Argiartean jaialdia izango da asteburuan Donostian

Light-art instalazioak, proiekzio monumentalak eta zuzeneko emanaldiak izango dira Loiolako Erriberan kokatutako Oroimenaren Lorategian eta Iesuren elizan

Argi-artearen esparruko sorkuntzarako plataforma da Argiartean eta hainbat diziplina eta profiletako artistek lan esperimentalak abian jartzea eta erakustea du helburu. Ostiral eta larunbat gauean egingo da jaialdia eta light-art instalazioak, proiekzio monumentalak eta zuzeneko emanaldiak izango dira Memoriaren Lorategiaren inguruan eta Iesuren Elizaren barnean. Ia lan guztiak propio sortutako lanak dira, edo argitaratu gabeko kolaborazioen emaitza.

Ostiral eta larunbat arratsaldeko zortzietatik gauerdira arte Loiolako Erriberako Memoriaren Lorategia eta Rafael Moneo arkitektoak diseinatutako Iesuren Elizaren barrualdea libreki bisitatu ahal izango dira. Hainbat instalazio izango dira parkean eta elizaren barrualdean, proiekzioak izango dira tenpluaren fatxadan, eta zuzeneko musika eta formatuko handiko proiekzioak uztartzen dituzten emanaldiak egingo dira. Horrez gain, Gross garagardoa eta bi foodtruck-en produktuak dastatzeko gune gastronomiko ere izango da.

Instalazio eta emanaldien komisariotza Edorta Subijana sortzaile eta arkitekto donostiarrak egin du, Xabier Lozano argiztatzailearekin elkarlanean.

Zortzi zuzeneko emanaldi izango dira. Ostiralean, 20:00etatik aurrera, Alvaro Turrion eta Jaime de los Rios; Magia Bruta; Javu P3Z eta Ibon Errazkinen Instrümental: Distopía Mutante: Laponite XLG eta Sabiwa+Nathan L. Larunbatean, ordu berean hasita, honako hauek izango dira protagonista: Lumi eta Nagore Legarreta; Tmatbn eta Desilence; Zabala eta, azkenik, Pablo Casares.

Instalazioei dagokienez, Iesu Elizan honako hauek jarriko dituzte: Gehada: Reflections; Juan Aizpitarte: Fiat Lux; Kroma; Las Synergys: Sala de Salas. Oroimenaren lorategian, aldiz, ondoko hauek izango dira ikusgai: Fernando Bernuesen Begiekin Pizteko Hitzak; Julio Garciaren Upcycle; David Alcortaren Waves; Jaimes de los Riosen Frame By Frame; Carlos Solanoren Objeto Espectacular eta Diego Sologurenen Lampyridae.