Arnasguneak ahalduntzeko ekimena abian da
Atzo aurkeztu zen proiektua Azpeitiko San Agustin Kulturgunean. Arnasa Gara ekimenaren helburua euskararen arnasguneetako biztanleen ahalduntzea da. Horrekin batera baita aitortza eta kontzientziazioa indartzea, herria hauek baitira euskara indarberritzen laguntzeko hauspoa.
Ahalduntzea burutzeko ekimenak bi fase izango ditu. Lehenengoan arnasguneen ahalduntzea bilatuko da eta baita hauei aitortza egitea ere. Horretarako kanpaina bat jarriko da martxan ekimena azaltzeko eta honen osagai nagusietakoa izango den Kartzela serie digitala herriz herri aurkezteko. Bigarren fasean aldiz, ekimena Euskal Herri osora zabalduko da arnasguneen errealitatea eta hauen garrantzia ezagutzera emateko. Bigarren fase honetan Nafarroako Gobernuak eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak ere parte hartzen duten.
Ekimen hau sortzeko abiapuntu bezala erabaki zen aurretik egungo egoeraren ikerketa bat burutzea. Ikerketa kualitatibo bat egin zen herriz herri: Goizueta, Lekeitio, Zumaia, Azpeitia, Elizondo, Mallabia, Dima eta Anoeta. Herri honetako biztanleekin elkartu ziren Iametza komunikazio-enpresakoak eta UEMAkoak.
Zortzi herri horietako esperientziak erabili ziren ikerketa kuantitatiboa gauzatzeko. Ondorioen artean ikuspegi positiboak zein kezkak agertu ziren. Nabarmendu zen partaide gehienek baieztatzen zutela euren herrietan euskaraz bizi daitekeela naturaltasun osoz. Uste denaren aurka gainera, gazteak izan ohi dira euskarari gehiagotan eusten diotenak herritik ateratzean. Hala ere, herritarrek nolabaiteko gainbehera sumatu zuten erabilerari dagokionez. Askok aitortu zuten joera horren erruetako bat norberaren konplexuak izan zitezkeela eta lantokietan gaztelerak presentzia altua edukitzea.
Kezka hauengatik ikusi zen egokia Arnasa Gara proiektua martxan jartzea, ditugun konplexuak baztertu eta arnasguneetako herritarrak ahalduntzeko. Birikak osasun betean ez badaude ezin baita arnasarik behar bezala hartu.