordua, 31n, Oscarra Oscarrentzat obrarekin. Jon Plazala, Ane Gabarain, Oihana Maritorena eta Mikel Laskurain dira aktoreak eta istorioa Los Angeleseko motel batean kokatzen da, Oscar Sarien ekitaldiaren gauean. 

Otsailean, Aitziber Garmendia bitan izango da bere lanak erakusten. Jon Plazaola izango du ondoan Arizona antzezlanean, Ordizian, eta Beasainen, berriz, Telmo Irureta eta Karmele Aranbururekin arituko da, Badakizu plastikozko loreak ez direla inoiz bizi izan? aurkezten.

Martxoan, Ramon Agirre eta Naiara Arnedok antzeztuko dute Heisenberg antzezlanean, eta Patxo Telleria eta Mikel Martinezek Kortxoaren dilema taularatuko dute. 

Azkenik, apirilean gaztelaniazko bi antzezlanak izango dira: bata, La Dramatica Herranteren Ni flores, ni funeral, ni cenizas, ni tantán…, Ane Pikaza, Loli Astoreka eta Egoitz Sanchez tartean direla; eta bestea, Lucha y metamorfosis de una mujer, Eneko Sagardoy aktorearekin.

Emanaldietarako sarrerak 12 euroan izango dira salgai bi herrietako antzokietan eta baita online ere.