Arteguna Hazparnen
Eihartzea Kultur Etxeak urtero antolatzen duen karrikako arteen hitzordua abuztuaren 27an izango da aurten
Goizeko 12:30ean hasi eta gaueko 22:00ak bitarte, Hazparne herriko bazterrak karrika-ikuskizunez beteko dira. Herriko Kultur Etxeak uda oro prestatzen duen Arteguna-ren helburua Ipar Euskal Herriko dantza, antzerki nahiz zirku konpainia ezberdinen jarduna ezagutzera ematea baita.
Aurtengo ekitaldia 12:30ean hasiko da Elizako plazan. Bertatik abiatuko da Kilika konpaniaren txontxongilo erraldoien ibilaldia. Les Petits Papiers, Entre les Gouttes, Traversées, Mecanica edota Elirale konpainietako kideak ere ariko dira egun osoan zehar herriko txokoetan barreiatuta.
Bestalde, ‘Iparraldeko 17 konpainia, federazio bat’ erakusketa berezia izango da ikusgai. Taula federazioa osatzen duten 17 konpainien mundu artistikoetara hurbiltzeko gonbidapena da: “17 obra, konpainia bakoitzaren ezagutza egiteko, eta ulertzeko nola elkarri lotuak diren”.
Sartzeak bost eurotan jarriko dituzte salgai; hiru eurotan kide, langabetu, elbarritu nahiz adin txikikoentzat; eta doan hamar urtetik beherako umeentzat.