Arrautzak ekoiztu, oilorik hil gabe

Arrautzak ekoiztu, oilorik hil gabe Oiloei erretiroa emateko santutegia ireki dute Frantzian; horrekin batera, jaio aurretik sexua bereizten hasi dira, txito arrak ez hiltzeko. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/arrautzak-ekoiztu-oilorik-hil-gabe/@@download/image/agrotendencia-gallina-ponedora-1.jpg
2019/12/18
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Oiloei erretiroa emateko santutegia ireki dute Frantzian; horrekin batera, jaio aurretik sexua bereizten hasi dira, txito arrak ez hiltzeko.
Arrautzak ekoiztu, oilorik hil gabe

Arrautzen negozioa uste duguna baino dezente krudelagoa da, eta ezetz dioenak beste alde batera begiratzen duelako da. Badakizue zenbat denboraz jartzen dituzte oiloek arrautza? 18 hilabetez. Ez gehiago. Handik aurrera, beren emankortasuna gutxitu egiten da, eta hiltegira bidaltzen dituzte. Baina oilo osasuntsu bat 10 urte inguru bizi daiteke, eta ez soilik 18 hilabete. 

Hau da emeen bizimodua; arrautzak jarri eta jarri, 18 hilabeterekin hiltegian amaitzeko. Baina txito arren etorkizuna oraindik ere ilunagoa da; jaio bezain pronto hiltzen dituzte arrak. Jaio eta hil, egun berean. Eta adi, hau arrautza konpainia guztiek egiten baitute, baita "bio" etiketa dutenek ere.

Frantzian praktika hauekin amaitu nahi dute; herrialdean, 100 milioi oilo amaitzen dute hiltegian urtero. Praktika honekin amaitzeko, Poulehouse proiektuaren sortzaileek baserriak ireki dituzte dagoeneko arrautza jartzeari utzi dioten oiloek erretiro duina izan dezaten. Horrekin batera, Seleggt konpainia alemaniarrak sortutako teknika jarriko dute martxan; sexage in ovo izeneko tenika honi esker, jaiotzear dauden txitoen sexua jakin daiteke, eta hala, soilik emeak diren arrautzak inkubatu, arren alferrikako heriotzak ekidinez.

Hain zuzen, Alemanian 45 milioi txito ar hiltzen dituzte urtean; gehienetan txikitu egiten dituzte jaio bezain pronto. Praktika hau debekatu egingo dute Frantzian 2021. urtetik aurrera.

Poulehouse proiektua gehiago ezagutu nahi baduzu, egin klik.